Unai Lasok eta Ander Imazek garaipen sufritu batekin ekin diote aurtengo Binakako Txapelketari. Iazko azpitxapeldunek 22-21 menderatu dituzte Erik Jaka eta Aitor Aranguren Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan, gora-behera asko izan dituen neurketa batean.
Laso eta Imaz faborito argiak ziren hasi baino lehen. Baiko enpresako izar nagusia eta atzelari oiartzuarra bikain moldatu ziren iaz, eta aurten ere txapela janzteko hautagaien artean daude. Jaka eta Aranguren, aldiz, zalantza askorekin ikusi ditugu azkenaldian eta ikusteko zegoen elkar nola hartuko zuten. Bartzelonako kantxaren lur azkarra ere faktore erabakigarria izan zitekeen.
Espero zenaren kontra, ordea, Jaka eta Aranguren askoz erosoago aritu dira hasieratik. Aginagako atzelariak maila oso onean jokatu du, bizkarra erakutsi dio gehienetan Ander Imazi, eta errematerako aukerak sortu dizkio graziarekin amaitu duen lizartzarrari. Urdinak 4-8 aurreratu dira markagailuan eta gorriak ez ziren eroso somatzen.
Baina Lasok eta Imazek zerbait baldin badute lanerako jarrera eta kemena da. Gaur ere horrela erakutsi dute eta, eroso jokatu ez arren, ez dira inoiz partidatik joan. Hasiera zail horri ere garaiz eman diote buelta eta neurketa oso berdinduta iritsi da lehen atsedenaldira: 12-11.
Onartu beharra dago ez dela partida bete-betea izan. Erremate onak izan dira, baina huts asko ere bai. Baina Bartzelonako norgehiagoka ikustera hurbildu diren ikusleen zorionerako emozioa behintzat izan du demak. Emozio ikaragarria batez ere azken txanpan.
Erik Jakak gantxoz egindako tanto eder batekin 17-18 aurretik iritsi dira urdinak bigarren atsedenaldi luzera. Baina hurrengo tantoa, oso borrokatua, Unai Lasok egin du modu berean, berak ere gantxoa erabiltzen badakiela erakutsiz, aurrez defentsan lan bikaina egin ostean.
Kolpe gogorra izan da urdinentzat erdi eginda zuten tantoa galtzea, eta instant batean gorriek beste hiru lortu dituzte –bi sakez eta Lasok indartsu zabaldutako pilota batekin– 21-18 aurreratzeko.
Bazirudien urdinen aukerak amaituta zeudela, baina ez. Lasok egindako opari batek sakea itzuli die Jaka eta Arangureni, eta 21-21 berdintzeko gai izan dira. Lehenik Aranguren izan da pilotakada bikain bat errebotean sartu duena argi-argi, eta hurrengoa sakez iritsi da.
Azken tanto erabakigarria ere xelebrea izan da. Erik Jakak arazo muskularrak izan ditu ezker hankan eta herrenka aritu da defentsan. Ez du gaizki egin baina Lasok ez du barkatu eta atzera jota lortu du 22-21ekoa. Gainera, Unai Lasok berak ere karranpekin amaitu du neurketa.
«Partida gogorra izan da. Guk ez dugu gure neurketarik onena jokatu, baina horrelakoetan irabazteko gai izatea ere garrantzitsua da. Hilabete generaman jokatu gabe eta ez da erraza kantxara berriz jartzea. Gainera, esango nuke Aitorrek sekulako maila eman duela. Pozik lortutako puntuarekin eta ea hurrengoan guk maila hobea ematen dugun», onartu du Ander Imazek neurketa amaieran ETBri eginiko adierazpenetan.
Pilotakadak: 588. Partidaren iraupena: 71 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 11-10, 11-11, 13-11, 13-14, 15-14, 15-16, 16-16, 16-17, 17-17, 17-18, 21-18, 21-21 eta 22-21. Sakez: 3 Lasok eta 2 Jakak. Jokoan egindakoak: 9 Lasok, 2 Imazek, 9 Jakak eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 5 Lasok, 2 Imazek, 6 Jakak eta 2 Arangurenek. Gertaerak: Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekua. Lehen sakea, urdin. Lasok eta Jakak giharretako arazoekin amaitu zuten dema, baina nafarrak ez zuen irribarrea galdu hainbat pilotazale katalanekin argazkiak ateratzeko.
Garaipen batekin agurtu da Mikel Larunbe
Mikel Larunbek gaur arratsean jokatu du bere herrian, Galdakaon, azken partida Baiko enpresarekin. 29 urteko atzelariak Danel Elezkanorekin 22-19 irabazi du Artola eta Eskirozen aurka, baina emaitza baino garrantzitsuagoa izan da herrikideen partetik jaso duen omenaldi beroa. Aurreskua dantzatu diote, txapela jantzi ere bai eta hainbat opari jaso ditu. Errebotean jarritako pankartan irakurtzen zen moduan: «Harro zutaz». Kide izan dituen pilotari asko ere bertan izan dira.