NAIZ

Beste eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea deitu dute Santurtzin

Santurtzin izan den beste eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako (19.30ean) Marimatraka Talde Feministak, parkean. Herri honetan azkenaldian ematen den bigarren eraso matxista da hau. Urriaren 30ean gizon batek bikotekideari eraso egin zio laban batez.

Santurtzin hilaren 4an aurreko eraso matxista salatzeko egin zuten elkarretaratzea.
Santurtzin hilaren 4an aurreko eraso matxista salatzeko egin zuten elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Santurtzin izan den eraso matxista berria salatzeko elkarretaratzea deitu du Marimatraka Talde Feministak ostegun honetarako, 19.30ean parkearen oinezkoentzako eremuan. «Ez dugu inolako erasorik onartuko, eta hauei gure amorru guztiarekin erantzungo diegu», nabarmendu dute.

Kasu honetan bikotekidea izan da emakume bati eraso egin diona, azaldu dutenez. «Nazkatuta gaude. Indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak izateko eskubide guztia dugu. Noiz hartuko da hau kontuan? Nazkatuta gaude. Gizon erasotzaileek biolentzia gauzatzeko inpunitatearen haria moztu beharra dago», aldarrikatu dute.

«Argi dugu gutako bat erasotua den bakoitzean, kalean zein etxean, guztiak garela erasotuak eta horregatik erasoak era kolektiboan ulertu eta erantzun behar ditugu. Beldurra sentitzeaz nazkatuta gaude», gaineratu dute.

Hala ere, ohartarazi dute «gero eta saretuago» daudela. «Beldurra bandoz aldatuko dugu, erasotuetatik erasotzaileetara. Ez diogu gure egunerokotasuna libre bizitzeari uko egingo. Matxitoak entzun: etxean zein kalean salatuko ditugu erasoak eta kaleetatik etxeetara eramango ditugu gure aldarriak», gaineratu dute.

Azkenaldian Santurtzin ematen den bigarren erasoa da gaur salatu dutena. Urriaren 30ean gizon batek laban batekin eraso egin zion bikotekidea zuen emakumeari. Emakumea ospitalera eraman zuten eta erasotzailea espetxera. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten hilaren 4an Santurtziko parkean.