Gipuzkoako Foru Aldundia, Telesforo Monzon herrigintza laborategia eta Arantzazulaben eskutik, Gipuzkoako Herritar Batzarrak bere lehen bilkura egin du larunbat honetan Hernaniko Orona aretoan. Bertan parte hartu ahal izateko gonbidapena jaso zuten milaka gipuzkoarrek duela hilabete batzuk, eta orain ekimena gorpuzteko garaia iritsi da.
Hala, Gipuzkoako bizilagun gisa izena emandako guztien artean hautatutako 32 herritarrek hartuko dute parte bileran, beraien ikuspegiak eta esperientziak partekatu eta gogoeta egin ahal izateko. «Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?» izango da erantzun beharreko galdera. Adituak eta sektoreko eragileak entzungo dituzte eta horren baitan eztabaidatu, lau asteburutako saioen bidez. Haien deliberazioetatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko zaizkion hainbat gomendio aterako dira.
Unai Pascual TMeLabeko kolaboratzailearen iritzian, «gomendio hauek datozen urteetako nekazaritza politikaren arloko jarduerak bideratzeko lagunduko dute, beti ere nabarmenduz etorkizuneko nekazal sektoreak jadanik bertan dugun klima larrialdiari aurre egin beharko diola bere etorkizuna bermatu ahal izateko». Honen ustez, nekazal sektorea eta klima larrialdia elkartzea garrantzitsua da hainbat arrazoiengatik.
Unai Pascual
Alde batetik, edozein herrialdearentzako bertako nekazaritza sektore estrategikoa da. «Edozein herrialdek behar dituen elikagaiak ekoizteko eta landa inguruak sortzen dituen beste hainbat onuren kudeatzaile garrantzitsua da nekazal sektorea, hala nola, ura, bioaniztasuna, etab. Klima aldaketak nekazal sektorearen kudeaketa balditzatuko du munduko edozein beste txokoetan bezala, Gipuzkoan ere», aipatu du ikerlariak.
Bestalde, klima aldaketak etorkizunean nekazal munduaren bilakaera balditzatuko duenez, nekazaritza sektorearen bermatu ahal izateko, sektoreak berak klima aldaketari egokitzea beharrezkoa da. Pascualen arabera, «honek baliabide berriak erabiltzea eskatzen du eta jakin badakigu baliabideak urriak direla eta modu egokian esleitu behar direla».
Azkenik, landa inguruak negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak xurgatzeko ahalmena izan dezake nekazal jarduera egokiak direnean.