San Andres egunean jokatu beharreko Binakako lehen jardunaldiko azken partidak eragingarri ugari zituen. Alde batetik, Jokin Altunaren ausentzia Danel Elezkanok nola beteko zuen ikustea. Bestetik, lehen mailako txapelketa honetan jokatzen zuen lehenengo neurketan, Aitor Elordiren maila ikusteko zegoen ere.
Aurrelariak eguneko anekdota ere utzi du; izan ere, goizean Berriatuatik joan behar izan du Zornotzaraino ostiraleko bigarren jardunaldiko partidarako material aukeraketarako, etxera itzuli, bazkaldu eta arratsaldean Eibarrera joan da jokatzera. Ez ditu takoak jarri eta ezin izan ditu pilotak probatu. Bere atzelari Jose Javier Zabaleta ez da bertan izan, baina Aquileseko orpoan izandako arazoengatik 24 egun kantxetatik kanpo egon ostean, nafarrak nola erantzungo zuen jakin nahi zuten pilotazaleek.
Hori dena beste aitzakia batekin: Eibarko Astelehena pilotalekuak bost hilabete ondoren ireki ditu ateak bertan egokitzapen lan batzuk egin eta frontiseko eta ezker paretak margotu ostean. Hau dena kontuan hartuta, Aitor Elordi eguneko protagonista izan dela esan dezakegu. Aspeko aurrelariak erakustaldia eskaini du eta, Zabaleta sendo batekin, txapelketako lehen garaipena eskuratu du elkarrekin ondo moldatu ez diren Elezkano II.a eta Tolosari 7-22 irabazita.
Hasiera-hasieratik erakutsi dute nagusitasuna. Izan ere, 0-6 ipini dira ziztu bizi batean. Pentsa, Elezkanoren lehen tantoa ikusteko 1-6koari itxaron behar izan dute pilotazaleek. Baina hurrengoan Elordi agertu da berriro, ordurarteko tanto luzeena pilota zabalean gantxoz txikituz.
Urdinek sendotasuna erakutsi dute, nahiz eta 3-9an Zabaletaren lehen hutsa iritsi den, bikotearen arteko gaizki ulertze batean. Hala ere, Elordik bere tanto erakustaldiarekin jarraitu du, hamargarren eta hamaikagarren tantoak eginda (3-13 eta 4-14).
Bi bikoteen arteko aldea handia zen, eta hala jarraitu du partidaren amaiera arte. Zabaletak egun lasaia izan du hainbeste egun kantxetatik kanpo iragan ostean. Gainera, atzean egurrean jarraitu duen bitartean, Tolosak bigarren hutsa egin du 5-18koan, gora jian zaio pilota 7-20koan eta Elordik eta Zabaletak lehen puntua eskuratu dute, lehen jardunaldian, txapelketa luze honetan.
PARTIDAKO FITXA:
Elezkano II.a-Tolosa: 7
Elordi-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 410. Iraupena: 49 minutu. Markagailua: 0-6, 1-6, 2-7, 2-9, 3-13, 4-17, 5-18, 7-18 eta 7-22. Sakez egindako tantoak: 0 Elezkano II.ak eta 1 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 2 Elezkano II.ak, 0 Tolosak, 14 Elordik eta 1 Zabaletak. Hutsak: 3 Elezkano II.ak, 3 Tolosak, 3 Elordik eta 2 Zabaletak. Gertakariak: Sarrera bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan Binakako Txapelketako lehen jardunaldiko azken partida ikusteko.