Arnaitz Gorriti

Ezkurdia berotu denean, Martijarekin Binakako Txapelketako estreinakoa eraman du (22-20)

Etxeberria eta Martija 5-10 aurreratu badira ere, Arbizuko aurrelaria jokoan sartzen hasi delarik 2020ko txapeldunek buelta eman diote partidari. Peio Etxeberria eta Martijak piloteoan menpean eraman dituzte gorriak, baina akats gehiago ere egin dituzte eta azkenean hortik joan zaie partida.

Lau Eta Erdiko finaleko ajeak erabat kendu gabe izan arren, Joseba Ezkurdiak 22ra iristen asmatu du Martijarekin batera.
Lau Eta Erdiko finaleko ajeak erabat kendu gabe izan arren, Joseba Ezkurdiak 22ra iristen asmatu du Martijarekin batera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EZKURDIA-MARTIJA 22 - ETXEBERRIA-REZUSTA 20

Iraupena: 63.50 minutu.

Sakez: 1 Ezkurdiak, 1 Etxeberriak.

Egindakoak: 8 Ezkurdiak eta 2 Martijak; 13 Etxeberriak eta 2 Rezustak.

Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 3 Martijak; 9 Etxeberriak eta 3 Rezustak.

Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-9, 5-9, 5-10, 11-10, 11-11, 12-11, 15-11, 15-12, 15-14, 16-14, 17-14, 17-15, 18-15, 18-16, 18-19, 19-19, 19-20, 20-20, 21-20, 22-20.

Gorabeherak: Aurreneko sakea eta diría gorri Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

«Nagituta bezala izan naiz hasieran. Aspaldian binaka jokatu gabe eta ezin jarrita, baina sufrituz aurreneko puntua atera dugu, gauza garrantzitsua benetan». Pozik azaldu da Joseba Ezkurdia Julen Martijarekin batera Binakako Txapelketako aurreneko puntua erdietsi ostean. Hasieran hotz ibili dira 2020ko txapeldunak eta Arbizukoa berotu den arte urdinek airean erabili dituzte, Peio Etxeberriak batez ere.

Alabaina, Etxeberria eta Rezusta 5-10 aurreratu direnetik aurrera Ezkurdia berotzen joan da eta bera jokoan sartzeaz bat, partida ere goitik behera irauli du. Erraz esaten da, baina 10-1eko partziala lortu dute gorriek, batez ere Ezkurdiaren ahal ikaragarriari esker, eta baita, ezin ukatu, Etxeberriak tokatzen dena baino opari gehiago eman dituelako ere. amaitutako tantoetan Zenotzeko aurrelariak Ezkurdiak baino zenbaki hobeak lortu ditu, baina baita galdutakoetan ere.

Ez dute etsi, ordea, Etxeberriak eta Rezustak eta partida berdindu ez ezik 18-19 eta 19-20 aurreratzea ere lortu dute. Martija nahiko hotz aritu da eta lanak izan ditu Rezustaren joari eusten, baina atzelari nafarraren partida erdipurdikoa Ezkurdiaren lanak eta Etxeberriaren kale egindako pilotek orekatu dute azkenean.

Baten batek irabazi behar aurreneko puntua eta, bada, azkenean Etxeberriari ezker paretan goregi joan zaion pilotakada batek erabaki du Binakako Txapelketa honetako estreinako partida. Ikusi behar dira oraindik hobeak, baina gutxienez emoziorik ez du falta izan bederen.