NAIZ

28 urteko surflari bat hil da ostegunean Angelun

28 adineko surflari bat hil zen, ostegun arratsaldean, Angeluko La Barre hondartzan. Inguruan ziren beste surflariek kirolaria itsasotik atera eta lehorrera eramatea lortu bazuten ere, handik gutxira sorospen zerbitzuek bere heriotza baieztatu zuten.

La Barreko hondartza, gaur goizean.
La Barreko hondartza, gaur goizean. (NAIZ)

28 urteko surflari bat hil zen, ostegun arratsaldean, Angeluko La Barre hondartzan.

Sorospen zerbitzuek 15.40tan jaso zuten ezbehar baten oharra egiten zuen deia, gaur FranceBleu irratiak jakitera eman duenez.

Gaztea ez zegoen bakarrik itsasoan eta inguruan ziren hainbat surflarik eman zioten lehenengo laguntza, baita itsasotik hondartzara eraman zutela.

Baionako erietxetik mediku unitatea abiatu zen berehala La Barre hondartzara. Surflaria berpizten ahalegindu baziren ere, finean gizonaren heriotza baieztatu zuten.

Inkesta bat zabaldu da heriotzaren arrazoiak zehazteko, ez baita argi gaztea kirol istripu baten ondotioz hil zen edo surfa egiten ari zenean bihotzekoa jasan zuelako.

Aste honetan itsasoaren ura dezente hoztu da euskal kostan. 10 gradu beheko tenperaturak neurtu ziren atzo arratsaldean Angelun.

Edonola ere, Lapurdiko kostan urte osoan zehar jarduten dute surflariek, hotzari aurre egiteko jantzi aproposak dituztelako.

Olatu handiak eta tenperaturen beherakada

Olatu handiak izan dira, berriz, azken asteotan Lapurdiko kostan. Horrek arrisku berezia sortu du. Hala, aste hasieran erreskate bat burutu zuten suhiltzaileek Donibane Lohizuneko Hondartza Handian.

Pertsona bat bainua hartzen ari zen hondartzatik 200 bat metroetara eta zailtasunak atzeman zituen berriz ere hondartzara itzultzeko.

Sorospen zerbitzuek eskainitako laguntzari esker azkenean pertsona hori onik atera zen.

Udatik kanpo ez dago hondartzak zaintzeko zerbitzurik Lapurdiko hondartzetan. Horrendako, sorospen zerbitzuek zuhurtiaz jokatzeko gomendioa ematen dute.

Ahal delarik bakarrik ez ibiltzeko itsasoan, bereziki eguna iluntzerakoan, gomendaturik da, eta inoiz baino gehiago eguraldiaren aurreikuspenak aintzat hartzeko aholkua berretsi dute.