La Casillatik abiatu da larunbat arratsalde honetan EH Bilduk antolatu duen manifestazioa eta, NAIZek eginiko zenbaketaren arabera, 20.000 pertsona inguru mobilizatu dira «euskal olatu erraldoian», Euskal Herriak egungo krisialdiari aurre egiteko duen gaitasuna erakutsi eta gaurko errealitatea iraultzeko xedez. Horretarako oinarri, «askatasuna eta berdintasuna».
'Independentzia' oihuen artean hasi da @ehbildu ren manifestazioa Bilbon. Jende ugari biltzen ari da. @naiz_info pic.twitter.com/N7L6xYkY7I
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) November 12, 2022
Iaz hilabete berdinean indar erakustaldia egin zuen EH Bilduk eta larunbat honetan bigarrenez bete ditu Bilboko kaleak. Urtarrilero euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio handian egiten den bezala, La Casillatik abiatu eta udaletxerako bidea hartu du manifestazioak.
Pankarta koalizio subiranistako ordezkaritza zabal batek eraman du, Mahai Politikoko kideak nahiz Foru Aldundietako eta hiriburuetako hautagaiak: Mertxe Aizpurua, Juan Karlos Izagirre, Maria del Rio, Bakartxo Ruiz, Iker Casanova, Laura Aznal, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Rocio Vitero, Unai Urruzuno, Joseba Asiron eta Eva Lopez de Arroyabe.
Haien atzetik, milaka eta milaka pertsonak egin dute aurrera ‘Abante! Euskal Olatua geldiezina’ leloa zuen mobilizazioan. 60 autobus baino gehiago iritsi dira Euskal Herriko toki desberdinetatik.
Autonomiaren bukaeratik hau ikusten da. Jendetza, olatua. @ehbildu #GELDIEZINAK @naiz_info pic.twitter.com/CSyEyXxdKm
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) November 12, 2022
EH Bilduk emandako datuaren arabera, manifestazioa osatzen duten milaka pertsonen artean, 1.359 dira koalizioko udaletako ordezkariak.
Manifestaziora batu dira, halaber, nazioarteko hainbat ordezkari: ERC eta CUPekoak Kataluniatik, BNGkoak Galiziatik, Ahora Canariasekoak Kanariar Uharteetatik, Més per Menorca eta Més per Mallorcakoak Balearretatik, Andecha Asturekoak Asturiastik, Puyalonekoak Aragoitik eta ER-PVkoak Valentziatik.
Pankarta Zabalburura iritsi denean, une berezi bat bizi izan du mobilizazioak. Bozgorailuetatik emandako jarraibideei segika, Bilbon elkartutako hamarka mila lagunek sakeleko telefonoetako argiak piztu eta olatua erraldoi bat irudikatu dituzte.
Argien olatu erraldoia Autonomía kalean @ehbildu ren manifestazioan. #GELDIEZINAK @naiz_info pic.twitter.com/D1WaDLRjLR
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) November 12, 2022
Mobileko linternekin argiztatu dute euskal olatua Zabalburura iristear. pic.twitter.com/YyNvioDGVC
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) November 12, 2022
«Alternatiba dago»
‘Independentzia’ bezalako oihu artean jarraitu du manifestazioak eta Udaletxean amaitu da, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiaren hitzekin. Mobilizaziora batu diren euskal preso, iheslari eta deportatuen senideei eskaini dizkie lehenengo hitzak: «Zerbaitetaz harro bagaude, azken urte hauetan egindako ibilbidez da, zuek zeneramaten zama, herri osoaren zama dena, arintzea lortu dugulako dispertsioarekin bukatzean». Ziurtatu du EH Bilduk jarraituko duela bidea haiekin egiten euskal preso eta erbesteratu «guztiak etxera ekarri arte».
Alta, kezkatzeko arrazoiak ere badirela ohartarazi du Otegik, tartean, nazioartean antzematen ari den faxismoaren gorakada. «Baita Estatu espainiarrean ere», zehaztu du. Izan ere, bere ustez Madrilgo Diputatuen Kongresua «banatuta» dago. «Batetik gaude askapen nazionala aldarrikatuz faxismoari aurre egin genionak eta bestetik daude altxamendua mantendu dutenak».
Ateon iritzi publikora salto egin duten Barrionuevoren hitzen inguruan ere aritu da Otegi eta elkartasuna adierazi die Estatu terrorismoaren biktimei. «Beraiekin bat egongo gara. Hartzen dituzten neurriak babestuko ditugu», berretsi du.
Sarri ohartarazi du EH Bilduk egungo krisien larritasunaz, Ukrainako gerrak ala larrialdi klimatikoak astindutakoak. Baina Otegik kritikatu du, EAJri erreferentzia eginez, batzuek «ekaiza» datorrela esaten dutenean «fenomeno meteorologiko» batez hitz egiten ariko balira bezala jarduten dutela. «Ez da fenomeno meteorologiko bat, arduradunak ditu: elite ekonomiko eta politikoak», zehaztu du.
Horren guztiaren aurrean «alternatiba» badagoela ziurtatu du Arnaldo Otegik. Egoera «errotik» aldatu behar dela aldarrikatu du eta horretarako eman beharreko lehenengo pausoa «bataila kultural ideologikoa irabaztea» dela iritzi du.
Etorkizunera begirako esaldi batekin amaitu du Otegik bere hitzartzea: «Orain dela egun batzuk begiak itxi nituen eta etorkizuna ikusi nuen. Irabazten dugu!»
Gizarteratze masiboa
Manifestazioa egin bitartean, hainbat lagun gutun-azal batzuk banatzen aritu dira Hurtado de Amezaga kalean, artean ere ez irekitzeko eskatuz jendeari. Esandakoa bete duenak udaletxe parean ireki du eta QR kode batekin egin du topo. Azaroaren 19an egingo den beste ekintza baten berri eman du honen bidez EH Bilduk, ‘Gizarteratze masiboa’ izenpetu dutena, eta herritarrei gonbidapen moduko bat helarazi: koalizioak urria hasieran aurkeztu zuen Ongizate Hitzarmenaren edukiak Euskal Herri osoan zabalduko dituzten aktibistak bilakatzea.