NAIZ

Aita Marik babesa eskatu die gizarteari eta erakundeei urtarrilean berriro itsasoratzeko

Aita Mari salbamendu ontziak urtarrilean Mediterraneoan erreskate misioak berreskuratzeko babesa eskatu die gizarteari eta erakundeei. Duela egun batzuk, aurreikusita zeukaten hurrengo misioa atzeratu zutela iragarri zuten, Italiako Gobernu berriaren neurriak zirela eta.

Aita Mari ontziak erreskatatutako migratzaileak, lehorreratu aurretik.
Aita Mari ontziak erreskatatutako migratzaileak, lehorreratu aurretik. (SMH)

Mediterraneoan bizitzak salbatzeko misioak urtarrilean berreskuratzeko babesa eskatu du Aita Mari ontziak. Joan den astean aldi baterako atzeratu zuen bere hurrengo erreskate misioa Italiako Gobernu berriak har ditzakeen neurriak zirela eta. Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) erakundeak salatu duenez, Giorgia Meloniren Gobernua Italiara iritsi ondoren, erreskate ontziek jasaten dituzten «etengabeko zailtasunek» okerrera jo dezakete.

Ohar baten bidez adierazi dutenez, Mijangos beldur da egungo egoera zailak ez ote duen eraginik izango Aita Mariren hurrengo irteeran, urtarrilerako aurreikusita baitago. Hori dela eta, «Espainiako agintariei eta biztanleria zibilari laguntza eskatzen diegu, urte hasieran gure tripulazioak Mediterraneo erdialdera bidaiatu ahal izateko, euren herrialdeak uztera behartuak izan direnen bizitza babesteko».

«Azken egunotan ikusi dugu Italiako Gobernu berriak bi aste baino gehiago atzeratu diela portu seguruaren esleipena itsasontzietan bizirik atera diren pertsonei, sufrimendua areagotuz eta portu segurua emateko betebeharra urratuz», adierazi du SMHko presidenteak.

«Gainera, lehorreratu zitezkeen pertsonen hautaketa bat egin du, eta ontzietako bati portu segururik ere ez dio eman, nazioarteko itsas arauak eta giza eskubideei buruzko hitzarmenak urratuz», erantsi du.

Bide batez, Italiak bizirik atera diren pertsona guztiak lehorreratu behar izan dituen bitartean, frantziar Estatuak Ocean Viking ontziari bati portu segurua eman behar izan diola gogorarazi du presidenteak.

‘Pertsonak, besterik ez’

Honakoa atzo, astelehena, hasi ziren ‘Pertsonak, ez besterik – Just People’ jardunaldien irekieran adierazi zuen Mijangosek. Azaroaren 23an amaituko dira eta SMHk Atarrabiako Udalarekin batera antolatutakoak dira.

Besteak beste, Amets Arzallus ‘Miñan’ liburuaz arituko da, ‘Aita Mari’ dokumentala proiektatuko dute, hainbat etorkin mahai-inguru batean arituko dira eta emakumeek jatorrizko herrialdean eta migrazio bidean jasaten duten indarkeria matxistaz hitz egingo da jardunaldi horietan.