«Selfi poliedriko» gisa definitu du Anari Alberdik bere lehen nobela, ‘Gari eta goroldiozko’, protagonistak inguruaru begiratzeko eta kontatzeko duen modua baita erdigunean jarri nahi izan duena. Musikaren alorrean da ezaguna, eta bere lehen diskoak eta bere lehen liburuak komunean badutela gauza bat aitortu du: erretrobisorea, «orain askoz beteago dago erretrobisore hori, baina bera da». Ostegun goizez aurkeztu du liburua Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Leire Lopez eta Jose Luis Otamendirekin batera. Goraino bete da aretoa lagun, senitarteko eta ingurukoekin.
50 urte bueltako emakume baten bi bidaia kontatzen ditu liburuak, testu txatalak tartekatuz. Lehendabiziko bidaia zinematik etxera bitartekoa da, eta bigarrena bere amaren aldeko familiaren aspaldiko etxera. «Gutako edonork» bizi duen bidaia bat izan daitekeela azaldu du idazleak berak.
Kantu bidez azaldu ezin dituenak azaltzeko baliatu du literaturaren diziplina Alberdik, denbora oso presente dagoen elementua da nobela guztian zehar. Eta pisu berezia izan du sorkuntza prozesuan ere, hala azaldu du: «Denborak toles egin zidan eta nonbaitera begira jarri. Bi elementu elkartu zitzaizkidan idazketa prozesuan: batetik, duela hamar urte testu bat idazten hasi nintzen, konturatu bainintzen gazte hil zen gure aita baino zaharragoa nintzela jada, eta bestetik, duela ez horrenbeste 13 olibondo zaintzeko ardura heredatu nuen». Bi garai eta bi elementu horiek sortutako burutazio eta hausnarketak eraman ditu paperera.
Adierazi du idazketa prozesuan ez duela helburu gisa jarri norabait iristea, nonbaitetik ateratzen zitzaizkion pentsamenduak nonbait kokatzea baizik. Protagonistaren eta idazlearen artean aurki daitezkeen antzekotasunak «kointzidientzia» hutsak direla esan du ironiaz. Eta azaldu du, bere ustez inoren bizitza ez dela kontatzeko modukoa, liburua batean jasotzeko bezain interesgarria, baina bai kontatzeko era. «Hori da literatura, kontatzeko modua, eta hori egiten saiatu naiz».
Hausnarketarako bidaiak
Hiru protagonista ditu liburuak: pertsonaia bera bi garaitan zehar eta narratzailea, hau da kontatzen duena. Lopez editoreak azpimarratu du hari nagusia protagonistaren bidaiek markatzen dutela, baina bestelako testu txatalek ere garrantzia handia dutela: «Testu txatal horiek zentzua lukete beste liburu batean ere, baina istorioan zehar hausnarketa indartsuak dira».
Otamendiren iritziz, «oso ausarta» da ohiko jardun eremuan ezaguna den artista bat beste diziplina batean ikustea. Eta erronkari oso ongi eutsi dio idazleak bere ustez, «barruko zure lokatzetara hurbiltzeko» liburua da bere ustez, eta adierazi du: «Adieraztea kostatzen zaigunontzat hausnarketak hitzetara zehatz eta doi ekartzeko dohaina du Anarik». Protagonista den emakumearen orainetik iraganera egiten da bidaia Otamendiren arabera: «Denbora tarte horietan film bat irakurtzen den antzera irakurtzen da liburua, bere travelling eta zoom efektuekin».
Izenburuari erreferentzia eginez, Alberdik aitortu du Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuari zor diola, bertan irakurri zuen lehen aldiz pertsonaia baten deskribapenean «gari eta goroldiozko» eta ordutik buruan bueltaka ibili duen esaldia izan dela esan du, «nire bi paisaiez ari zela iruditzen zitzaidan».