Urtzi Urrutikoetxea

Trump: «Iragarpen garrantzitsuaren» gainetik ez aipatutakoak nagusi

Gidoia bete zuen Trumpek eta 2024ko hauteskundeetarako hautagaitza ofizialdu zuen. Ohiko tonua erabili zuen; ziuraski aipatu gabe utzi zuenak hartzen du garrantzia lerro artean irakurrita: 2020ko hauteskundeetan ustezko iruzurrari edo Ron DeSantis balizko hautagaiari buruz hitzik ere ez zuen esan.

Trumpek bere jauregiko dantza aretoan egin zuen iragarpena, Mar-a-Lagon.
Trumpek bere jauregiko dantza aretoan egin zuen iragarpena, Mar-a-Lagon. ( Joe RAEDLE | AFP)

Aginte erdiko hauteskundeek astindua ekarri dute Alderdi Errepublikanora, eta nahiz eta porrota –edo espero ziren emaitzak lortu ez izana– hautagai trumpistei eragozten bazaie,  Donald  Trumpek argi utzi du ez daukala erretiratzeko asmorik.

Baliteke errepublikanoak Trumpez nekatu izana, baina Trump ez da nekatu. Eta oraindik itsu-itsuan jarraitzen dioten milaka errepublikano ditu atzetik presidente ohiak, eta egunik egun hautagai berri bat behar dutela uste dutenak geroz eta gehiago izan arren, Trumpek ez du berehalakoan onartuko halakorik. Ezta horretarako alderdia bera hondora badoa ere.

Alderdi Errepublikanoaren baitan zatiketa handia sor dezake datozen bi urteotan. Bera da oraingoz presidentegai izango dela ofizialki esan duen bakarra; urrats garrantzitsua da, kanpainetan hain garrantzitsua den diru-bilketaren abiapuntua delako. Datozen hiletan, 2023ko negu-udaberrian, litekeena da beste hautagai batzuek ere ofizial egitea alderdiaren presidentegai izateko asmoa.

Trumpek, joan den asteko oldarraldiaren ostean –bereak eta bi bota zituen Ron DeSantis Floridako gobernadorearen aurka; kinieletan hautagai errepublikano izateko indar handieneko ordezkari gisa ageri dena– ez du alderdikide bakar bat kritikatu. Hala, diskurtso gogor baina sarritan entzunaren inpresio orokorra geratu zen, alderdi barruko kritikoak umiliatzeko erabili ohi dituen izengoitirik gabe. Gatz hori kenduta, aspergarri iritzi diote gehienek Trumpen hitzaldiari. AEBko bandera aurki Marten egongo dela esan du, hori bai.

Inflazioa eta gasolina garestia aipatu ditu Trumpek, eta etxeko petrolioa ustiatu beharrean Biden atzerrian eskean dabilela salatu du. Segurtasuna, kriminalitatea, mugak eta, zelan ez, Mexikoko harresia ere ohi bezala izan ditu hizpide, eskuinerantz egin duten komunitate latinoak txalotuz: «Haiek dakite inork baino hobeto muga segurua izatearen garrantzia».

Proposamen muturrekoenetan, droga-trafikatzaileei heriotza-zigorra ezarri behar zaiela esan du, azken asteotako kanpainan lehen ere errepikatu duen bezala. Baina alderdi barrura begira ohi dituen ziriak gorde zituen bezala, 2020ko hauteskundeak «ostu» zizkiotela ere alboan utzi du, aholkulariek behingoan konbentzitu balute bezala aurrera begirako proposamenekin jo behar duela hautesleen aurrean.

Badago ukitu nahi izan ez duen gai bat: Roe, aborturako eskubide konstituzionala ezabatu izana. AEBko lobby kristau protestantearen garaipen handia ez zen posible izango Trumpek izendatutako epaileek Auzitegi Gorena eskuin muturrera eraman izan ez balute.

Hitzaldia zenbateraino izan den errepikakor, eta zenbateraino ari den AEBetao eskuinaren zati bat Trumpengandik urruntzen, detaile bat: trumpismoaren ideien bultzatzaile nagusietako izan den Fox telebista kateak berak, zuzeneko emisioa eten du presidentegai zela esan eta gutxira. Mike Pence, Donald Trumpen presidenteorde ohia, bere memoria-liburua aurkezteko elkarrizketak ematen ari da; Foxeko aurkezleek ezinbestean galdetu zioten hautagaitzari buruz, eta botoa emango ote zion: «Uste dut 2016an bera zela Hillary Clintoni irabazi ahal zion bakarra. Baina garai desberdinek lidergo desberdinak behar dituzte», erantzun zuen Pencek.

Presidente ohiak aipatu ditu errepublikano bakarrak Greg Abbott Texasko gobernadorea eta abenduan Georgian Senaturako bigarren itzulian lehiatuko den Herschel Walker Georgiako hautagaia izan ziren.

Joan den asteko hauteskundeek argi utzi zuten, ordea, Trumpen besarkada, alderdi barruko primarioetan erabakigarria izan ohi bada, bozketa orokorrean kaltegarri bihurtzen dela. Trumpen babes zuzenak errepublikanoek 50. senataria lortzeko beharrezko dituzten boto-emaile batzuk uxa ditzake. 2021eko urtarrilean halaxe galdu zuten errepublikanoek Georgiako senataria.

Trumpek, ohi bezala, datuak bere erara bihurritu ditu: berak bultzatutako hogeitaka hautagaik porrot egin zutela aitortuta ere, beste 220k bozak irabazi zituztela aldarrikatu du.

Washingtoneko Ordezkarien Ganberan eta Estatuetako Legebiltzarretan egongo dira ordezkari trumpista horiek, egia da, baina ia lehiarik gabe erabat errepublikanoak diren barrutietan hautatu dituzte. Bidenabar, Trumpek iragarpena egiten ari zen une berean baieztatu zen errepublikanoentzat zela Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Ziurrenik demokratek baino 5-7 eserleku gehiago izango dituzte zenbaketa amaitzean: 215 inguru demokratek eta 220 inguru errepublikanoek..

Trumpek hautagaitza iragarri eta berehala iritsi da Joe Bidenen erantzuna, Twitter bidezko bide batekin, bere kontu pertsonaletik, ez presidentearenetik: «Donald Trumpek kale egin zien Estatu Batuei». Indonesian G20ko bileran gaiari buruz iruzkinik zeukan galdetuta, ezetz erantzun du. Zalantzarik gabe, une erosoa da errepublikanoen lehia hastea.


Hitzaldiaren amaieran ihes egin dio Trumpi kanpaina berrian izango duen oztopo eta kontraesan handietako batek: Washingtonen eta politikarien aurka dagoela esan ostean, aitortu su honezkero bera ere politikaritzat hartu behar dela. Ezin ahaztu mundu osoan klase politikoen aurka oro har zabaltzen ari zen olatu baten baitan antipolitikaren mezu populistarekin lortu zuela 2015-2016an Alderdi Errepublikanoko hautagaitza lehendabizi, eta presidentetza gero.

Establishmentaren aurka ziharduen outsiderra zen Trump, inor esatera ausartzen ez zen diskurtsoarekin. Egun eskuin muturrak erabat bere egin duen mezua da; eta ez da falta hura zabaltzeko asmoz dabilen mezularirik, Floridatik bertatik irten gabe.