Maite Ubiria
Baiona
Elkarrizketa
Anita Lopepe eta Ibai Agirrebarrena
EH Bairen kongresuko bozeramaileak

«Gehiengo sozialak osatzeko agenda eta aliantzak partekatzeko prest gara»

Duela 15 urte hiru alderdi abertzale batuta sortu zen Euskal Herria Baik bere lehen kongresua eginen du larunbatean. Kalean zein erakundeetan eraldaketa soziala ardatz, burujabetzaren aldeko urrats berriak egiteko mandatua jasoko du zuzendaritza berriak, alderdien parte-hartze berezirik gabe.

Anita Lopepe eta Ibai Agirrebarrena.
Anita Lopepe eta Ibai Agirrebarrena. (Bob EDME)

Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna alderdiek topagunea atzeman zuten duela 15 urte Ipar Euskal Herrian. Euskal Herria Bai koalizioa eratuz, hauteskundeei begira jarri ziren, batik bat. Alta, azken hamarkadan hiru lurraldeetako paisaian izan diren aldaketek aktore politiko integral gisara irudikatu dute ezkerreko mugimendu abertzalea. Baionan eginen duten kongresuaren atarian, Anita Lopepek eta Ibai Agirrebarrenak «orain arte izan den eztabaida ariketa zabalenari buruz» hainbat gako eskaini dizkiote NAIZi.

Kongresuaren ostean, alderdiek ez dute inoiz gehiago parte hartuko erakunde gisa zuzendaritzan. Zer aldaketa ekarriko du, sakonean, izaera berriak?

Anita LOPEPE: Badira 15 urte sortu zela EH Bai, bozetan parte hartzeko xedez hiru alderdien batuketa egin ondotik. Urratsa egin genuen lau urte beranduago zuzendaritza berritu zelarik, alderdien pisua tipituz, eta orain prest gaude militanteok urrats handiagoa egiteko. Zuzendaritza berrian ez da gehiago posturik gordeta alderdientzat. Kongresuan hautatuko den zuzendaritza hainbat funtzioren arabera osatuko da, eta zenbait irizpide bete beharko ditu, parekotasuna eta errealitate geografikoaren oreka errespetatuz.

Espazio zabal bat ordezkatzeko anbizioa erakusten du EH Baik. Konkrezio maila batekin aterako da bere kongresutik edo unean uneko konpromisoak gailenduko dira?

Ibai AGIRREBARRENA: Txostenak biltzen duenaren arabera ezberdintasunak badira. Zehazten direlako bi aliantza esparru, osagarritasun bat ukan behar dutela. Alde batetik, ‘karrikako ekintza’ deitzen diogun ildoa dago, eta hor parioa egiten dugu mugimendu sozialetan parte hartzeko eta bultzatzeko. Hots, aliantza ahal den eta zabalena bilatzea hobesten dugu. Beste aliantza eskema hauteskundeena da. Geure buruari anbizio handiagorekin jokatuz garaipena lortzeko helburua emanen diogu. Hori errana, hauteskunde bakoitzaren arabera EH Baik beharko du, betiere kongresuak emandako koadroaren baitan, hautuak egin.

EH Bairentzat lehentasun diren herri bozak eta Euskal Elkargoko gidaritza izendatzeko ondorengo prozesua izanen dira 2026an. Erronka nagusi horri buruzko eztabaida noiz eta nola egitea aurreikusten duzue?

A.L.: Gure apustua da ahal den eta hautetsi gehien lortzea eta horretarako aliantzak beharko dira egin, betiere gure proiektu politikoarekin koherentzian. 2020an herri anitzetan irabazi dugu EH Baikoak ez ziren beste indarrekin aliantzak eginez. Hots 2026ra begira lanketa bat beharko dugu egin. Zuzendaritza berriak aski fite beharko du gogoetatu nola izanen garen baldintza onenetan ahal den eta herri gehienetan gobernatzeko eta, ondorioz, gure pisua emendatzeko Euskal Elkargoan.

Euskal Elkargoan familia politikoen arabera antolatzeko aukera gero eta gehiago aipatzen den unean, ez al du bere burua ahultzeko arriskua ikusten EH Baik, bere marka alde batera jarriz gero?

A.L.: Gure helburua ez da marka, gure helburua da aitzinaraztea proiektu ezkertiar, burujabe eta feminista eremu guztietan. Gure militanteen eta hautetsien lanak ematen digu erreferentzia. Aitzina begira ere, edozein jokalekutan, aliantzak eta proposamenak partekatzen ditugu gehiengo sozialak ordezkatzeko.

2017an sortu zen lurralde egitura aurrerapausotzat hartu zuen EH Baik, baina kongresuari begira idatzitako ponentzian urrunago joateko anbizioa agertu du. Euskal Elkargoan aurreikusten duzue eztabaidari heltzeko giroa?

A.L.: Baldintzak sortu beharko dira eztabaida hori aipatzeko. Bilakaera instituzionala pixka bat lozorroan dago. Aski lan eman da elkargo hori sortzeko, egia da, eta politika publikoak behar dira egunero garatu. Gure hautetsiak hor dira lanean. Baina horrek ez du kentzen erronkak gero eta handiagoak direla aitortzeko, larrialdi soziala eta ekologikoa hor daudela, eta orain dela momentua hurrengo urratsa hausnartzeko. Euskal Elkargoak ibilbide laburra du, baina jakin behar da egitura hori erdietsita, ez garela hutsetik abiatuko. Puntu horretatik beharko ditugu martxan eman gehiengo sozialak hasieratik, kalean eta erakundeetan, eskatzen genuen lurralde elkargo berezi horren aldera joateko.

Agirrebarrena: «Aliantza transbertsalak garatuz, helburua litzateke agenda partekatu bat diseinatzea»

Agenda partekatu eta berritu bat aipatzen duzue, Batera plataformaren espiritua nolabait berreskuratzea proposatuz. Zer osagai agertu beharko lirateke itun horretan?

I.A.: Gure helburua da aitzinera eraman nahi dugun prozesua marraztea. Prozesu horrek herri izaera du. Gehiengo batek aldarrikapena adosten du, horren alde mobilizatzen da, baina eskaera hori lortzeko aski konpetentzia izan behar ditugu, burujabetasunerako ikuspegi batetik aitzinamenduak ekartzeko hori beharrezkoa delako. Horrek erran nahi du gure hurrengo erakundea nolakoa izanen den, zer konpetentziak dituen, behar dugula zehaztu. Aliantza transbertsalak garatuz, helburua litzateke agenda partekatu hori diseinatzea, bere baitan gure egitasmoak soilik ez, oro har euskal gizartean txertatuak diren lehentasunak zehaztuz.

«Abertzale edo independentista izan gabe ere, gero eta sektore gehiagotan arazoei aurre egiteko eta hobeto bizitzeko aterabide gisa agertzen da eskumen gehiago ukaitearen aldarrikapena» idatzi duzue txosten politikoan. Burujabetza nonbait kontzeptu hertsiegia da?

I.A.: EH Baik behar die proposatu sektore ezberdinei proiektu politiko zehatz bat. Era praktikoan, pragmatikoan. Gazteriaz hitz egiten badugu, edo belaunaldi berriei buruz ari bagara, etxebizitzaren arazoa, esaterako, izan daiteke gako bat, gazteek ulertu dezaten gure xedea dela Euskal Herrian lan egin eta bizi ahal dezatela. Gazteriak beharko du interesa sentitu, identifikatu beharko du, argiki ikusi, bere lehentasunak txertatuta daudela burujabetzaren aldeko egitasmo horretan.

A.L.: EH Bai azken bozetan babestu zuten 22.000 boto-emaile guzti horiek ez dira abertzale edo independentista bezala definitzen, baina heltzen dira guregana herritarren bizitzak hobetzeko erronka partekatzen dugulako haiekin. Zerumuga agian ez da berdina denontzat, baina EH Baik logika bat proposatzen du: bertatik erantzutea, erabakitzea, eta hori burujabetza hitzarekin ahal dugu laburbildu. Edonola ere, ez dugu denbora gehiegi emanen kontzeptuari buruz eztabaidan, gehiago behar delako logika horren alde egin, eta gure apustua da proposatzen dugun jendarte eraldaketa herritar eta eremu guztietara iristea. Ez diogu beldurrik pragmatismoz jokatzeari.

Lopepe: «Egitasmo eraldatzailea garatu nahi dugu, herritar eta eremu guztietara helduko dena, eta hori lortzeko pragmatismoari ez diogu beldurrik»

Hiriguneetan indarrez sartzeko gakoetako bat da borroka konkretuetan murgiltzea?

A.L.: 2026ko bozekin lotua da hiriguneetan dugun gabezia hori nola gaindituko dugun estrategia zehaztea. Ziur da abertzaleen indarrarekin soilik ezin dela aitzina egin eremu horietan, eta beharko direla bidelagunak atzeman.

Gizarte zibilak inplikazio maila oso altua erakutsi du azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Nola uztartzen da herri bulkada hori erakunde sistemari dagozkion lan molde eta erritmo bereziekin?

A.L.: Justuki gure proposamena da EH Bairen funtzioei buruz azpimarra egitea dinamika sozialaren eta instituzionalaren arteko bitartekaritza horren bila. Gure izaera bera hastapenetik horrela izan da eta pentsatzen dugu instituzioek beraiek ezin dituztela aterabideak ekarri. Maila handiagoko erakunde bat bagenu ere, eta guk horren alde lan eginen dugu, bere jarduera osagarritu beharko litzateke herri dinamika batekin.

Hauteskundez hauteskunde emendatzen den desmobilizazioaren aurrean sendagaia izan daiteke?

I.A.: Identitate bikoitz hori dago mugimendu abertzalearen DNAn eta EH Baik nahi du bi hanka horien gainean aitzina egiten jarraitu. Identitate bat ematen digu, baita ezberdintasun bat ere. Gure egituraketa eta ibimoldea, funtzioak edo eztabaidak emateko orduan, nahi diogu arreta jarri horri.

A.L.: Kongresuak marko bat emanen du, baina gero beharko da plantan eman. Karrikan aktiboak diren herritarrek erakundeei buruz duten begirada gutxinaka alda dezakegu. Desafekzioaren garaian, identitate bikoitza ahal da horren alde egiteko baliagarria izan.

Azken hamarkadan bereziki Ipar Euskal Herrian sustraitu den osagarritasun eredua, lankidetzaren eredua, baliagarria da aurrera begira? Edo gizartearen aktibazioa apaltzeko arriskua bada?

A.L.: Atxikimendu politikoari begira Euskal Elkargoak gehiengo zabal batez AHT berriaren finantzamenduari atea hesteak edo azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena bere egiteak balorea badu. Baina, era berean, Parisetik etortzen den ukazioak inpotentzia sortzen du. Gure ustez, baliatu behar genuke jendartea adi dagoela eta determinazio handia erakusten duela, burujabetzaren bidetik etapa berriak gogoetatzeko eta sostengu zabal batekin urrunago joateko.