Iraitz Mateo

‘Ahizpari gutuna’ Mari Paz Jimenez eta pintura elkartzen dituen liburua argitaratu du Pamielak

Mari Paz Jimenez artista eta bere obrak ezagutarazteko asmoarekin haurrentzat liburu bat ondu du Pamiela argitaletxeak, Bagara sailean. Jimenezek ahizpari idatzitako fikziozko gutun bat da liburua, Elena Olavek idatzia, artistaren ibilbidea, obrak eta pentsamoldea islatzen duena.

Garazi Ansa, Elene Olave eta Karmele Gorroño Bagara saileko azken liburuaren aurkezpenean
Garazi Ansa, Elene Olave eta Karmele Gorroño Bagara saileko azken liburuaren aurkezpenean (Jon Urbe | FOKU)

Pamiela argitaletxeko Bagara sailak liburu berria aurkeztu du ostiral goiz honetan Donostian, ‘Ahizpari gutuna, Mari Paz Jimenez eta Pintura’ du izenburua. Bagara sailaren helburua Euskal Herriko emakume artistak ezagutaraztea da, eta horretarako historian zehar ezezagunak izan direnak liburuetara ekartzen dituzte, bigarren alea da Mari Paz Jimenezen ingurukoa. Testua Elena Olavek idatzi du, eta irudiak Irrimarra kolektiboko Karmele Gorroñok eta Irene Iruretak egin dituzte.

Garazi Ansa saileko zuzendariak azaldu du haurrei zuzendutako liburuak direla Bagara sailekoak: «Batetik, txikien imajinarioaren sorreran garrantzitsua delako emakumeen obrak egotea. Eta bestetik, haur askok oraindik irakurtzen ez dakitenez, helduekin irakurri behar dute, eta ondorioz, tresna bakarrarekin bi belaunalditara iritsi gaitezke».

Izenburuak azaltzen duen bezala, Mari Pazek bere ahizpa Rosariori idatzitako fikziozko gutun bat jasotzen du liburuak. Bere ahizpa, Rosario Jimenez, artista zen ere, dantza flamenkoa eta garaikidea egiten zituen; eta ahizpa baten diziplina bestearen inspirazio iturri izan ohi zen. Elena Olave idazleak azaldu du gutunaren formatua aukeratu zuela Jimenezek gutun asko idatzi izan zituelako bere bizitzan, eta artistaren interes filosofiko eta artistiko gordinenak gutunetan aurkitu zituelako. Jimenezen pinturako elementuak berreskuratu nahi izan ditu: oihalak, jantziak, aulki baxuak... ijito komunitatearekin izan zuen lotura hori irudikatu nahi izan duelako. Eta bestetik, artistak liburuetan azpimarratutako esaldiak edota bere testu txatalak ere eraman ditu gutunera.

Karmele Gorroño irudigileak adierazi du Jimenezen ibilbide artistikoa jaso nahi izan dutela irudietan ere. Izan ere, Jimenez arte figuratiboan lan egiten hasi zen, eta arte abstraktuan amaitu zuen; hau da, errealitateko irudien errepresentazioarekin hasi eta abstrakzioan amaitu zuen, eta bere ibilbideko bi muturrak ikusarazi nahi izan dituzte liburuan zehar. Irudiek badute segida bat liburu osoan zehar: orrialde guztietan dago aurreko orrialdeko elementuren bat; izan objektu bat, izan kolore bat, izan forma bat... Hala ere, Gorroñok aitortu du «lehenengo iruditik azkenekora asko aldatzen» dela irudia. Akrilikoak erabili dituzte artistaren margotzeko eredura gehiago hurbiltzeko.

Idatzietan zein irudietan «asko esan gabe, asko kontatzeko» apustua egin dutela azaldu dute egileek.

Mari Paz Jimenez, historian galdutako artista

«Karmele eta biok Arte Ederrak ikasi ditugu, eta ez genuen Mari Paz ezagutzen, horrek zer esan handia du», azaldu du Gorroñok. Ansa zuzendariak Jimenezen ibilbidea azaldu aurretik ere antzekoa adierazi du: «Jimenez bera eta bere obra oso ezezagunak dira, nahiz eta euskal arteari egindako ekarpena handia izan». Euskal Herrian arte abstraktua jorratu zuen lehen artista izan zen, garaian sariak irabazi zituen, baina «historiagrafiak alde batera utzi» duela uste du Ansak, eta merezitako aitortza jaso beharko lukeela azpimarratu du.

Valladoliden jaio zen Jimenez, urte batzuetan zehar erbestean egon zen Argentinan, eta 1945ean heldu zen Euskal Herrira. 50. hamarkadan sortu zuen bere ekoizpen artistiko nagusiena eta garaiko intelektual eta artistekin harreman estua izan zuen.

Pamielaren Bagara saila

Pamiela argitaletxeak Bagara saila sortzearen ideia San Telmo museoan antolatutako ‘Baginen Bagara’ bildumatik abiatu zuen. Euskal Herriko emakume artistak ezagutzera ematea zuen helburu nagusi erakusketak, eta baita orain sortzen dabiltzan liburuek ere. Liburu bakoitzaren azken orrialdeetan artistaren biografia dago jasota, eta QR kodeen bidez baliabide eta informazio gehigarrietara jotzeko aukera dute.

Argitaratutako lehendabiziko lana ‘Esther Ferrer eta denbora’ izan zen, ostiralean aurkeztutakoa izan da bigarrena, eta aurki ale berria kaleratuko dutela aurreratu dute: Rosa Valverde artista eta kutxak eramango dituzte liburu batetara, Maialen Lujanbioren hitzekin eta Arrate Rodriguezen irudiekin.