NAIZ

Tolosako Asuncion klinikako 328 langileen subrogazioa aldarrikatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Tolosako Asuncion klinikako langileek (Inviza) elkarretaratzea egin dute larunbat honetan klinikako egungo langileen subrogazioa aldarrikatzeko, eskualdean ospitale publiko bat eraikiz gero. Halaber, KPItik gorako soldata-igoerak izango dituen hitzarmen kolektibo bat eskatu dute.

Tolosan egindako elkarretaratzea.
Tolosan egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELAk eta LABek Lakuako Gobernuari eta Tolosako Udalari eskualdeko ospitale berria «publikoa izatea, izan ditzakeen zerbitzu guztiak ematea eta Invizako 328 langileak subrogatzea» eskatu diete.

Hala adierazi dute larunbat honetan egindako elkarretaratzean. Gogoratu dutenez, «Asuncion Klinikako langileek eta Tolosaldeko herritarrek hainbat urtez mobilizatu eta borrokatu ondoren, lortu da eskualdeak ospitale publiko bat izatea onartzea».

«Jakina da Administrazioak baztertu egin duela Invizaren publifikazioa, eta ospitale berri bat eraikitzea erabaki duela. Hala ere, ez da ezagutzen zer ezaugarri izango dituen, ezta zer gertatuko den Klinikako egungo 328 langileekin ere», gaineratu dute, eta Invizan birmoldaketa orokorreko obrak egiten ari direla ohartarazi dute.

Hori dela eta, sindikatu horiek zalantzan jarri dute ospitale berri bat eraikitzeko beharra, «lehendik dagoenaren azpiegitura aprobetxa daitekeenean».

Hitzarmen kolektiboa

Bestetik, KPItik gorako soldata-igoerak izango dituen hitzarmen kolektibo bat eskatu dute, eta zuzendaritzaren jarrera salatu dute. Izan ere, hitzarmenari buruzko negoziazioak martxoan hasi ziren, eta, azaldu dutenez, zuzendaritzak ez die uzten ELAko eta LABeko aholkulariei bileretan parte hartzen.

Sindikatu hauen iritziz, «enpresa ez da fede onez negoziatzen ari, eta negoziazioak luzatu nahi ditu, aurreko hitzarmenarekin gertatu zen bezala, bost urte behar izan baitziren sinatzeko».