Maitane Aldanondo

Ingurumen jasangarritasunarekiko kezkatik abiatutako enpresa ekimena

PowerfulTree-k klima aldaketaren aurka lan egiteaz gain, parke fotovoltaikoen garapenak nekazaritzako lursailetan sor ditzakeen gatazkak ebazteko irtenbide agrovoltaikoak garatzen ditu. EAEtik kanpo abiatutako egitasmoak urte hasieratik BIC Araban du bere egoitza eta bazkide berriak batu zaizkio.

Ezkerretik eskuinera, Alvaro Soler, Juan Diego Díaz, David Mignanelli eta Imanol Olaskoaga.
Ezkerretik eskuinera, Alvaro Soler, Juan Diego Díaz, David Mignanelli eta Imanol Olaskoaga. (PowerfuTree)

Kolonbiako Cauca estatuan hasi zen dena. Juan Diego Diaz eta Alvaro Soler Tecnicafe kafeari buruzko ikerketa zentroaren sortzaileetako bi dira. Klima aldaketak kafearen ekoizpenean duen eragina eta 2050erako gune egokienak %63 murriztuko direla ikusita, teknologia agrovoltaikoaren alde egitea bururatu zitzaien. Honek nekazaritza eta energia ekoizpena lursail berean uztartzen ditu, lehentasuna emanez landareei: sentsore bidez hauen garapena neurtu eta modelo matematikoen arabera argia edo itzala izan dezaten plakak biratzen ditu.

Egitasmoa Alacanten errotu zuten, 2021eko otsailean enpresa eratuz. Orduan, Imanol Olaskoagaren eskuetara iritsi zen. «Mondragoneko sustapen zentroan ari nintzen lanean. Ideia ona izanik, oraindik garatzea eta enpresa eraginkor bihurtzea falta zen», gogoratu du. Eredu matematikoak, adimen artifiziala, sentsoreak... hemen horietan erreferenteak diren zentroak daudenez, Administrazioaren laguntzaz, bazkideak konbentzitu zituzten, Gasteizera ekartzeko.

Aldaketarekin batera, Olaskoaga bazkide bilakatu zen. «Poz-pozik gaude. Harrera oso ona izan da eta BIC Araban ematen dizkiguten aukerak gurea moduko enpresa berrientzat oso baliagarriak dira». Arabako Foru Aldundiaren laguntza jaso dute, baita Eusko Jaurlaritzarena ere Spri eta BIC Arabaren bidez. Halaber, zenbait sari jaso dituzte, besteak beste, Zure Ideiak Balio Du, Gasteiz Green Deal Youth Challenge edo Vital Fundazioaren Consolidando.

Pilotuen bidez, aurrera Negozio ildoak eguzki hiri-ortuak, eta bereziki, parke agrovoltaikoak dira. Lehengoaren bezero potentzialak udalak dira, bigarrenarenak, berriz, nekazaritzako ekoizleak eta energia enpresak. Egun, 1 MW-ko parkeak sustatzen dituzte; etorkizunean, energiaren autokontsumoa, soberakinen saltzea eta karbono bonuen merkaturatzean oinarrituta, fotovoltaikoen errentagarritasunari esker lehiakorra izango da.

Horra iristeko, teknologia lantzen ari dira pilotuen bidez, horietako bat Repsolekin. Olaskoagaren esanetan, proiektua azkartzeko «gihar gehiago» behar zutenez, zenbait enpresatara jo zuten, eta Repsolek baiezkoa eman zien, «bere berriztagarrien garapenarekin bat datorrelako».

Bestalde, Kolonbia eta Brasilgo kafe eremuetan proiektu bana dute, eta Estatuan, mahastiei bideratuta ari dira. Burgoseko Colegio de San Gabriel upategiarekin teknologiaren eragina balioztatu nahi dute tempranillo lurretan. Baimenak lortuz gero, datorren uztarako prest egongo da. Alcoy-n (Alacant), berriz, beste leku batzuetara zabaldu nahi duten eguzki hiri-ortu bat dute; app baten bidez erabiltzaileak une oro jakin dezake zenbat energia sortu duen, zer erein behar duen...

Epe laburrean I+Ga indartu eta proiektuak zabaldu nahi dituzte, horretarako, seiko lantaldea handitu eta zentro teknologikoekin akordioak bultzatuta. Finantzaketa lortzeko funts pribatu eta publikoekin ari dira hitz egiten, eta hori bideratuta «aurrera begira oso baikorrak» direla dio bazkideak.

Olaskoagak aitortu duenez, «energia asko eskatu» arren, helburu «oso motibatzailea» dute: nekazaritzaren etorkizunerako baliabideak bultzatzea eta energia eraldaketan elikagaien kateak ahalik eta gutxien eragitea.