NAIZ

2023ko Araba Euskaraz ekainaren 11n ospatuko da Olarizun, «Ekin» lelopean

Urte osoko Araba Euskaraz antolatuko dute aurtengoan ere Arabako zortzi ikastolek elkarlanean. Ekainaren 11n ospatuko duute jai nagusia Olarizun. Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko da lortutako dirua.

2023ko Araba Euskarazen aurkezpena, Gasteizen.
2023ko Araba Euskarazen aurkezpena, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Arabako zortzi ikastolek elkarrekin antolatuko dute Arabako ikastolen jaiaren 2023ko edizioa. Pasa den ikasturtean abiatutako bideari jarraituz, «urte osoko Araba Euskaraz» egingo dute, eta ekitaldi nagusia ekainaren 11n izango da Olarizun. Aurten, Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dute lortutako dirua. «Ekin» izango da lelo nagusia, azaldu dutenaren arabera, ekinaren ekinez iritsi direlako gaurdaino.

Beste urtebetez Araba Euskaraz lurraldeko bazter guztietara eramango dutela azaldu dute ostegun goizean egin duten agerraldian, eta gehitu dute eskualde bakoitzean urtean zehar ekimen ezberdinak antolatuko dituztela.

Guztien konpromisoa beharrezkoa dela azpimarratu dute, ikastolen mugimenduarena, euskararena eta euskal kulturarena, eta hauek guztiek Araban duten eragina kontuan hartzekoa dela. «Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen».

Eskualdeka antolatutako ekitaldiekin emango diote hasiera Araba Euskaraz urteari, gaur iragarri dituzte hurrengo bi ekitaldiak: Azaroaren 18an Agurainen «kalejira erraldoi bat» antolatu dute, eta abendauren 4an Go!azen kontzertua egingo dute Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.

«-ekin»

Euskaraz ekiteko garaia aldarrikatu dute, «ekinaren ekinez iritsi garelako ikastolak honaino, ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz honaino» eta, ondorioz, «ekin» izango da 2023ko leloa: «Aditza bezala, eta deklinabide atzizki gisa ere erabiliko dugu ekin. Horregatik, logotipoari dagokionez, ekin hitza bera hartu da iruditzat».

Lautada ikastola

Ikasturte honetan lortutako dirua Lautada ikastola laguntzeko erabiliko da. 2008an sortu zen Lautada ikastola, «herriari loturik». 250 ikasle eskolaratzen diztuztela azaldu dute eta «kooperatiba izanik, elkarlana eta auzolana» dituztela lanabes nagusi.