Urtzi Urrutikoetxea

Estatu gutxi batzuetan jokatuko da partida nagusia

AEBek aginte erdiko hauteskundeak dituzte asteartean, azken hamarkadetan gisa horretako bozketetan garrantzitsuena ziur aski, bizi den polarizazio eta zatiketagatik. Kongresua berritzeko eguna dute, baita estatu gehienetako gobernadoreak hautatzeko eta bestelako gai batzuei buruz botoa emateko.

Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioa eta Kongresua.
Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioa eta Kongresua. (Samuel CORUM | AFP)

Washingtongo bi ganberetatik, ordezkarien ganberan daukaten gehiengoari eustea oso zailtzat jotzen dute demokrata askok, baina badute itxaropenik Senatuan. Joan den udan zeukaten panoramaren aurrean, inflazioa goian eta gasolina inoiz baino garestiago egonik, uste baino egoera hobea da, Joe Biden presidentearen onarpen-indizea oso baxua dela aintzat hartuta, bereziki. Itxaropen hori egia bihurtzeko, egun dauzkaten senatariei eutsi beharko diete, eta errepublikanoen esku diren aulkietako bi gutxienez irabazi beharko lituzkete demokratek.

Estatu gehienetan alderdi bateko edo besteko hautagaiak argi samar irabazi ohi duenez, emaitzek berdinketa edo alde txikia adierazten duten barruti horietan egin dute apusturik handiena: hautagaiekin batera, Biden, Trump edo Obama joan izan dira, nor bere alderdiaren alde egitera, eta beste inon baino diru gehiago gastatzen dute estatu horietan.

Georgian eta Nevadan berrituko diren senatuko aulkiak demokraten esku daude gaur egun, baina, inkestek diotenez, hautagai errepublikanoek badute bozketa irabazteko aukerarik.

Pennsylvanian kontrako egoera dute: egun senataria errepublikanoa izanda ere, demokratek estatu horretako ordezkaritza lor lezakete.

Wisconsin, Arizona, Ipar Carolina, Ohio eta New Hampshiren ere emaitza estuak espero dira, baina egungo senatariek alde txiki bat daukate inkestetan. Lehia, alderdietatik harago, hautagaien soslaiek ere polarizatu dute, zenbait estatutan Trumpek babestutako errepublikano sutsuenak baitaude boto-paperetan.

Georgia

Lehiarik estu eta mediatikoenetakoa Georgiako ordezkaria hautatzeko izaten ari da. Atlanta hiritik gidatuta Hego-ekialdeko hainbat lekutan gertatzen ari diren aldaketen ikurretako bat da Georgia,  segregazioaren gune izatetik jarrera aurrerakoiak indartzen ari baitira azken urteotan.

Hamabost urte baino gehiagoan senatari errepublikanoak izan ostean, uneotan estatuko bi ordezkariak demokratak dira.

Orain, Raphael Warnock apaiz/artzain baptista eta senatari demokratak beste agintaldi bat lortzeko helburua du; parean Trumpen babesa daukan Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohia dauka.

Etengabeko eskandaluen protagonista izan da Walker: esan zituenak baino ume gehiago zituela aitortu zuen lehendabizi. Gero, neska-lagun ohi batek salatu du 2009an abortu bat izateko ordaindu ziola Walkerrek (abortu eskubidearen aurka mintzatu da beti), eta beste bat izateko presio egin ziola bi urte geroago. Inkestetan oso parekatuta egon izan dira, urrian Warnock demokrataren aldeko 2-3 puntuko alde txikia erakusten badute ere. Zalantzarik gabe, astearteko arretagune garrantzitsuenetakoa izango da Georgia.

Pennsylvania

2020ko hauteskundeetan estatu honetako emaitzek eman zioten azken bultzada Bidenen garaipenari. Pat Toomey senatari errepublikanoak berriz ez aurkeztea erabaki zuenetik, haren aulkia eskuratzeko lehian guztiz kontrajarriak diren bi hautagai daude: Trumpen babesa duen Mehmet Oz zirujau telebisiboa batetik, eta John Fetterman hautagai progresista bestetik. Primarioak baino egun batzuk lehenago buruko isuria sufritu zuen bi metrotik gora neurtzen duen Fettermanek. Errekuperazioan dihardu oraindik, eta, horren ondorioz, gupidarik gabe erasorik itsusienak jasan ditu aurkari errepublikanoaren aldetik, kargurako gaixoegi dagoela esateraino.

Nevada

Aginte erdiko hauteskundeetako arretagune garrantzitsuenetakoa izango da mendebaldeko estatua; Catherine Cortez Masto egungo senatari demokratak Adam Laxalt euskal jatorriko errepublikano Trumpzalea du aurrez aurre (Paul Laxalt gobernadore ohi eta Reaganen lagun mina zuen aitona, haren anaia Robert euskal diasporako idazlerik nabarmenenetakoa izan zen; Baigorri eta Atharratzekoak zituzten gurasoak), eta inkestetan emaitza oso estuak ageri dira: azken hamar egunotako lau galdeketek Laxalt jotzen dute garaile, bik Cortez Masto, eta berdinketa iragarri du zazpigarren inkesta batek.

Alderdi demokrata dirutza gastatzen ari da Nevadako aulkiari eusteko; Barack Obama presidente ohia ere Las Vegasen izan zen asteartean, eta gogora ekarri zuen Laxalten hamalau senidek, arbaso euskaldunak aipatuz, demokraten aldeko botoa eskatu zutela: «Etxekoek, ondoen ezagutzen zaituztenek esaten badizute Senatua ez dela zure lekua, eta Cortez Mastoren aldeko botoa eskatzen badute, horrek zerbait esan nahi du, bai zuri buruz, bai Catherine Cortez Mastoren lanaren alde ere».

Donald Trump ere Nevadan izan da kanpainan, bai Laxalten alde egiteko, baita Steve Sisolak gobernadore demokrata kanporatzeko lehian diharduen Joe Lombardo errepublikanoaren alde ere.

Bi hautagai errepublikanoek abortu eskubidearen aurka egin izan dituzten adierazpenak leuntzen ari dira azken asteotan, demokratek behin eta berriz ohartarazi baitute Nevadako emakumeen osasun eskubideetarako arriskua dakartela errepublikanoek. 

Hiru estatu horietan egon arren lehiarik estuena, badira arretaz jarraitu beharreko beste hiruzpalau lurralde ere. Hala, Uherraren Eskualde industrialean (Rust Belt), Wisconsinen eta Ohion jarri dute arreta demokratek, egun errepublikanoen esku diren senatari aulkietako bat eskuratzeko. Lehenean Ron Johnson senatariak bizpahiru puntuko alde txikia atera izan dio Mandela Barnes hautagai demokratari.

Ohion, JD Vance idazlea ezaguna da hautagaia (Netflixek film bihurtutako Hillbily Elegy liburuaren egilea), inoiz moderatu samarra izatetik Trumpen babesa lortzerainoko jarreretara iritsi da. Tim Ryan hautagai demokrata oso gertu baina Vanceren atzetik ageri da inkesta gehienetan.

Antzeko egoera ageri da Ipar Carolinan ere, 2020an Bidenek irabazi bazuen ere, litekeena da errepublikanoek estatu horretan daukaten senatari aulkiari eustea, alde txikiarekin izan arren. Inkestetan emaitzak estuak ageri dira New Hampshiren, Coloradon eta Floridan ere, baina ezusteko handia litzateke aldaketarik gertatzen estatu horietako senatari karguetan.

Gobernadoreak

Oro har arreta informatibo txikiagoa izaten duten bozketak dira, lekuan lekuko eremuari baitagokio. Abortu eskubide konstituzionala ezabatuta, ordea, estatuen esku geratzen da haurdunaldiaren etetea arautzea, eta horregatik berebiziko garrantzia hartu dute estatu bakoitzeko agintea noren esku egongo den. Edonola ere, aldaketa esanguratsu gutxi espero dira.

Demokraten artean izen ona daukaten politikariek eta inoiz balizko presidentegai gisa agertu diren Stacey Abramsek eta Beto O’Rourkek indartsu hasi zituzten Georgiako eta Texasko gobernadore izateko kanpainak, baina inkestek egungo buruzagi errepublikanoen garaipena iragartzen dute berriz ere.

Duela ez asko arte estatu erabakigarri gisa agertu ohi zen Floridak errepublikano bozkatu izan du azken hauteskundeetan, eta Ron de Santis egungo gobernadoreak ere erraz irabaztea espero da.

Arizonan, inkestek senatari demokrataren garaipena aurreikusi arren, gobernadore izateko hauteskundeetan Kari Lake eskuin muturreko hautagai errepublikanoari ematen diote abantaila. Trumpen aldeko jarraitzaile sutsua da Lake, eta behin eta berriz egin ditu adierazpen probokatzaileak covidaren txertoaz, etorkinez zein abortu eskubideaz.

Are lehia txikiago edo bereziagoek ere arreta piztu dute: Nevadan egindako ekitaldian, esaterako, Barack Obamak behin eta berriz errepikatu zuen, gobernadore eta kongresuko hautagaiez gain, Francisco Aguilarren izena. Nevadako estatu idazkaria izateko hautagaia da, baina, hautagai errepublikanoa Jim Marchant eskuin muturreko errepublikanoa izanik, berebiziko garrantzia eman diote kargu horri eusteari.

Izan ere, estatu idazkaria da hauteskundeetako emaitzak egiaztatzen dituena, eta Marchantek 2020ko «bozak ostu» egin dizkietela salatu du behin eta berriz. Michiganen, Arizonan eta beste zenbait estatutan antzera pentsatzen duten hautagai errepublikanoak daude.

Galdeketak

Hauteskunde eguna lekuan lekuko galdeketak egiteko data izan ohi da, halaber. Hala, 132 neurri zehatzi buruzko erreferendumak izango dira datorren asteartean 37 estatutan. Kansasen abuztuan egin zuten eskuineko taldeek bultzatuta abortu eskubidea Konstituziotik ateratzea eskatzen zuten galdeketa.

Feministek eta sektore aurrerakoiek bultzatuta mobilizazio handia izan zen, eta eskubidea bere horretan uztea lortu zuten, oro har kontserbadorea den eta neurri murriztaileak dituen eskualde batean uharte bihurtuz. Orain, beste zazpi estatutan egingo dute haurdunaldia eteteko eskubidea Konstituzioan bermatu ala ez erabakitzeko.

Beste zazpik bozkatzeko sistemari buruz egingo dute erreferenduma; 2020ko hauteskundeen emaitzekin haserre, estatu errepublikano batzuek botoa emateko neurriak zorrozteko eginahalean dihardute, aurretiazko botoa edo norberaren identifikaziorako baldintzak zehaztuz