NAIZ

Ihobek 105 ekoberrikuntza proiektuk osatzen duten gida bat aurkeztu du

Ekoberrikuntzaren aldeko 105 proiektuk Ihobek Basque Circular Summiten aurkeztu berri duen gida bat osatzen dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 50 enpresak bultzatutakoak dira. Laurden bat martxan dago jada.

Erdian, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, gidaren aurkezpenean.
Erdian, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, gidaren aurkezpenean. (Irekia)

Ihobek, Lakuaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Euskadiko ekoberrikuntzari buruzko gida bat aurkeztu du ostiral honetan Basque Circular Summiten. EAEko 50 enpresak bultzatutako 150 proiektu industrial biltzen ditu.

Lakuako Gobernuak zehaztu duenez, datozen urteetan 130 milioi euroko fakturazio gehigarria aurreikusten dute, 22 negozio-lerro berri, ia 200 enplegu berri, urtean 228.000 tona berotegi-efektuko gas aurreztea eta isuri gabeko 300.000 tona hondakin baino gehiago aurreztea.

«Gero eta handiagoa da lehengaien kontsumoa murriztera eta produktuen iraunkortasuna handitzera bideratutako irtenbide berritzaileak bilatzeko beharra», adierazi dute. Horretarako, lankidetza publiko-pribatuaren «aldeko apustua» egin dutela adierazi dute.

Gidan jasotzen diren 150 proiektuak honako sektore hauei dagozkie: elikadura, automozioa, kontsumo-ondasun, eraikuntza eta obrak, ekipo elektriko eta elektronikoak, makineria, metala, trenbideak, itsasokoa edo aeronautika bezalako garraiobideak. Ia laurden bat jada martxan dago.

Adibide batzuk

Esate baterako, Arabako Errioxako Baigorri upategiarena, ardoa egiteko azpiproduktu bakarra, mahats-arraspoia, berrerabiltzean datzan proiektua da. Zuntz-balio handia baitudu eta untxiak hazteko osagai funtzional gisa erabili daiteke.

Viuda de Sainz eraikuntza-enpresaren ‘Ecobridge’ proiektua ere bada gida honetan. Bilboko zubien bizi-zikloaren amaiera hobetzeko ekozubi modular bat deritzona aurkeztu dute, beste leku batean berrerabiltzeko hondakinik sortu gabe desegiten dena.

Bestalde, Sarikik, neurketa zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gipuzkoarrak ‘Retrofit’ delakoa bultzatu du. Koordenatuen bidez neurketa makinen birmanufakturan datza. Hau da, edozein enpresa fabrikatzaileren ekipoak aztertzeko eta azken ikuskapen beharretara egokizeko gaitasuna garatu du enpresa honek.

800 parte-hartzaile

Basque Circular Summit 2022 ostiral honetan amaituko da. Biltzarrak 800 parte-hartzaile baino gehiago eta 350 enpresa inguru bildu ditu hiru egunez. Helburua ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan azken berriak EAEra hurbiltzea izan da, «Europako erreferente izaten jarrai dezan».

«Argi utzi du ekonomia zirkularra paradigma-aldaketa dela, ez dago beste aukerarik. Erronka horri zehatzago heltzeko, kongresuak saio paraleloak eskaini dizkie sektore ezberdinei», zehaztu dute Lakuatik.