Balentria. Ez dauka beste izenik Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik Perfumerias Avenida eta Spar Gironaren aurka egin duenak. Bizkaitarrek Perfumerias Avenida 62-60 mendean hartu du aurreneko laurdenean 0-7 galtzen hasi eta gero.
Are eta handiagoa egin du, ordea, Kutxabank Araskik. Holopainen gabe eta Laura Pardo jokora itzulita, Spar Gironaren kantxan nagusitu da, 62-64 irabazita, aurreneko erdian 35-24 galtzen izan ostean.
Lastima bakarra IDK Euskotrenen porrota izan da. Azu Muguruzarenek ezin izan dute Lugoko Ensino Josean Gascan mendean hartu eta 60-69 galdu du.
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 62 - PERFUMERIAS AVENIDA 60
Malosten aspaldiko partez jai eguna izan da Perfumerias Avenidaren aurkako dema. Egia da aurreneko minutuetan Roberto Iñiguez de Herediaren taldeak alde egin duela, baina bizkaitarrek defentsa estutu dutenean gauzak goitik behera aldatzea erdietsi dute.
Zentzu horretan, Julie Wojtak –15 puntu eta 7 errebote– edo Roso Buch lako jokalariek sekulako ekarpena egin dute, taldeari niortasuna emanez beste edozeren gainetik.
Une batez gainera Lointek Gernika Bizkaiak erraz irabaziko zuela zirudien, atsedenaldira 31-28 iritsi eta 17-9ko partziala lortuta hirugarren laurdenean. Baina Maite Cazorlak zezenari adarretatik heldu dio eta Salamancako taldeak atzetik aurrera sekulako lana egin du.
Horrez gainera, bizkaitarrek urduritasuna nabaritu dute eta azken unean Williams eta Spreaficoren jaurtiketa batzuek baino ez diote eman azken orduan garaipena eskuratzeko behar izan dituen puntuak.
Anna Montañanak eskatu bezala, defentsa lanetan aurrerapauso nabarmena eman du talde bizkaitarrak eta Euroligako talde gogor bati irabazteko kapaz izan da, aspaldiko partez.
SPAR GIRONA 62 - KUTXABANK ARASKI 64
Valentzian irabazi du aurten Kutxabank Araskik eta ostegun honetan Gironari ere hortzak erakutsi dizkio. Azkenera arte emozioa eta ezin sinetsia izanagatik, Tanaya Atkinson eta Flor Chagasen puntuek, eta defentsan egindako lanak Girona ia punturik sartzeke laga dute gasteiztarrek. Gironak ez du arabarren defentsa zulatzen asmatu.
Gezurra dirudi atsedenalditik aurrerako partziala 17-25 izan dela ikustea, aurreneko laurdenean talde katalanak Made Urietarenak airean eraman behar zituela eman baitu. Laia Flores edo Gardner lako jokalariek sekulako etorria erakutsi dute eta atzean hortzak gogotik estutu behar izan ditu talde gasteiztarrak neurketan bere burua mantentzeko.
Baina lortu du. Made Urietak zonakako defentsa eta buruz burukoa nahastu ditu eta Gironak ez du modurik aurkitu aurkariaren defentsari erantzuteko. Aldiz, erasoan Maria Asurmendik beste martxa bat sartu dio talde gasteiztarrari, antolatzaile iruindarrak solrbaldan arazoak izanagatik. Bestalde, aurreneko erdian ez bezala, askoz baloi gutxiago galdu ditu Araskik atsedenaldiaren ostean eta horrela lortu du azken minutuetara partida berdinduta eramatea.
Tanaya Atkinsonek eta Flor Chagasek jarri dute Kutxabank Araski aurretik. Baina behin aurrea hartuta, defentsan estutu behar izan du Gironak berriz ere buruzagitzarik ez hartzeko. Ondo atera zaio plana Made Urietari eta gasteiztarrek etxean ez duten erregulartasuna kanpoan sekulako balentriak eginda konpentsatzen jarraitzen dute.
IDK EUSKOTREN 60 - ENSINO 69
Azken laurdenera arte aukerak izan ditu IDK Euskotrenek baina azken hamar minutuetan 10-16ko partziala jasota amore eman behar izan dute Azu Muguruzarenek. Porrot honen ostean zortzi onenen artetik erori egin dira gipuzkoarrak.
Ensinok defentsa ahul xamarra erakutsi izan du aurreko neurketetan, baina ostegun honetan askoz gogorragoa izan da IDK Euskotren baino. Hasteko, errebotean jaun eta jabe izan da talde galiziarra, donostiarrek baino 16 errebote gehiago harrapatu baititu. Hori gutxi ez eta, 21 jaurtiketa libretik herena kale egin ditu Azu Muguruzaren talderak etra askoz zorrotzago aritu da zentzu horretan Ensino.
Hala, aurreneko minutuetan aurretik ibili den arren, bigarren laurdenetik aurrera galiziarrek jokoan eta markagailuan ekimena eraman dute, batez ere Blanca Millan hegalekoa eta Paula Ginzo pibotaren lanari esker, Alba Prietoren 16 puntuak ahaztu gabe.
Ezin asmatu, ezin erreboterik hartu eta aukera batzuetran kale eginda, goitik beherantz egin du IDK Euskotrenen jokoak eta Ensinok bikain baliatu ditu donostiarren ajeak.