NAIZ

«Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz», gizonei zuzendutako kanpaina

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean gizonei zuzentzen den kanpaina bateratua egin dute EAEko erakundeek. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza.

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunerako EAEko erakundeen kanpainaren aurkezpena.
Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunerako EAEko erakundeen kanpainaren aurkezpena. (IREKIA)

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunari begira kanpaina bateratua sinatu dute aurten EAEko erakunde publikoek: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek; eta Eudelek. Azaldu dutenez, «bakarrik bai dela baietz» oraindik ulertu ez duten gizonei zuzenduta dago kanpaina eta bertan gogorarazten die «ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko».

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz: «Berdintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoa da elkarrekin lan egitea, herri bezala, taldean, jarraibide berberekin».

Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen direnak gogorarazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea: «Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Eta, bereziki, gizarte matxista batean sozializatutako gizonena. Maskulinitate modu bat ikasi duten gizonak».

Artolazabalen iritziz, «berdintasun ezaren aurka altxatzen diren eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko».

Azkenik, oroitu du Istanbulgo Hitzarmenean (Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena) ezarritakoari jarraiki, Berdintasunerako Lege berrituak eta Berdintasunerako Herri Itunak printzipio orokorren eta erronken artean jasotzen dutela gizonekin eta mutilekin lan egitea.

Azkenik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina bateratu bat egitea, eta bereziki garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza. Lankidetza hau etorkizunean indartu egingo dela esan du, «indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren sinadurarekin eta emakume biktimen espedienteak modu integratuan kudeatzeko egiten ari garen lanarekin, azken honek ere ahalegin handia eskatzen baitu erakundeen arteko koordinazioan».