Ion Salgado

Prekarietatearen aurkako borroka izango da Emakume Pentsiodunen II. Asanbladaren protagonista

‘Prekarietaterik ez - Prekarietaterik ez soldatetan ezta pentsioetan’. Hauxe da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanbladaren leloa, azaroaren 18an Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxean egingo dena.

Ostegun honetan Gasteizen egindako agerraldia.
Ostegun honetan Gasteizen egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Azaroaren 18an, Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, izango da Euskal Herriko Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada, ‘Prekarietaterik ez – Prekarietaterik ez soldatetan ezta pentsioetan’ lelopean.

Hala iragarri dute Ana Mezok eta Ana Arzuak ostegun honetan Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan egindako agerraldi batean. Bertan azaldu dutenez, lau hitzaldik osatuko dute bilkura: ‘Emakume eta prekarietatea’, Arantza Corralasek (EHPM) eskainiko duena; ‘Alarguntza-pentsioaren oraina eta geroa’, Arantza Urkaregiren (EHPM) eskutik; Tania Cañas Enarak kooperatibako kideak etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekarietateari buruz hitz egingo du; eta Elixabete Etxeberriak, LABeko Idazkaritza Feministako ordezkariak, ‘Prekarietatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak’ izena duen hitzaldia egingo du.

«Prekarietatearen gaiari heldu nahi diogu, kezkagarria baita langileak pentsioduneko aurrez aurre jarri nahi izatea. Pentsiotan prekarietatea dago, baina baita soldatetan ere. Emakume pentsiodun askok miseria-pentsioak jasotzen dituzte izan dituzten enplegu prekarioen ondorioz, soldata baxuen ondorioz, zaintzaren beharrak eragindako lanpostuak partzialki eta behin betiko uztearen ondorioz…», gaineratu dute, eta, salatu dutenez, «gauza bera gertatzen da alarguntza-pentsioarekin, 63.000 alargun inguruk 1.080 eurotik behera kobratzen baitute».

Halaber, etxeko langileen egoera ere aztertuko dute. «Garrantzi sozial handiko sektorea da –34.000 emakumeek osatzen dutena–, zaintza-lanak egiten baitituzte, batez ere adinekoak. Sektore zaurgarria da, Gizarte Segurantzaren Erregimenean eskubide guztiak ez dituena, eta langile horietako asko migratzaileak dira, eta gainera Atzerritartasun Legeak paperak ukatzen dizkie».

Azkenik, «feminizatutako sektoreetan jarriko dugu begirada. Alde batetik, zaintza-, arreta eta garbiketa-lanak gure gizartean duten garrantziagatik. Bestetik, lan-baldintzen prekarietateagatik eta langile gisa jasaten duten soldata diskriminazioagatik». «Soldata-arrakala dago oraindik eta horrek, jakina, eragina izango du etorkizuneko pentsioetan», nabarmendu dute, eta pentsiodunen erosteko ahalmena %10 murriztu dela ohartarazi dute.

«Egoera horren aurrean, Emakume Pentsiodunen II. Asanbladan berretsi nahi dugu mobilizazioa izan dela eta izango dela gure bermerik onena pobreziaren mugaren azpitik dauden pentsioak egon ez daitezen, eta soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzeko», azpimarratu dute.

Elkarretaratzea eta manifestua

Hilaren 18an, batzarra amaitu ondoren, elkarretaratzea egingo dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Bertan asanbladan adostutako manifestuaren berri emango dute.