NAIZ

‘Zinema festa bat da’ liburua aurkeztuko du Katixa Agirrek Literaktumen

Katixa Agirre idazle gasteiztarrak ‘Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. urteurrenean’ liburua argitaratu du Zinemaldia, Filmategia eta Donostia Kulturaren laguntzaz. Liburua asteazken honetan aurkeztuko du Literaktum jaialdiaren barruan.

Katixa Agirrek zinema ospatu beharreko festa dela aldarrikatuko du.
Katixa Agirrek zinema ospatu beharreko festa dela aldarrikatuko du. (Monika Del Valle | FOKU)

Literaktum jaialdiaren barruan aurkeztuko du Katixa Agirrek  ‘Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. urteurrenean’, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Donostia Kulturaren laguntzaz argitaratu duen liburua. Aurkezpena asteazken honetan, azaroak 23, egingo da, Tabakaleran, Literaktum jaialdiaren barruan.

Lana Zinemaldia 70 zikloarekin batera kaleratu da eta Nosferatu Bildumaren X. zenbakia izango da. Urtarriletik abendura bitarte, Donostia Zinemaldiaren 70 urteak errepasatzen ari da zikloa, programaziotik igarotako hainbat titulu garrantzitsuren proiekzioekin.

Liburuaren azala eta kontrazala Irantzu Piquerorenak dira, eta, Donostiako Zinemalditik azaldu dutenez, lana «premisa original eta dibertigarri batetik» abiatzen da: Miramar jauregiak festa berezi bat hartuko du Zinemaldiaren 70 urteak ospatzeko, eta hantxe bilduko dira komunean bi ezaugarri dituzten gonbidatu berezi samarrak: Donostia Saria jaso izan dute inoiz eta hilda daude egun.

Katixa Agirrek agindu duenez, aipatutako festan «Lauren Bacall inoiz baino eleganteagoa agertuko da, Gregory Peckek lanak izango ditu egoera ulertzen, Max von Sydow dantza egitera etorri da, Agnès Varda dokumental bat egiten saiatuko da eta, nola ez, Bette Davisek anfitrioi lanak hartuko ditu bere gain». «Gaua sorpresez, ika-mikez, mozkorraldiz eta oroitzapenez beteko da. Azkenean denak ados jarriko dira: zinema festa bat da, eta ospatu beharra dago», gaineratu du Agirrek.

Ruth Pérez de Anucita Zinemaldiko Komunikazio arduraduna egilearekin solasean arituko da asteazken honetan Tabakalerako zinema aretoan 18.00etan egingo den aurkezpenean. Sarrera librea da eta gonbidapenak Tabakaleraren webgunean erreserba daitezke. Ondoren, Ryusuke Hamaguchiren ‘Passion’ (2008) filma emango da Nosferatu zikloaren barruan (kasu honetan sarrera erosi behar da).

Joan den urtarrilean, Nosferatu ziklo berriaren hasierarekin batera, ‘Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián’ liburua argitaratu zuten Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak; Quim Casasek koordinatu zuen lana.

Zinemaldiaren historiako hainbat film garrantzitsu errepasatzen dituen zikloa hiru emanaldiekin bukatuko da datozen egunotan: Samira Makhmalbafen ‘El caballo de dos piernas’ (‘Asbe du-pa/Two-Legged Horse’, 2008), azaroaren 30ean; Naomi Kawaseren ‘Genpin’ (2010), abenduaren 7an, eta Pablo Larrainen ‘Post mortem’ (2010), abenduaren 14an.