NAIZ

Lointek Gernika Bizkaiak sentsazioak berreskuratu ditu Kanaria Handiaren aurka

Talde bizkaitarrak, ligako azken bi partidak galdu ostean, garaipena eskuratu du Kanaria Handiaren aurka –denboraldiko hirugarrena– eta Top 8an mantentzeko erronka bete du. Seigarren jardunaldiko zenbait partida jokatzeke daude; IDK Euskotrenek eta Araskik, esaterako, igandan jokatuko dute. 

Yguerabide, Lointek Gernikako jokalaria, Kanaria Handiko arerioen aurrean.
Yguerabide, Lointek Gernikako jokalaria, Kanaria Handiko arerioen aurrean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ligako azken bi partidetan porrotak kateatu ostean, garaipen baten beharrean zegoen Lointek Gernika. Aste honetan Malosten jokatzen zuen bigarren partida izan da larunbat honetakoa –asteartean galdu egin zuen Eurocupeko partida– eta beraz, sentsazioak berreskuratzea zuen xede Anna Montañaren taldeak, Top 8-an mantentzeaz gain. Eta bai lortu ere! Arerio zuzena izan zitekeen Kanaria Handia taldea mendean hartu eta seigarren jardunaldiko partida guztiak jokatzea falta bada ere, sailkapenean jauzi handia eman dute bizkaitarrek.

Endesa Ligako hirugarren garaipena erdietsi dute (3-3 balantzea) eta gainontzekoek zer egingo dutenaren zain, bigarren postuan egingo dute lo. Postuak postu, partida guztian, oro har, nagusi izana jarri behar da balioan. Bigarren laurdena, izan zen, agian makalen aritu direnak, edota arerioa ondoen aritu dena. Kanariarrek 10-24 partziala erdietsita, kasik partida berdintzera hurbildu baitira (36-35). Holesinska eta Kone –partidako jokalari baliotsuena (27)– nabarmendu dira.

Garaiz erreakzionatu dute gernikarrek eta atsedenaldiaren ostean, 29-16ko partziala egin eta partida kasik erabakita utzi dute. Azken laurdenean, gehiegi sinetsi gabe, azken esfortzua eginda, Malosteko marea moreak lagunduta, garaipena arazorik gabe itxi dute (80-62). Wojta izan da saskiratze gehien egin zuen jokalaria (19).

Lointek Gernikaren pare Top 8an mantentzea bilatuko dute gaur, igandea, IDK Eukostren zein Araskik. Donostiarrek igo berri den Hozono Global Jairis jasoko dute Gaskan (11.45ean). Gasteiztarrek Barçari egingo diote bisita (12.15ean).

Baskonia eta Bilbao Basket

Araski eta IDKren partidez gain, gaurkoan ACBko bi euskal taldeen dema bana ere jokatuko da. Bilbao Basketek Lenovo Tenerife bisitatuko du, 5-1eko balantzearekin sailkapenaren goialdean aurkitzen den taldea. Ez da dema erraza izango baina Ponsarnaurenek laugarren garaipena bilatuko dute.

Bosgarrena bilatuko du, bere aldetik, Baskoniak bolada eskasean dabilen Betis baten aurka. Andaluziarrek garaipen bakarra eskuratu dute orain arte eta gainera, azken jardunaldian sekulako jipoia jasotzetik iritsiko da Buesa Arenara.