Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak eta Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak agerraldia egin dute asteazken honetan Donostian, etxebizitzaren problematika mahai gainean jartzeko. Gipuzkoako hiriburuan egin dute prentsaurrekoa, etxebizitzarekin dagoen egoera larria baita, baina Euskal Herri osoan duela isla esan dute. Argi adierazi dute gazteek: «Legez eskubide subjektibo bat izan beharko litzatekeena pribilejioa da guretzat». Horregatik, neurri zehatzak eskatu dizkiete politikariei, eta EH Bildutik proposamenak egiteko konpromisoa berretsi dute.
Emantzipatzeko ezintasunaren aurrean, erabaki politikoak eta «erabakiak hartzen dituzten politikariak» daudela adierazi dute: «Gazteoi eskubide bat ukatu eta poltsikoak betetzen dituzten putreak».
Datu zehatzak eman dituzte: gazte batek Euskal Herrian bere soldataren %80a bideratu behar du emantzipaziora, eta 20-34 urte bitarteko 10 gaztetatik 4 baino ez dira bizi bere kasa. Europako beste herrialdeetako datuekin konparatu dute hemengo egoera; izan ere, Suedian batez beste 17,8 urterekin joaten dira etxetik gazteak, Danimarkan 21,1ekin eta Finlandian 21,8rekin.
Egoera iraultzeko tresna eta alternatiba badagoela adierazi dute, «proposamenak eta borroka». Eta horretan sakontzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. Duela hilabete aurkeztutako ‘Ongizate Hitzarmena’ izeneko proposamenak etxebizitzari begirako neurriak jasotzen dituela gogorarazi dute. Besteak beste alokairuzko jabetza publikoko etxebiziten parkea handitzea, alokairuaren prezioa mugatzea, hipoteken prezioen igoerari muga bat ezartzea eta etxegabetzeak debekatzea.
Iñigo Urkullu, Maria Chivite eta haien kontsailariek «isilik eta geldirik» nahi dituztela uste duten arren, borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute. Horretarako, gazteei dei egin diete azaroaren 12an EH Bilduk Bilbon deituriko mobilizazioan parte hartzera: «Gazteok borroka ziklo bat abiatu behar dugu etxebizitza eskubidearen defentsan, eta EH Bildun horri plaza jartzeko konbentzimendu osoa dugu. Gazteok Bilboko kaleak bete behar ditugu gure bizitzen jabe izan nahi dugula aldarrikatzeko».