Manex Altuna

Yuri: «Aspaldian ez dut zelaian gozatu, partidak behar ditut erritmoa eta konfiantza hartzeko»

Azken denboraldietan bere mailarik onena eman ezinik egon da zarauztarra lesioengatik eta asko sufritu duela onartu du Lezaman egindako agerraldian. Bestalde, Muniainek ez du taldekideekin batera entrenatu eta zaila dirudi Gironan jokatu ahal izatea.

Yuri hamaikakoan sartu da azken bi partidetan.
Yuri hamaikakoan sartu da azken bi partidetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Yuri Berchiche kontziente da ez dagoela bere sasoirik onenean. Lezaman egin duen agerraldian Munduko Kopara joatearen inguruan galdegin diote kazetariek eta argi utzi du ez duela bere burua han ikusten. Gaineratu duenez, «orain dela askotik» zelaian «gozatu» ezinik ari da eta bere helburua partidak jokatuz «erritmoa» eta «konfiantza» berreskuratzea da.

Denboraldi hasieran orpoan izandako minek hilabete eta erdiz jokatu gabe izan dute. Pandemia garaitik burua altxa ezinik izan da eta, esan duen bezala, garai batean kosta egin zaio Lezamara entrenatzera joatea. Azken aldian asko sufritu baitu arlo sikologikoan lesioen eraginez.

2020ko martxoan Granadan egin zuen gol batekin Kopako finalerako sailkapena erdietsi zuen Athleticek. Sekulako maila eman zuen sasoi hortan, Liga eta Kopa artean sei gol eginez. Arazo fisikoak bata bestearen atzetik pilatu zaizkio hortik aurrera. Koronabirusa harrapatu ostean, ito egiten zen eta zenbait partidetan zelaitik atera behar izan zuen. Pubis aldean ere minak izan zituen eta ebakuntza egin behar izan zioten 2021eko udan. Orpoan minak agertu zitzaizkion eta bederatzi hilabetez luzatu zen itzulera. 20 partidatan bakarrik parte hartu ahal izan zuen iazko denboraldian eta gol bat egin zuen. 2024rarte luzatu zuen kontratua.

Valverderen garaia pozarren hasi zuen. Hamaikakoan sartu zen lehen bi jardunaldietan, baina ezustean mina hasi zitzaion beste orpoan. Jasangaitza egiten da mina eta herrenka ibili da. 33 urte egingo ditu otsailean eta adinean gora egin ahala gero eta gehiago kostatzen dela sasoi hartzea esan du. Getafen aulkitik atera zen eta azken bi partidetan hasieratik aritu da. Bartzelonan talde osoa gaizki aritu zen eta ezker hegaletik etorri ziren golak. Vila-realen kontra arazoak izan zituen lehen ordu erdian eta baloi arriskutsu bat galdu zuen, gero berak konpondu zuena. Zarauztarrak aitortu du oraindik ez dagoela bere mailarik onenean, aspaldian ez duela «disfrutatu» futbolean jokatzen eta minutuak behar dituela.

Lekuek bere bikoitza jokatu du

Lekuek De Marcos ordezkatu zuen Vila-realen kontrako partidan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Lekuek De Marcos ordezkatu zuen Vila-realen kontrako partidan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Defentsaren ezker hegalean gehien jokatu duen jokalaria Iñigo Lekue izan da denboraldi hasiera honetan. Iaz Marcelinorekin eskuin aldean gertatu zen moduan, deustuarrak bikain erantzun du aukera izan duen gehienetan. Lekuek 10 partida eta 800 minututik gora jokatu ditu. Yurik aldiz, 5 norgehiagokatan parte hartu du eta 395 minututan izan da zelaian. Zarauztarraren bikoitza jokatu du.

30 urte izango ditu maiatzean eta ekainean amaitzen zaio kontratua. Ematen ari den maila ikusita taldean jarraitzea izango zen logikoena. Gainera, Balenziagak ez du ezer jokatu eta Capa ere partida batean bakarrik atera da. Lekuek berak onartu du prest dagoela eta bere aldetik ez dela arazorik egongo. Jokalaria izan aurretik, Athleticen zalea dela argi utzi zuen Lezaman egindako azken agerraldian.

Lekuek eskuin hegaletik ere joka dezake eta Vila-realen kontrakoan De Marcos ordezkatu zuen lehen zatiaren erdialdean. Arabarrak aldaketa eskatu behar izan zuen urdaileko mina zeukalako, baina badirudi ostiralean Gironan jokatzeko moduan izango dela. Unai Simonekin eta Iñaki Williamsekin batera partida guztietan hamaikakoan sartu den jokalarietako bat da De Marcos. Hala ere, Lekuek bere aukera izan dezake. Ondo moldatu zen Vila-realen erasoak gelditzerakoan eta gora igotzen ere animatu zen.

Muniainen zain eta Dani Garcia gabe

Muniain Lezaman egindako entrenamendu batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Muniain Lezaman egindako entrenamendu batean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Talde zuri-gorriak jai eguna izan zuen asteartean eta asteazken goiz hontan itzuli dira entrenamenduetara. Ostegunean arratsaldez egingo dute Gironaren kontrako partida prestatzeko azken lan saioa. 18.00etatik aurrera ateak itxita Lezaman. Valverdek agerraldia eskainiko du aurretik.

Yurik partida zaila espero du Gironan. Bere ustez, joko erakargarria egiten duen taldea da eta sailkapenean puntu gehiago izatea merezi du. Europako postuetan egonkortzeko garaipena eskuratzea garrantzitsua izango dela sinetsita dago zarauztarra. Vila-realen aurka bigarren zatian erakutsitako jokoa egin beharko dutela irabazi ahal izateko komentatu du.

Dani Garcia ez da jokatzeko moduan egongo. Zaila dirudi Iker Muniain prest egotea. Kapitaina deialditik kanpo geratu zen Vila-realen kontra. Sabeleko giharretan min hartu zuen eta larunbatetik ez du taldekideekin batera entrenatu. Raul Garcia aritu zen bere ordez azken jardunaldian eta partida bikaina egin zuen. Goian presio egiterakoan erabakigarria izan zen nafarra eta golaren pasea berak eman zion Iñaki Williamsi. Estatitiskek erakutsi dutenez, Athletic da Europa mailan aurkarien zelaian baloi gehien lapurtzen dituen taldea. Zuri-gorrien ezaugarri nagusienetako bat da goian presioa egitea.

Munduko Kopako geldialdiaren aurretik beste bi partida jokatzeko geratzen zaizkio Athletici. Datorren asteko asteartean, azaroak 8, Valladoliden aurka neurtuko dituzte indarrak San Mamesen. Athleticek 17 urtez azpiko Munduko txapeldunak izan diren Jone Amezaga, Sara Ortega, Marina Artero eta Eunate Astralaga harrobiko jokalariak omenduko ditu partidaren hastapenean. Hurrengo igandean, azaroak 13, Alziran jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa. 100 urte ospatzen ditu Bigarren Federazioa mailan jokatzen duen talde valentziarrak.