NAIZ

Frankismoarekin lotutako pertsonen erroldaren «zerrenda osoa» eskatu du EH Bilduk

Nafarroako EH Bilduko talde parlamentarioak idatzizko eskaera erregistratu du NUPek frankismoarekin lotutako pertsonen erroldan nor kendu eta nor sartu zen, eta erabaki hori nork eta zein irizpiderekin hartu zuen jakiteko. Era berean, txosten teknikoren bat dagoen galdetu du koalizioak.

Laura Aznal eta Bakartxo Ruizen agerraldi bat, artxiboko irudian.
Laura Aznal eta Bakartxo Ruizen agerraldi bat, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Idatzizko galdera erregistratu du EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak «NUPek egin zuen frankismoarekin lotutako pertsonen izendegian zeuden pertsonak zeintzuk ziren jakiteko». Erroldan zeuden zein pertsonen izenak kendu diren eta Batzorde Teknikoak onartutako behin-behineko erroldan, izendegian ageri ez ziren zein pertsonen sartu ziren jakin nahi du zehazki talde subiranistak.

Ohar batean azaldu duenez, pertsona batzuk erroldan sartu eta beste batzuk kanpoan uzteko erabakia nork hartu zuen argitzea eskatu du. Era berean, horren «arrazoiak» eta «horiek justifikatzeko txosten teknikoren bat egin zen» galdetu du.

Horrekin lotuta, Felix Huarte Goñi eta Miguel Javier Urmeneta Ajarnauteren kasuan, zein arrazoi eman ziren eta nork eman ztuen behin-behineko erroldan ez sartzeko», ezagutu nahi du, zehaztu duenez.

Koalizioak gogoratu du egungo Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusiak publikoki adierazi duela errolda berrikusiko dela, Memoria Demokratikoaren legearen edukia ikusita». Adierazpen horien harira, «berrikuspen horretarako erabiliko diren irizpideak» ere jakin nahi dituela gaineratu du EH Bilduk.

Loturak argitzea

Koalizioaren iritziz, Felix Huarte Goñik eta Miguel Javier Hurmeneta Ajarnautek frankismoarekin izan ditzaketen loturak argitu behar dira, eta «hala berresten badira, Memoria Demokratikoaren Legeak ezartzen dituen neurri egokiak aplikatzea» eskatu du.

Nafarroako Gobernuari, halaber, «gai honetan duen erantzukizuna bere gain har» dezala eskatu dio EH Bilduk.