NAIZ

Bilboko Udalak Gabonetako jardueren berri eman du: izotz pista, azoka eta haurrentzako karpa

#BilbaoGabonak proiektuaren baitan, Gabonetan hirian egongo den aisialdi eskaintza aurkeztu du Bilboko Udalak. Izotz ekologikoko pista eta txirrista, haurrentzako karpa eta Gabonetako azoka egongo dira. Kontsumoa sustatzeko kanpaina ere jarriko dute abian.

Bilboko Gabonetako izotz pista.
Bilboko Gabonetako izotz pista. (BILBOKO UDALA)

Bilboko Areatza inguruan hainbat aisialdi jarduera antolatu ditu udalak Gabonetarako, #BilbaoGabonak udal-proiektuari jarraiki. Areatzan bertan egongo dira bai haurrentzako karpa, eta baita Gabonetako azoka ere. Areatzako kaian eta Erripako kaian jarriko dituzte, hurrenez hurren, izotz ekologikoko pista eta txirrista.

12 urte arte dituzten umeentzako izango da karpa eta hainbat jarduera egin ahal izango dituzte bertan: tailerrak, Olentzero zein Errege magoentzako gutunak uzteko postontzia egongo da, ludoteka, labirintoa eta argazki erakusketa, besteak beste. Hori bai, ekintzetan parte hartu ahal izateko, aurretiaz izena eman beharra dago esteka honetan.

Izotz ekologikoko pista eta txirrista ere egongo dira umeentzako. Pistak 800m2 izango ditu eta erdia estalita egongo da. Txirrista 6 erraikoa izango da. Bata zein bestea erabiltzeko ezinbestekoa izango da sarrera eskuratzea, pistan bertan edo bilbaopistadehielo.com webgunean. Pista ordu erdiko txandetan antolatuko dute eta 3,50€-ko prezioa izango du pertsonako, euro bat merkeago familia ugarien kasuan, patinak barne. Txirristako sarrerek 2,50€ balio dute pertsonako eta sarrera bakarrarekin 6 bider jaisteko aukera egongo da.

Haurrentzako jarduerak azaroaren 24an hasiko dira. 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etatik 20.30etara egongo dira zabalik. Eskola egunetan, ordea, 16.00etan ireki eta 20.30etan itxiko dituzte. Gabonetako azoka ere egongo da Areatzan, abenduaren 2tik aurrera, 20 etxolaz osatuta.

Erosketak, hobe Bilbon

Kontsumoa sustatzea xede duen kanpaina jarri du martxan Bilboko udalak, ‘Gabon hauetan Bilbo eskatu dut’ lelopean. Hirian bertan zein inguruko gune geografikoetan bizi direnak erakartzea du helburu kanpainak, Bilboko merkataritza, ostalaritza, kultura eta aisialdi eskaintza ezagutzera eman.