NAIZ

Arizmendi ikastolak bildutako laguntzari esker berriz berogailua piztuko du Ametza ikastolak

Berogailuaren faltan «trikota lodia, batzuetan palto eta bonetekin» aurre egin diote negu atariko hotzari Hiriburuko Ametsa ikastolako 99 haurrek. Izan ere Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Arizmendi ikastolak bildutako 5.500 euroko laguntzari esker, ikasgelak berotu ahal izango dituzte.

Hiriburuko Ametza ikastolak elkartasunari esker aurre egin ahal dio neguko hotzari.
Hiriburuko Ametza ikastolak elkartasunari esker aurre egin ahal dio neguko hotzari. (Garbiñe ERASO)

Joan zen azaroaren 21an berokuntza sistema moztu behar izan zuen Hiriburuko Ametza ikastolak gasaren faktura zortzi aldiz biderkatua izan ondoren ezin zuelako energiaren kostuari aurre egin.

Azkeneko hamar egunetan, ikastolako 99 haurrak «trikota lodi, batzuetan palto eta bonetekin» izan dira ikasgeletan.

Atzo, asteartean, termometroak 13 gradu markatzen zuen. Baldintza latzak haur zein irakasleendako. «Ama ikastolako haur ainitz eritu dira» azaldu du hain zuen, Ametza ikastolako zuzendariak ezohiko biltzar nagusia kari.

Izan ere, Hiriburuko ikastolaren egoera latzaren berri izan eta berehala heldu zen elkartasun taupada.

Kasu honetan Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik. Zehazki Arizmendi ikastolak bildutako laguntzari esker berriz ere berogailua piztu ahal izan du ikastetxeak.

Elkartasun hostoak saldu dituzte

«Gure ikastolatik ekarpena egin nahi izan dugu, eta gaztaina erre eta elkartasun hostoak saltzera irten gara gure herrietara; ostegunean Arrasatera, eta ostiralean Aretxabaleta eta Eskoriatzara» azaldu du Arizmendi ikastolak ekimen horren karietara.

Bestalde, «Gazteluondo 4 mailako Jare C., Nahia, Garazi, Izar, eta Jare I. eta Mhairik beraiek egindako azoka batean bildutako dirua Ametza ikastolarako eskaini dutela» gehitu du Arrasateko ikastetxeak bere webgunearen bidez.

«Herriak berotzen du Ametza ikastola», adierazi du, bere aldetik, Lapurdiko ikastetxeak gaur hedabideei igorritako agiriaren bidez. Bere poztasuna, baita esker ona, agertu du.

Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Arizmendi ikastetxeko ikasleek, irakasleek eta gurasoek eginiko kanpainia azkarrari esker egun gutxitan 5.500 euro biltzea lortu zituzten «Ametza ikastola berotzeko».

«Ikasgelak berotzeaz gain, gure bihotza berotu dute»

«Ikasgelak berotzeaz gain, gure bihotza berotzen du ere eta bihotzez ditugu eskertzen gure adiskideak», adierazi dute Hiriburuko ikastolako arduradunek.

Diru-iturri horri esker, Ametza ikastolako gurasoek erabaki dute gasa kontratu berri bat izenpetzea gaur bertan.

Berokuntza sistema ostegunean, abenduaren 1ean, berriz abian ematea espero dute. «Ostegun goiza azkena izan behar litaike nun gure haurrek hotz ukanen duten ikastolan», zehaztu dute gurasoek.

Konponbide iraunkorra behar dute atzeman

Arizmendi ikastolak bultzaturiko elkartasunari esker Hiriburuko ikastolak epelean ahalko du negua igaro. Izan ere, behin-behineko aterabidea baizik ez da.

«Epe luzarako konponbidea atzeman behar dugu gure energia kontsumoa murrizteko eta ingurumena zaintzeko», azaldu dute ikastolako ordezkariek.

Horrrendako Euskal Elkargoari zuzentzeaz, baina enpresa eta partikularreri burutua den kanpaina emanen dute martxan.

Dagoeneko lehen hitzordua eman dute. Igande honetan Mus Txapelketa antolatu dute, Hiriburuko La Perle gelan, arratsaldeko 14.00etatik goiti.