Asier Aiestaran

Daniela Vargas, pilotaz maitemindu den mexikarra

Daniela Vargas Pacheco mexikarra bere herrialdean hasi zen pilotan jokatzen, oso modu apalean, baina 2017an Euskal Herrira egindako bidaiak erabat aldatu zion bizitza. Pilotaz maitemindu zen eta David Alvarez bere senarrarekin batera Lauburu pilota eskola jarri zuen martxan. Ia 80 ikasle dituzte.

Daniela, David Alvarez senarrarekin eta Lauburu eskolako lau ikaslerekin batera.EMAKUME MASTER CUP
Daniela, David Alvarez senarrarekin eta Lauburu eskolako lau ikaslerekin batera.EMAKUME MASTER CUP

Daniela Vargas pilotari mexikarra Euskal Herrian izan da orain gutxi, Lau eta Erdiko Emakume Master Cup lehiaketan parte hartzeko eta Biarritzeko Munduko Txapelketan urrezko domina irabazi duen David Alvarez bere senarraren laguntzaile lanetan aritzeko. Aukera baliatu dugu berarekin hitz egin eta bere bizipenak gertutik ezagutzeko.

Lau eta Erdikoari dagokionez, Danielak Zornotzan jokatu zuen Olatz Beitia lekeitiarraren aurka. Azkenean 22-19 galdu zuen, baina aipagarria da pilota mistoarekin (gogorragoa) lehiaketako neurketa bat jokatzen zuen lehen aldia zela mexikarrarentzat.

«Oso gogotsu nengoen partida hau jokatzeko, emozioz beteta eta hasieran oso urduri. Urduri eta kezkatuta, ez nuelako Olatz Beitia ezagutzen eta ez nekielako zer joko mota egiten duen. Azkenean, nik Mexikotik gehien ikusten ditudan bideoak Olatz Arrizabalaga edo Amaia Aldai bezalako pilotarienak dira. Maila ikaragarria daukate eta beldur puntu batekin nentorren. Horregatik, aurreneko tantoetan oso estresatuta sentitu nintzen, urduritasun horregatik oso lotuta. Gero solteago jokatzen hasi nintzen, baina ordurako berak sekulako abantaila zeukan markagailuan, 13-3 uste dut. Nire buruari esan nion ‘hasi gozatzen, horretara etorri zara, jokatzera eta gozatzera’. Eta halaxe egin nuen. Asko hurbildu nintzen markagailuan, 19-17 uste dut, baina amaieran azken tantoak berak egin zituen. Maila tekniko bikaineko pilotaria iruditu zitzaidan, asko jokatzen duena. Ezin izan nuen irabazi baina asko gozatu nuen», gogoratu du norgehiagokari buruz.

Daniela Vargas Euskal Herrian egon da duela gutxi. Oskar MATXIN EDESA | FOKU

Amodio istorio bat

Izan ere, Danielak pilota munduarekin duen harremana amodio istorio batekin parekatu daiteke lasai asko. Ikasle garaian denbora-pasa huts izatetik bere bizitzaren ardatz bilakatzera igaro da urte gutxian. 2017an Euskal Herrira egin zuen bidaia aipatzen du inflexio puntu bezala, baina merezi du kontaketari apur bat lehenago ekitea.

«Ni 2016an hasi nintzen pilotan jokatzen. Ikasketak egiten nituen zentroan (Escuela Preparatoria) 30 metroko kantxa bat zegoen eta hortxe hasi nintzen, teniseko pilotarekin. Badakizu Mexikon teniseko pilotarekin jokatzen dela», ekin dio Vargasek bere ibilbidea laburtzeari.

«Dena 2017an aldatu zen. Jakin nuen Emakume Master Cup txapelketa jokatzen zela eta pilota aldatu nuen [tenisekotik larruzkora]. Gainera, Mexikon pilota ukabilarekin jotzen dugu. Eta asko kosta zitzaidan Euskal Herriko jokora moldatzea. Baina bidaia hark bizitza erabat aldatu zidan. Ni arkitektoa naiz ofizioz, baina bidaia haren ostean arkitektura utzi egin nuen», aitortu du bere erabakia gogoratuz.

Eta arkitekto lana uztearen arrazoi nagusia Mexikon pilota mundua lantzeko gogoa izan zen. Bai bere kirol maila igotzen joateko eta bai, orokorrean, Mexikoko pilotarien maila hobetzeko. Alde batetik, pilota eskola bat martxan ipini zuten berak eta David Alvarezek eta, bestetik, Munduko Txapelketara begira prestakuntza plan egoki bat egituratzen hasi ziren.

«Bai niri eta bai pilotari aski ezaguna den David Alvarez nire senarrari bidaia hark pilotaz asko ikasteko balio izan zigun, Mexikon ezagutzen ez genituen gauza asko ikasteko. Gainera, Kepa Arroitajauregi zenak eta Iker Amarikak etengabe animatzen gintuzten Mexikon pilota eskola bat irekitzera. Mexikora eramateko materiala ere utzi ziguten; erabilitako pilota goxoak eta mistoak, esaterako. Eta horrela sortu genuen gure lehen pilota eskola, 2018an. ‘Escuela de Pelota Lauburu Mexico’ izena du. Orain jada hiru eskola ditugu herri desberdinetan».

Daniela Vargas, Lauburu pilota eskolako gaztetxoekin. LAUBURU PILOTA ESKOLA

78 ikasle, eta hazten

Danielak aipatu digunez, pilota eskolaren proiektuak indar handia hartu du urte hauetan. «Gutxi gorabehera 78 ikasle ditugu eskolan, hiru herrietakoak batuta, bost urterekin hasi eta adin guztietakoak. Mexikon jende asko dago larruzko pilotekin jokatu nahi duena, nahiz eta umetan ez ezagutu. Horregatik, jubenil eta senior mailako pilotari dezente ditugu, beraien artean lehiatu daitezkeenak. Esan bezala, Mexikon gehienek teniseko pilotarekin jokatzen dute, baina interesa agertzen dutenei materiala uzten diegu lehiatzen has daitezen. Eta berdin pilota gehiago ezagutu nahi duten helduekin», eman digu hango berri.

Arrakasta ikusita, proiektua handitzen jarraitu nahi dute Mexiko osoan. «Gure asmoa Lauburu pilota eskola herrialde osoan zabaltzea da. Kirol Komisio Nazionalarekin elkarlanean gabiltza, entrenatzaileak prestatzeko eta gutxienez errepublikako estatu bakoitzean prestakuntza egokia duen entrenatzaile bat egon dadila, euskal pilotaz dakiena, material klase hau ezagutzen duena, gaztetxoen formakuntzaz ezagutza egokia izango duena, materiala adin bakoitzari egokitzen jakingo duena… Eta modu horretan pilotaren kultura herrialde osoan zabaldu. Hori hasiera batean. Gero erremintako jokamoldeentzat eskolak irekitzea ere ari gara pentsatzen, zesta-punta lantzea bereziki agian. Noski, Davidek eta biok bakarrik ezingo genuke dena aurrera eraman, baina prestakuntza egokia duten monitoreak bilatuko genituzke lan hori egiteko», dio.

Bidaia, ikasleekin

Mexikon egiten duten lan guztiaren sari moduko bat izaten da beraientzat Euskal Herrira etortzea, eta hemen igarotzen duten minutu bakoitza zukutzen saiatzen dira: hemengo pilotari eta teknikariekin entrenamenduak egin, esperientziak partekatu, partidak ikusi, materiala bildu… Eta aurtengo bisita are pozgarriagoa izan da beraientzat, lehen aldiz pilota eskolako ikasle gazte batzuk beraien ekartzeko aukera izan dutelako.

«Oso positiboa izan da. Aurtengo gure proiektuetako bat Lauburu pilota eskolako ikasle batzuk Euskal Herrira ekartzea zen, bertako pilota hobeto ezagutzeko. Hau da euskal pilotaren sorlekua eta nik milaka azalpen eman arren desberdina da norberak bertatik bertara ezagutzea. Azkenean lau ikasle ekarri genituen teknifikazio kanpamentu batera Munduko Pilota Batzarraren eta Euskadiko Pilota Federazioaren eskutik. Ostatua eta otorduak beraien kontu hartu zituzten, eta guk, han antolatu genituen jaialdi eta antzekoei esker, ikasleak Euskal Herrira ekartzeko dirua lortu genuen. Beraz, Daviden tituluaz gain, edo nik pilota mistoarekin eman dudan aurrerapausoaz gain, harro sentiarazten nau mutiko horiei esperientzia hau bizitzeko aukera eman ahal izanak».

Eta jada Mexikon diren arren, Daniela Vargasek ez du epe laburrean berriz ere Euskal Herrira etortzeko aukera baztertzen, egonaldi luzeago baterako gainera. «Hemen luzerako geratu nahiko genuke, baina itzuli beharra daukagu, Mexikon ere gauza asko daudelako egiteko pilotaren alde. Davidek Iparraldean trinketean jokatzeko aukera hor dago, hizketan daude oraindik, eta gauzatuko balitz ni berarekin etorriko nintzateke, nik ere hemen jokatuz nire maila asko hobetu nezakeelako».

Modu batera edo bestera izan, jarrai dezatela pilota lantzen eta ametsak betetzen.

 

David Alvarezek ezustean irabazitako urrezko dominaren intrahistoria

Biarritzen jokatu den Munduko Pilota Txapelketan ezustekorik izan bada, hori David Alvarez mexikarrak ezkerparetako buruz buruko modalitatean lortu duen urrezko domina izan da. “Stitch” ezizenez ezagutua –Disneyko pertsonaiarekin duen antzagatik– den Alvarezen maila ezaguna zen aurrez ere: 2017an Munduko Kopa irabazi zuen Angelun, finalean Xabier Santxo afizionatuari irabazita (10-2, 6-10 eta 5-4), eta 2018an Munduko Txapelketan zilarrezko domina kolkoratu zuen finalean gaur egun profesionala den Javier Zabala aurrelariaren kontra galdu ostean (8-10 eta 5-10).

Aurtengo txapelketan ere Espainiako selekzioko ordezkariaren aurka neurtu behar izan ditu indarrak finalean Alvarezek, 14 urtez profesionala izan zen Julen Retegiren aurka, hain zuzen ere. Retegi faborito argia zen urrea lortzeko, pronostiko guztien arabera, baina David Alvarezek ezustea eman eta garaipena lortu zuen. Bi joko nahikoa izan zituen nafarra menderatzeko: 10-8 eta 10-5.

Lorpen horren atzean urte luzeetako lana dagoela adierazi digu Daniela Vargasek, senarraren prestaketaz arduratu baita. «Ni arkitektoa naiz eta pilota eskola ireki genuenean pilotaz ez nekien ia ezer. Horregatik, ikasketa prozesu bat jarri nuen abian. Kurtso batzuk egin nituen, Kirol Komisio Nazionalera jo nuen, Estatuko Kirol Elkartera... informazioa biltzen joan nintzen kirolarien prestakuntzari buruz jakin beharrekoak ikasteko asmoz».

Eta prozesuan, gainera, hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte. Alde batetik, Mexikon esku pilotak berez dituen zailtasunak daude, batez ere goi mailako lehiaketen gabezia. «Mexikon lehiaketa nazional nagusi bat egoten dela esan daiteke. Nazioarteko lehiaketaren bat datorrenean, aurretik lehiaketa nazionala egiten da eta lehen bi postuetan amaitzen dutenak joaten dira Mexiko ordezkatzera. Baina errealitatea da ez dagoela federazioaren partetik formakuntza bereziturik».

Horregatik, mexikarren kasuan garrantzi berezia du prestaketa ongi planifikatzeak, goi mailako lehiaketa gehiagoren faltan ez dagoelako pilotarien maila testatzeko ia aukerarik. «Guk iaztik bagenekien aurten Munduko Txapelketa zegoela eta mimoz prestatu nahi izan genuen lehiaketa. Prestakuntza zikloak antolatu, mikrozikloak, makrozikloak, asteroko entrenamendu plangintzak… prestakuntza ahalik eta egokiena landu nahi genuen Munduko Txapelketara ongi heltzeko. Lehen helburua txapeldun nazional izatea zen, eta hori lortu genuen partida bakar bat ere galdu gabe, ez bakarka eta ez binaka. Eta ondorengo helburua Munduko Txapelketa irabaztea zen, mexikar batek inoiz lortu gabekoa».

Bigarren oztopo nagusia lesio moduan iritsi zen, jada Munduko Txapelketa ate joka zegoenean. «Kontua da bidean zailtasun handi bat izan zuela Davidek, ezker eskuan lesio bat izan zuelako. Fibrosi bat izan zuen eta ia hiru hilabetez egon behar izan zuen pilota jo gabe. Tarte horretan asko zentratu ginen lan fisikoan, prestakuntza gelditu gabe jarraitzen, bagenekielako Espainiaren izenean jokatzera irteten zena, edozein izanda ere, oso arerio gogorra izango zela guretzat. Behin lesioa osatuta, pilotan jokatzeko aukera izan bezain laster, Munduko Txapelketa hasi baino hilabete eta erdi lehenago gutxi gorabehera, bete-betean sartu ginen kantxako lan teknikoan».

Emaitzak argi erakusten du egindako lana ezin egokiagoa izan zela, eta Danielarentzat ere esperientzia oso baliagarria izan da entrenatzaile moduan, etorkizunean etorriko diren erronka berrietarako asko ikasi baitu.