Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Elkarrizketa
Joseba Ezkurdia
Aspeko aurrelaria

«Oso argi nuen ez nuela berriz ere ezkortasun bukle batean sartu nahi»

Azken bi urteetan txapelik jantzi ez badu ere, bere ibilbideko unerik onenean dagoela sentitzen du arbizuarrak. Fisikoki eta mentalki lan handia egin eta gero, joko bolada oso ona hartu du eta, batez ere, jarraitutasun handia. Heldutasuna ez omen da zenbakietan neurtzen, baina nabari zaio.

Joseba Ezkurdia.
Joseba Ezkurdia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ez dakit inoizko Joseba Ezkurdia onenaren aurrean ote gauden; lehiakorrenaren aurrean baietz esango nuke.

Bai, beti ari gara ikasten. Oso ondo nagoela uste dut, denbora daramat ondo; irabazi eta galtzeaz harago, ondo sentitzen naiz, jokoa dominatzen dudala sentitzen dut, eroso sentitzen naiz, bai lau eta erdian eta baita buruz buru eta binaka ere. Iaz oso bolada txarra pasa nuen, konfiantzarik gabe, jokorik gabe... oso uda txarra egin nuen eta ordutik oso maila onean ari naizela uste dut eta horrekin geratzen naiz. Pozik nago ematen ari naizen mailarekin, lasai nago, jokoaz gozatzen; uste dut gauzak ondo egiten ari naizela eta bide honetatik jarraitu nahi nuke. Gazteagoa nintzenean, Buruz Buruko finala galduta, sekulako txakalaldia hartuko nuen, baina aurten beste mentalitate batekin hartu nuen; fisikoki eta buruz ondo nengoela ikusita, ahalik eta gehien luzatu nahi nuen eta uda ona egin dut. Detaile horiek eramaten denborarekin ikasten da. Lehen agian gaizki jokatutako partidetan galdu egiten nuen eta orain, horren ondo ez jokatuta, igual irabazteko gai naiz.

Defentsan lan izugarria egin duzu aurten.

Beti esan izan dut nik debutatu beldur handiarekin egin nuela, pilotari handia naizelako, eta beti nenbilen ea ondo defendatuko ote nuen, ea maila emango ote nuen... eta beldur horrek lan asko egitera eraman nau, desplazamenduak, bizitasuna, abiadura... horri garrantzi handia eman diot. Badakit gorputz handia duen pilotaria naizela eta besteek baino gehiago entrenatu behar dudala txispa gehiagorekin egoteko. Garrantzi handia eman diot, asko entrenatu naiz eta uste dut nahiko ondo moldatzen naizela. Ez da seinale ona denbora askoan defendatzen aritzea, baina tira.

Gaur egun irabazteko bide bakarra erasoa dela esaten da; zuk irabazi duzu defentsan partidarik.

Bai, oso garrantzitsua da defendatzea eta gaur egun jokatzen den abiaduran, hutsik ez egitea, opari tontorik ez egitea. Peioren aurka lehen tantoan alderik alde ibili ninduen eta azkenean gantxoa kanpora bota zuen. Detaile horiek garrantzitsuak dira; ez da bakarrik tantoa egitea, sakea zure esku izatea da, sake-errematea egiteko aukera... Bai, ondo defendatuta, irabazteko aukerak asko igotzen dira eta garrantzitsua da. Gaur egun, nik uste, aukerako pilota duenean, edonork egiten du ondo baina defendatzen jakiteari garrantzi handia eman diot.

«Nik debutatu beldur handiarekin egin nuen, pilotari handia naizelako eta beti nenbilen ea ondo defendatuko ote nuen, ea maila emango ote nuen... eta beldur horrek lan asko egitera eraman nau, desplazamenduak, bizitasuna, abiadura...»

Buruz burukoan ilusio handia zenuen jarria, kolpea handia izan zen, baina sekulako uda egin duzu. Buelta errazago eman diozu aurten?

Bai, dudarik gabe, duela urte batzuk Lasoren aurka galdu nuen finala galdu izan banu, ziur nago hogei eguneko edo hilabeteko beheraldia izango nuela, ez nukeela ilusio berarekin jokatuko, eta aurten egun batzuetako oporrak hartu nituen, enpresak jarritako konpromisoak gustura jokatu nituen; sanferminetako lau eta erdikoa nuen buruan eta, fisikoki ondo egonda, ze oso ondo nengoen, etekina atera nahi izan nion eta beste aldarte edo perspektiba batekin hartu nuen. Hori denborak eta heldutasunak ematen dizu eta horretan ikasi egin dut. Lehen gorabehera gehiago nituen eta gaur egun erregularragoa naiz. Niretzat garrantzitsuena hori da, ahalik eta erregularrena izaten saiatu eta maila eman.

Gaur egun ez duzu apenas partxerik egiten; agian horixe, finalekoa?

Bai, agian finalean lehen tantoetan detaileek ez ninduten lagundu; abantaila hartu zuen eta gero, bai, oso erraz irabazi zidan, ez nuen aurre egiten jakin izan. Baina, bai, nik uste orain askoz erregularragoa naizela eta gauzak askoz hobeto egiten ditudala. Nire buruan askoz konfiantza handiagoa daukat eta uste dut gozatzen ari naizela.

Unean bertan konturatu zinen buelta azkarrago eman zeniola edo gerora etorri da, perspektibarekin?

Ez dakit, unean bertan ere ohartu nintzen. Lehenago ez nuen entrenatzeko gogorik izango eta aurten gogoz nengoen, ondo egoten jarraitu nahi nuen udarako eta gero sanferminetako kaiola on bat egin izanak asko lagundu zidan bide onetik jarraitzeko. Oraingo honetan oso argi nuen ez nuela berriz ere ezkortasun bukle batean sartu nahi, ez nuen biktimismorik nahi, pilotaz gozatzen jarraitu nahi nuen eta gauzak ilusio berarekin egiten jarraitu nahi nuen.

«Nik uste askoz erregularragoa naizela eta gauzak hobeto egiten ditudala. Nire buruan askoz konfiantza handiagoa daukat eta gozatzen ari naiz».

Zure garapenean azken pausoa eman duzu?

Beti dago zertan hobetu, fisikoki, teknikoki, psikologikoki... Bizitzak erakusten dizu orain horrela pentsatzen duzula eta hemendik hilabete batzuetara zerbait gertatu eta beste era batera pentsatzen duzula. Baina oso ondo nago, lasaiago nago, nire buruan konfiantza handiagoa daukat. Bai, uste dut nire ibilbide profesionaletako garairik onenean nagoela.

Fisikoki ere garapen izugarria izan duzu. Aipatu izan duzu elikadura aldatuta minak ere kendu dituzula. Nola izan da hori?

Iaz egin nuen uda txarraren ostean, abuztu hasieran molestiak nituen sorbaldan, bizkarrean eta belaunean, eta nutrizionista honekin hasi nintzen. Lehen hilabete eta erdia-edo gogorra izan zen, dieta oso zorrotza zen, baina lehen 15-20 egunera minak joaten hasi zirela sentitu nuen eta askoz hobeto sentitzen nintzela. Horrek energia eman zidan. Orain aldatu dut, ez da hain gogorra, baina bizkorragoa sentitzen naiz, fisikoki askoz hobeto nago, minik gabe eta hori oso garrantzitsua da kirolari batentzat.

Gezurra dirudi hori gerta dakiokeenik berez zaintzen den kirolari bati.

Ni, arrebak bultzatuta joan nintzen; bera ere fisioa da, denbora asko zeraman joateko esaten eta ez nion jaramon handirik egiten, ‘pasako dira minak’ pentsatzen nuen. Eta ez nuen hondoa jo, baina ez nintzen ondo ari kantxan eta zerbait egiteko unea zen. Eta denei esaten diet, nik probatu izan ez banu ez nukeen sinistuko. Handituta bezala nengoen, tendoiak eta dena, eta berriz ere minik gabe aritzea sekulakoa izan zen. Ez dut inolako damurik, lehenago hasi ez izanarena bakarrik. Nik ondo jaten nuela uste nuen, baina sekulako aldaketa egin nuen. Batez ere hasieran oso gogorra izan zen; barazkiak, arroz pixka bat eta ezer gutxi gehiago jaten nuen, ez arrainik, ez haragirik, ez ezer. Gero gosaltzeko espezia pila bat oloa, kurkuma...

«Arrebak bultzatuta joan nintzen; denbora zeraman joateko esanez eta ez nion jaramonik egiten. Denei esaten diet, nik probatu ez banu ez nukeen sinistuko. Hazita bezala nengoen, tendoiak eta dena, eta berriz ere minik gabe aritzea sekulakoa izan zen».

Finalerdia Peio bezalako lagun min batekin jokatzea nolakoa izan da?

Polita eta zaila ere bai. Baina nik uste hirugarren edo laugarren aldia dela jokatu duguna, eta pertsonalki bere aurka jokatu dudan partidarik gogorrena Sopelan jokatutako finalerdia izan zen. Partida hura bai egin zitzaidala gogorra, ez nengoen zentratuta, behar nuena ez zen beste mila gauzatan nuen burua. Oraingo honetan biok hobeto kudeatu dugula uste dut, aurreko astean bi egunetan elkarrekin entrenatu genuen fisikoa, ostiraleko entrenamendua amaitu eta besarkada bat eman genion elkarri, zortea opatu eta partidara arte. Partida polita izan zen, irabazita, niretzat are politagoa, baina badakit berandu baino lehen helduko dela, Peioren aurka galtzea tokatuko zaidala, baina laguntasuna horren gainetik dago eta horrekin geratzen naiz.

«Orain ia ez da ehiztaririk eta esango nuke guztiaz hitz egiten dela; igual gutxien pilotaz. Oso giro ona dugu eta hori da politena»

Aldagelako beteranoena zara.

Gezurra dirudi, lehen 31 urterekin onenean zinen, bueno orain ere hala da, baina lehen askoz beterano gehiago zegoen. Debuta egiten zuenak urte askorako egiten zuen eta gaur egun enpresek duten filosofiarekin zailagoa da.

Lehen denak ziren ehiztariak; orain zertaz hitz egiten da aldagelan?

Orain ia ez da ehiztaririk, esango nuke guztiaz hitz egiten dela, igual gutxien pilotaz. Oso giro ona dago eta nik uste hori dela politena, lagunak eta harremanak dira eramango dugun handiena.

Zu hasi zinenean beteranoek beste galoi batzuk zituzten?

Nik beti esan dut oilar asko zegoela. Nik uste orain ez garela hainbeste; lehen errespetu handia sartzen zuten; Xala, Gonzalez Barriola, Zubieta, Irujo, Titin... Nik haiei sekulako errespetua nien, baina nik errespetu gutxi jartzen dut. Ni naizen bezalakoa naiz, nire lana egiten dut ahalik eta ondoen eta ez dut paper hori hartzen; inork eskatzen badit aholkua ematen diot. Ni oso adi egoten nintzen, gustatzen zitzaidan begiratzea. Orain gutxi batek galdetu zidan zer egiten dudan partida handi baten aurrean eta polita da gazteek ikasteko interesa izatea euren onena emateko.