NAIZ

Euskaraldiaren abiatze ekitaldia Baionako Zizpa gaztetxean iraganen da

«Hitzez ekiteko garaia». Lelo hori lau haizeetara zabalduko du azaroaren 18tik abenduaren 2ra iraganen den Euskaraldiaren hirugarren edizioak. Ipar Euskal Herrian hamaika ekimen prestatu dituzte. Abiatze ekitaldi nagusia azaroaren 17an iraganen da Baionako Zizpa gaztetxean.

EEPren burua, Antton Kurutxarri, ezkerretik hasita lehena, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian izan da, Baionan.
EEPren burua, Antton Kurutxarri, ezkerretik hasita lehena, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian izan da, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean hamaika dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin Euskaraldiaren karietara antolatuko diren ekimenak.

Abiatze ekitaldi nagusia azaroaren 17an, ostegunarekin izanen da, Baionako Zizpa gaztetxean. Gaztetxearen ateak 18.00etan idekiko dituzte eta oren bat berantago ekingo diote ekitaldiari eta txapen banaketari.

Ondotik pintxo-poteoa izanen da eta 20.00etatik goiti Ixabe taldearen emankizuna.

Lapurdiko hiriburuan ere, azaroaren 19an mintzapraktika saioa iraganen da Biltxoko elkartean, goizeko 11.00etan. Euskararen Nazioarteko Egunean, hots, abenduaren 3an, ipuinak izanen dira Lukas Iriarten eskutik eta aperitifaren ondotik, bazkaria eta kantaldiak izanen dira.

«Hitzez ekiteko garaia» leloa zabalduko duen Euskaraldiaren hirugarren edizioa kari herrietan batzordeak lanean ari dira animazioak eta bereziki euskararen erabilera emendatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak antolatzen.

Hala, Ziburuko Baltsan elkarteak antolatzen duen bertso hitzordua Euskaraldiaren barnean heldu da aurten, euskaraz bizi eta gozatzeko parada ezin hobea ukaiteko. 

Azaroaren 19an, beraz, 12.00etan Piarres Larzabal Kolegioko bertso eskolako gazteak ariko dira bertsotan. Bazkaria 13.00etan izanen da eta 15.00etan Sustrai Colina, Jon Maia eta Aitor Sarriegi arituko dira, Asier Arbelaitz gai emaile izanen dutelarik, umorearen haritik tiraka.

Euskaraldiak iraunen duen denboran Hendaian ere hainbat ekimen prestatu dituzte.

Txapen banaketa eta Euskaraldiaren bilakaerari buruzko bilera izan zen atzo Mendi Zola kulturgunean. Toki berean, azaroaren 18an ‘Hondamendia’ antzezlana izanen da, eta larunbatean besta-gaualdia prestatu dute Gaztelu aretoan, Kuxkuxtu txaranga eta Xutik taldearen kontzertuarekin. Igandean, ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ eskainiko dute Les Varietes zineman, Fermin Muguruzaren presentziarekin.

Azaroaren 22an ‘Erabileraren aroa’ izenburupean mintzaldia eskainiko du Eneko Gorrik Hendaiako mediatekan. 24an berriz, Peio Jorajuriaren aldia izanen da, Baleak elkarteko solasaldien testuinguruan, ‘Hezkuntza, belaunaldi berrien borrokaleku’ izenburupean hitzaldia eskainiko baitu Seaskako lehendakariak.

Beste hitzordu batzuen artean, azaroaren 26ko bazkaria, Borderline fabrikan eginen den karaokea eta Enbata gaztetxeko kontzertua ageri dira programan. Abenduaren 2an 19.00etan emanen diote bukaera Euskaraldiari Hendaian, gaztetxean ariketak eman dituen datuak ezagutaraziko baitituzte.

‘Euskararen besta eguna’, Itsasun

Bestalde, Itsasun, azaroaren 18an gazte bertsolariak plazara ateratzeko ‘Haizea dator’ saioa eginen da Indianoenea elkartean 19.00etatik aitzina. Hainbat egunez, tailerrak, mendi irteera edota zinema gaualdia izanen dira. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna kari, ‘Euskararen besta eguna’ antolatu dute.

Euskaraldiaren lehen egunean pintxo-poteoak izanen dira ondoko herrietan: Luhuson (19.30), Lekornen (20.30) eta Makean (21.30). Xarmegu ibarrean ere ekimenak prestatu dituzte. Hala, kantu, mutxiko eta pintxo gaua iraganen da azaroaren 19an Bardozeko ezker paretan. Yoga tailerra, ipuinak, jokoak edota zinema ere izanen dira Euskaraldiak iraunen duen denboran.

Herrietako hitzorduak xehetasunez ikusteko Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren Facebook orrialdera jotzen ahal da.