NAIZ
Bilbo

Zuzendu duen lehen dokumentala Zinebin estreinatuko du azaroaren 14an Izarok

Izaro Andres konpositoreak eta Ander Merinok zuzenduriko ‘Izaro: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura’ dokumentalaren estreinaldia hartuko du Zinebi jaialdiak azaroaren 14an. Musikak berebiziko garrantzia izango du azaroaren 11tik 18ra Bilbon egingo den jaialdiaren edizio berrian.

Dokumentalaren kartela.
Dokumentalaren kartela. (ZINEBI)

Azaroaren 11an hasiko den Zinebi jaialdiak Izaro Andrés konpositoreak eta Ander Merinok zuzenduriko ‘Izaro: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura’ dokumentalaren estreinaldia hartuko du. Saioa BBK aretoan izango da, azaroaren 14an, astelehena, 18.00etan, eta bertan izango da Mallabiko abeslaria, filmeko protagonista ere badena.

‘Limoiari eztia’ dokumentala Anoetako Belodromoan emandako kontzertu erraldoiaren haritik tiraka sortu da, eta proiektu «intimoa, ederra eta gogorra aldi berean; terapeutikoa. Belodromoan egindako kontzertura bidean bizitako erronken eta erronka horiekiko hausnarketen bilduma bat da» lana, bere «bidaia emozional pertsonala» jasotzeko sortutakoa.

Filmak Zinebiren 64. edizioko Bertoko Begiradak sailean hartuko du parte, hilaren 11tik 18ra bitartean. Guztira, sail honetan, 116 film labur, lau metraje ertain eta 28 film luze emango dira.

Bestalde, Izaro Andresek bira bukaeraren kontzertua iragarri berri du: abenduak 30ean, 22.00etan, Hernaniko kiroldegian.

 


Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, proiekzioez gain, musikak berebiziko garrantzia izango duen bestelako proposamen eszeniko batzuk ere izango dira jaialdian, guztiak Zinebiren saio berezien barruan.

Igor Rezola Iztueta eta Juan Pablo Ordúñez/Mawatres zuzendarien ‘Ez bultza egin!’ izeneko proiektua azaroaren 12an, larunbata, 20.00etan, aurkeztuko da, Bilborock aretoan, sarrera doakoarekin, edukiera bete arte. Bertan, zinema, musika eta artea uztartzen dira, abiapuntu gisa ‘La haine’ (Mathieu Kassovitz, 1995) film frantsesa hartuz, eta Vincent Cassel, Hubert Koundé eta Saïd Taghmaoui protagonista dituena.

‘Ez bultza egin!’ proiektuak filmaren berrikuspen, berrirakurketa eta berrinterpretazio kolektiboa egitea proposatzen du, ekoizpen kultural eta artistiko garaikidean oinarrituta. Horretarako, Sevillako Los Voluble bikote esperimentala (Reina Sofía museoan edo Sónar jaialdian ikusi berri direnak) izango du partaide, baina baita beste artista eta talde batzuk ere, hala nola MCeta hip hop ekoizle Dano, Beñat Krolem, Maria Muriedas + Iñaki Billelabeitia, Adrian Romero edota Miguel Espiga + Raul Jimenez.

Azaroaren 17an, osteguna, 21.00etan Bilborock aretoak ‘Martian Civilization A/V show’ musika elektronikoan eta ikusizko doinuetan oinarritutako doako ikuskizuna hartuko du, Zabala bilbotar musikari eta ekoizlearen eskutik, «existitzen ez den film baten jatorrizko soinu-banda gisa» definitzen dena.

Bestalde, Jon Aguirrezabalagak (WAS) 2020an disko futurista bat kaleratu zuen, «edertasun izoztuko melodiez eta paisaia atmosferikoez» betea, eta aurten Zinebik zuzeneko berezi batekin agurtuko du lan hori, Mikel Aguirrezabalagak sortutako ikusizko doinuekin. Bertan, Rafa Zubiriak eta Asier Buenok egindako bideoklipen planoak eta horretarako sortutako material propioa tartekatuko ditu, eta kontzeptu osoa planeta gorriko distopia futurista baten inguruan egituratuko da. Zabalaren emanaldiaren ondoren, Lorea Argarate DJaren saioarekin jarraituko du gauak.

Zuzeneko musika ere

Zuzeneko musika jaialdiaren inaugurazio eta amaiera ekitaldietan ere izango da. Urtero bezala, Arriaga antzokian egingo dira. Lehenengoan (hilaren 11n, 19.30ean), Merina Gris euskal taldearen zuzeneko abestiak izango dira entzungai. Aurten, ‘Zerua orain’ izeneko bere lehen diskoa kaleratu dute. Beren burua ‘pop estilo bortitza’ gisa definitzen dute musikariek. Estilo hori ‘Gureak Ez Zirenak’ izeneko bertsioen EPra ere eraman dute.

Inaugurazio ekitaldian eskainitako emanaldiaren ondoren, taldeak Bartzelonara, Madrilera, Rotterdamera edo Groningara, besteak beste, eramango duen birarekin jarraituko du.

Bestalde, GHAU, Gartxot Unsainen proiektua, arduratuko da Zinebiren itxiera ekitaldiari musika jartzeaz (hilaren 18an, 19.30ean).