NAIZ

Euskaraldiaren balorazio positiboa egin dute, baina «hau ez dela nahikoa» ohartaraziz

Euskaraldia amaitzen den egunean balantzea egin dute bere antolatzaileek. Pozik dira ekimena gizartean normaldu delako eta ariketa sendotzen duelako, baina aldi berean txapa gutxiago ikusi dela onartu dute eta Euskaraldiarekin bakarrik ez dela nahikoa ekarri dute gogora.

Euskaraldiaren bultzatzaileen balorazio agerraldia, Gasteizen, jardueraren azken egun honetan.
Euskaraldiaren bultzatzaileen balorazio agerraldia, Gasteizen, jardueraren azken egun honetan. (Raul Bogajo | Foku)

Euskararen Egunarekin lotuko da Euskaraldia. Gaur ostirala da azken eguna eta goizean balorazioa egin dute Gasteizen koordinazio maila osatzen duten erakundeetako ordezkariek. Ekimenaren sendotzea aipatu dute, datuek horrela baieztatzen dutelako, baina edizio honi buruzko ikerketaren emaitzei itxaron gabe «txapa gutxiago ikusi ditugula kalean» ez dute izkutatzen.

«Ariketaren bilakaera oso positiboa izan da», egiaztatu dute agerraldian, ekimena gizartean sustraiturik dagoela ziurtatuz. Baina aldi berean gaurtik aurrerako ohartarazpen garbia egin dute: «Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da».

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Bingen Zupiria eta Ana Ollo Lakua eta Nafarroako Gobernuko sailburuek, hurrenez hurren, batzordeetako kideek eta beste entitate batzuen ordezkariek hartu dute parte Gasteizko Artiumen egindako agerraldian.

Inpresioak eta zenbakiak

Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela uste dute ekimenaren antolatzaileek. «Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu», adierazi dute.

Zehatzago, ondorio hauek txalotu dituzte: «Euskaraldia gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena da eta edizioz edizio ari gara bide hori urratzen. Herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira»; «Ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira: partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat»; «Euskaralditik proposatzen den “lehen hitza euskaraz” arau sozial berriak aurrerapauso handiak eman ditu lau urteotan»; «Euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratua dago»;  «Hirugarren edizioak erakutsiko du, baita ere, ariketa efektiboa dela, proposatzen diren ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten dela. Eta entitateetan euskaraz eroso aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten dela. Ariketak emaitzak ematen ditu, beraz».

Zenbakiak eskuetan, «Euskaraldian parte hartzea ere egonkortze bidean dagoela ikusi dugu hirugarren edizio honetan –esan dute. Gure kalkuluen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopuruan gaudela esan dezakegu. 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. Oso datu ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek, hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko eta hori itzela da».

161.099 lagunek eman dute izena (askok hori egin gabe parte hartu dute, jakina), 6.634 entitatek, eta 8.563 arigune sortu dira. Alde horretatik pozik dira antolatzaileak

Aurreko edizioetan izena eman zuten askok oraingoan izena eman gabe jardun dutela uste dute, hala ere. Izan ere, «herriz herri lanean egon diren batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara. Baina, aldiz, pertzepzioa dugu jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean. Hala ere, aipatutako guztiak kontuan hartuta eta lehenago esan bezala, aurreko edizioko parte hartze kopuruetan gaudela esan dezakegu».

Abian den ikerketak emango ditu Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu gehiago, «dena ongi bidean, hurrengo urtearen lehen erdian».

Guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. «Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan», aipatu dute.
  
Aurrera begirako erronkak

Orain zer? «Aurrera begira, jarraituko dugu rolak gizarteratzen, beti esan dugun bezala, epe luzeko lana izango baita. Lehenago aipatu dugun modura, rolen  eta berauen portaeren legitimazioan urrats sendoak eman ditugu azken lau urteetan. Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan», aipatu dute Euskaraldiko antolatzaile eta bultzatzaileek.

«Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu, ariketarako beharrezkoa baita. Aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen. Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da», ekarri dute gogora.

«Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea»

 Beraiena eragiteko ekimena dela nabarmendu dute beste behin ere: «Gizarte honetan oso ohituak gaude euskararen alde agertzeko kanpainetara. Euskaraldiarekin bide berri bat zabaltzen ari gara, gure eguneroko ohitura eta portaeretan eragiteko».

«Euskaraldia bi urtean behin egiten den ariketa da, baina behar beharrezkoa da, aurreko edizioetan esan dugun modura, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen. Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da», amaitu dute. Eta hau erantsita: «Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea».