NAIZ

Zaintzan lan egiten duten langileek grebara joko dute haien lan baldintzak hobetzeko

«Gobernuak eta nagusi-sindikatuek gure mobilizazioen ondotik eman dizkiguten erantzunak ez dira oraindik nahikoak», salatu dute LAB, CGT Action Sante et Sociale, Unsa SEAPB eta Sud Sante Sociaux 64 sindikatuek. Asteartea, azaroaren 29rako, greba iragarri dute. Baionan manifestazioa antolatu dute.

Joan zen urtarrilean zaintza alorreko langileek haien kexa Kontseilu Nagusiaren egoitzara eraman zuten, Baionan.
Joan zen urtarrilean zaintza alorreko langileek haien kexa Kontseilu Nagusiaren egoitzara eraman zuten, Baionan. (Bob EDME)

Azken urtean zaintzan lan egiten duten langileek behin baino gehiagotan haien lanbideen aitortza eta balio-emendatzea eskatu dute karrikan.

Izan ere, pertsona prekarioenekin, ahulenekin eta behartsuenekin duten «engaiamendu profesionala etengabe defendatzen» ari direla oroitarazi dute.

Aldiz, kexu dira ez dutelako erantzunik jasotzen edo ez bederen oinarrizko neurrien adinakorik.

«Gobernuak eta nagusi-sindikatuek gure mobilizazioen ondotik eman dizkiguten erantzunak ez dira oraindik nahikoak», salatu dute LAB, CGT Action Sante et Sociale, Unsa SEAPB eta Sud Sante Sociaux 64 sindikatuek.

Egoera okerrera egiten ari dela ikusirik, asteartea, azaroaren 29rako, greba eta mobilizazio eguna iragarri dute lau sindikatu horiek.

Hitzordua goizeko 10.30ean emana da, Baionako Merkatu plazan.

Aldarrikapen taula bateratu bat

Sindikatuek nabarmendu dutenez, inflazio orokorrak oraindik zailago bilakatu du sektoreak pairatzen duen egoera.

«Langile batzuek bakarrik lortu dute 183 euroko saria. Eta gure lankideentzat, zer? Zergatik zuzengabekeria hutsal hori? Sektore pribatuko hitzarmen kolektiboen desegiteak ez du ezer onik iragartzen. Gure lanbideek gero eta erakargarritasun gutiago dute. Ondorioz, azpikontrataziorako lerratzeak azkarki emendatzen dira» deitoratu dute.

Egoera horretan aldarrikapen taula bateratu bat plazaratu dute mobilizaziorako deiarekin batera. Hala, lehenik eta behin mugagabeko kontratazio eta titularizazio masiboak galdegin dituzte langile prestatu eta diplomadunentzat.

Ikasleei begira, kalitateko prestakuntza eta baliabide ekonomikoak eskatzen dituzte.

Soldatan gutxienez 300 euroko emendatzea galdetzen dute eta baita berehalako eta salbuespenik gabeko 183 euroko esleipena ere.

Finean, «gure lanbideen zentzua eta pertsonen zaintzaren kalitatea bermatzen dituzten lan baldintzak» aldarrikatzen dituzte.