Berriro ere hemen, José Saramago. Orain dela 100 urte jaio zen eta 100 urte horiek pasa ondoren gurekin hitz egiten segitzen du, nahiz eta 2010. urtean hil zen. Zerbait berezia dauka 1998an Literatura Nobel saria irabazi zuen egile portugaldarrak.
Handia ez, handienetako bat da Azinhagakoa: intelektual amorratua, iritzi deserosoen emaile beti. Berantiarra, hori bai; izan ere, 40-45 urte zituen jada aurreko lana utzi zuenean. Salazarren diktadurak iraun zuen bitartean, egia esan, zentsura oso gogorra zen.
Berlusconi eta Ricardo Reis
Nire kasuan 2009. urtera arte ez nuen Saramagok idatzitako ezer irakurri. Une hartan 26 urte nituen eta beste zerbait interesatzen zitzaidan. Banekien portugaldarra nor zen, noski, zer irabazi izan zuen (Literatura Nobel Saria, 1998an, bereziki), egunkarietan bere liburuei egindako kritikak irakurriak nituen... Mea culpa, mea culpa, mea maxima culpa. Baina zer gertatu zen, 2009an, nire arreta erakartzeko? Urte hartako maiatzan Saramagok Milanen solasaldia eman zuen eta ustekabeko hitzak erabili zituen Silvio Berlusconiren aurka: «Gizon barregarria, patetikoa eta arrunta da, ukitzen duen guztia hondatzen du. Arratoi bat bezalakoa da, gainetik kendu behar duzu», salatu zuen Saramagok. Orduko azken saiakera lana ari zen aurkezten, ‘Kaiera’, hiri batetik bestera.
Berlusconi Italiako lehen ministroa zen garai hartan, baina horrekin batera zenbait argitaletxeren jabea ere. Horrelako batek, Einaudik, normalean Saramagoren idazlanak argitaratzen zituen. ‘Kaiera’ honekin ezetz esango zion egileari, beste argitaletxe baten bila joan beharko zuela alegia. Zentsura ote? Beharbada ez, baina ordurako eskuineko egunkariak idazle portugaldarraren aurka ari ziren egiten, agure bat bezala margotuz edo moralista antzutzat joaz.
Astebetez gutxienez Saramago ‘trending topic’ izan zen horregatik, baina inork ez zuen tertulietan bere lanez hitz egiten, bere jardun publikoari eta izateko moduari buruz baizik. Gauzak honela, bere liburuak irakurtzeko grina piztu zitzaidan, eta liburutegian aurkitu nuen lehena, biharamunean-edo, ‘Ricardo Reisen heriotzaren urtea’ izan zen, 1984an idatzitakoa.
Oscar Wildek ‘Dorian Grayren erretratua’n nabarmentzen zuen bezala, bai eta ‘Rocky Horror Picture Show’ pelikularen protagonista Frank'n Furterrek ere, liburu bat ez da azalarengatik epaitu behar. Saramagoren eleberria hasieratik oso interesgarria iruditu zitzaidan, are gehiago laburpena irakurri eta gero. Ricardo Reis ez baiten existitzen: izen-abizen horiek Fernando Pessoaren heteronimo bat baino ez ziren, asmakizun bat, Portugaleko olerkaririk handienaren beste proiekzio bat.
Saramagoren estiloa gozagarria da: fikzioa eta benetako istorioen arteko uztartzea, esaldi luzeak, puntuazio bitxia, pertsonaiak azaltzeko abilezia...
Existitzen ez zen pertsona bati buruz libururik idaztea posible al zen? Edo benetan existitzen zen Ricardo Reis izeneko norbait? Labirinto horretan barrena abiatu nintzen eta hor Saramagoren estiloaren dizdira osoa agertu zen, gozagarria: fikzioa eta benetako istorioen arteko uztartzea (Espainiako Gerra Zibilarekin, esaterako), esaldi luzeak, pertsonaiak (batzuk arinak eta besteak tinkoak)... Eleberri hartan jenio baten eskua agertzen zen, erabat.
Portugaleko historian sakontzeko gogoa hartu nuen, denbora falta zitzaidan ordea. Bitartean nere buruari esaten nion: «Ausarta da gero Saramago hau, Berlusconiren aurka egiteko». Ez nekien Israelgo Gobernuaren kontra egina zuela jada, Auschwitzekin konparaketa egiteraino.
Jesukristo
Aktualitateak berriro ere lagunduko ninduen. 2010an zendu zen Saramago, ordurako nagusitxoa egia esanda. Horrelakoetan hildakoa ia santu bilakatzen da, oroimen eta omenaldien bitartez. Aldiz, ‘L'Osservatore Romano’ Vaticanoko egunkarian kontrako norabidean egin zuten: «Muturreko populista», «munduan gaizkiaren kausa hartu zuena», «inoiz sinetsi ez zuen Jainkoa» erabili zuela... horrelakoak irakur zitezkeen. Ez zirudien Vaticano aldean bere heriotzarekin triste zeudenik...
Zer egin ote zien Saramagok Aita Santuari edota Eliz katolikoari orokorrean? Bere eleberri-saiakera batean dago erantzuna, ‘O Evangelho segundo Jesus Cristo’, 1991. urtean argitaratua. Idazlan horretan Jesukristo ez da oso sakratua, pertsona arrunta baizik, familia arrunt batean jaioa eta bere «aitarekin», Jaungoikoaren alegia, harreman deserosoa duena. Pasarte onenetarikoa da Maria Maddalenarekin dituen harremanena; ‘Da Vinci kodea’ pelikularekin antzekotasuna bazuen, baina Elizak ez zuen Dan Brownen aurka hain gogor jo.
Liburua, gaur egun berrirakurri ezkero, itzela da. Ikuspuntu katoliko batetik, izugarria. Baina Saramagoren idazteko moduari dagokioenez ere, ederra, bere ezaugarri guztiak barnebiltzen dituelako: esaldi luzeak, puntuazio aparta (komatxorik gabekoa, esaterako, zuzeneko hizkera nabarmentzeko, Cormac McCarthy handiak bezala) eta pertsonaien nortasuna adierazteko abilezia.
Dena onartezina Eliza Katolikoarentzat, nahiz eta eleberrian ematen den Jesusen irudia oso sinesgarria izan, oso gizatiarra alegia, espero genezakeen bezalakoa
Lehen atala, adibidez, pelikula baten gisa irakur daiteke, flashback-en bidez osatua egoteaz gain: gurutzea, bi lapurrak bere ondoan, emakumeak negar zotinka... Hortik aurrera, Jesus nola jaio zen, Mariarekin izandako sexu harremanak... dena gordina baina aldi berean benetakoa. Jesukristo galtzaile gisa agertzen da; Maria, gazteegia edo inozoegia. Dena onartezina Eliza Katolikoarentzat, nahiz eta eleberrian ematen den Jesusen irudia oso sinesgarria izan, oso gizatiarra alegia, espero genezakeen bezalakoa. Honetan ere ‘zein ausarta Saramago’ da ondorioa.
Pandemia, pandemiaren aurretik
Azken hamarkada honetan ondorioztatu dut: edozein zalantza argitzeko Saramagoren liburu batean dago erantzuna.
Portugalera joateko asmotan bazaude, jakina, ‘Portugalera bidaia’ edota ‘Memoria txikiak’ irakurri behar dira, idazlearen haurtzaroaz eta gaztaroaz mintzo diren idazlanak. Azinhaga jaioterriko ohiturak deskribatzen ditu, bere abizena nondik datorren (mozkortuta zegoen langile bati zor dio), herriko usaina du denak, eta orrialde batzuk zinez ahaztezinak dira, esate baterako Saramagoren aiton-amonek ohean txerri batekin lo egiten dutenetako horiek.
Azkenean Jeronimo aitona literaturaren munduan aski ezaguna den pertsonaia da jada: «Ezagutu dudan gizonik jakintsuenak ez zekien irakurtzen, ez eta idazten ere. Pobreziak jotako herri batean bizi ziren nire amaren gurasoak, Ribatejo probintziako Azinhaga herrian, bizilagunei saltzen zizkieten txerrikume txikiei esker, laztandu ondoren». Hitz hauekin jaso zuen Saramagak Nobel saria Suediako Akademiatik, 1998an.
Jende xumea, ia izenik gabekoa. ‘Izen guztiak’ eleberrian edota maisulana den ‘Itsutasunari buruzko saiakera’n jasoa. Nork ez du azken hau irakurri pandemia garaian edo beranduago? Herri batzuetan liburuaren salmenta ehunkoiztu egin zen. Bertan, birus misteriotsu batek jendea itsu uzten du. Covid-arekin lotura zuzenik ez zuen istorioak, baina beldurraren sentsazioa berbera da. Saramagok hori idatzi zuenean, asmo apokaliptikorik gabe egin zuen, alegorikoa bai, ordea.
Oso intelektual gutxik azaldu du gizatasuna portugaldar handi honen modura
Ikusi ezina dakar birusak, baina guk eleberriari esker gertatzen ari den guztia ikusten jarraitzen dugu. Laguntzaile bakarra emakume bat da, kutsatu ez den andrea. Bide batez, esan behar da emakumeek garrantzi handia dutela Saramagoren liburuetan, bai eta idazlearen bizitzan ere. Bere emaztea, Pilar del Rio, oraindik ere Nobel saridunaren oroimena ari da hedatzen, tinko. «Esaten zituen gauzak ez zituzten besteek esan nahi», aipatu du kazetari andaluziarrak, Saramagorekin Lanzaroten bizi izan zenak.
Erantzun guztiak zituen Saramagok. Eta oso intelektual gutxik azaldu du gizatasuna portugaldar handi honen modura.