NAIZ

Milaka lagun eta nazioarteko ordezkariak gaurko EH Bilduren manifestazioan

Iaz hilabete honetan egin zuen bezala manifestazio handia deitu du EH Bilduk larunbat honetan Bilbon, oraingoan ‘Abante!’ lelopean. Milaka eta milaka lagun espero dira bertan, bai eta adiskidetutako indarren zenbait ordezkari ere.

«Euskal olatu geldiezina» altxatu nahian antolatu du EH Bilduk mobilizazioa.
«Euskal olatu geldiezina» altxatu nahian antolatu du EH Bilduk mobilizazioa. (Aritz Loiola | Foku)

Berdintasunean eta askatasunean oinarritutako Euskal Errepublika aldarrikatu zuen iazko azaroaren 20an Bilbon EH Bilduk, arrakastatsua izan zen manifestazioaren bitartez, eta aurten ere Bilboko kaleetan indar erakustaldia egin nahi du larunbat honetan, oraingoan ‘Abante!’ leloarekin.

«Egun bizi duen krisiari aurre egingo dion olatu erraldoi bat sortzeko asmoarekin» antolatu da mobilizazioa. Zenbait sektorek atxekimendua eman diote azken asteotan: gazteak eta presoen senideak, esaterako. Nazioarteko ordezkaritza ere izango da La Casillan 17.30etan: Kataluniatik ERC eta CUPeko kideak Euskal Herriratuko dira, Galizatik BNGkoak, Kanariar Uharteetatik Ahora Canariasekoak, Balear irleetatik Mes per Menorcak eta Mes per Mallorcak bidaliko dituzte ordezkariak, Asturiesetik Andecha Asturrek, Aragoitik Puyalonek eta Valentziatik ER-PVk bezalaxe.

Krisialdi ezberdinek ezagaurritzen duten testinguru honetan «euskal olatu geldiezina» altxatzeko grina du EH Bilduk. «Errealitatea hau benetan eraldatu nahi badugu, 180 gradutako iraulia hemen behar diogu herri honi, eta bere etorkizuna hiritarren eskuetan utzi», laburbildu zuen Unai Urruzunok mobilizazioaren aurkezpenean.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren eledunak atzo Naiz Irratian erantsi zuenez, «etxean nahi gaituztenean edo desmobilizatuta nahi gaituztenean kalean egon behar dugu». Egungo krisi testuinguruan kolektibotasuna aldarrikatu zuen: «Ez dago irtenbide indibidualik, komunitatearen erantzunak balio digu, hori da eraginkorrena, ezkerreko eta subiranisten komunitate gisa kaleak hartzen ditugu injustiziak salatzeko eta alternatibak irudikatzeko, hori da etsipenari aurre egiteko dugun tresnarik eraginkorrena».

Mobilizazioak eguraldia lagun izango duela aurreikusten da. Horri erreparatu dio, umorez, Arnaldo Otegi koordinatzaileak sare sozialen bitartez:

 

 Otegik berak hartuko du hitza mobilizazioaren bukaeran, Udaletxearen aurrean.