Txapelketa hasi baino ez da egin, baina bi partida jokatuta, atzelari jotzaileak dagoeneko hasi dira euren eremua markatzen. Bezperan Jose Javier Zabaletak Zornotzan egin zuenaren bidetik, Jon Mariezkurrenak bere egin du Lizarrako partidako aginte makila eta bi atzelaririk jotzaileenak biltzen dituzten bikoteak dagoeneko sailkapenaren buruan dira, jokatutako bi partidak irabazita. Batez ere lehen erdian, saiatu dira Jaka-Aranguren partidari eusten, baina berriozartarrak martxa bat igo duenean ezin izan diete haren eskuinkadei jarraitu eta aurreko astean Bartzelonan baino askoz urrutirago geratu dira lehen puntua batzetik.
Eta hori, partida hasieran hortzak erakutsi dizkietela hasieratik oso faborito irten diren tolosarra eta nafarrari. Jotako lehen pilotakada hamarrean jarri badu ere, Jon Mariezkurrenak behetik gorako partida jokatu du eta hasiera horretan ez dio bizkarra horrenbeste erakutsi ondo defendatu den Aitor Arangureni. Erik Jaka ere pixkanaka bere onera dator eta saiatu da, izan dituen aukera apurretan jokoa nahasten eta 7-9kora arte, hainbestean eutsi diote partidari.
Hori bai, Peña eraginkor batekin, batez ere ezker gantxoz aritu da tantoak amaitzen, partidak kolore urdina zuen eta erdi parte horretan apurtu da zeharo. Jon Mariezkurrena pixkanaka Aitor Aranguren 10. koadroan kokatua dagoen errebotera bultzatuz joan da eta Jon Ander Peñak ez du bere atzelariak sortutako abantaila alperrik galdu. Ez da agian bezperan Aitor Elordi bezain dotore aritu tantoak amaitzerakoan, baina tolosarrak ere badaki tantoak egiten eta partidaren bigarren erdi eroso xamarra izan dute, Arangurenek egindako esfortzua ordaindu eta Jakak apenas izan duelako jokoan sartzeko aukerarik.
Altunak ez du jokatuko
Bien bitartean, hala espero bazen ere, Jokin Altunak ez du asteartean Tolosan jokatuko. Amezketarrak binakako entrenamendu bat egin du goizean Idiazabalen Egiguren, Erostarbe eta Tolosarekin batera eta oraindik bere eskuin eskua erabat osatu gabe dagoela ikusi du. Aurreko astean bezala, Danel Elezkano izango da bere ordezkoa Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka.
«Entrenamendu bat egin dugu binaka eta oraindik ere kolpea notatzen dut, oraindik ez daukat eskua kantxara irteteko moduan eta aste honetan ere ez dut jokatuko. Ea hurrengo asterako jartzen naizen», azaldu zuen Aspeko aurrelariak probaren ostean. Ondo hartu beharreko erabakia du Jokin Altunak, izan ere, gero hiru egunetan bi partida jokatzeko iragarria baitago. Datorren larunbatean Labriten jokatzekoa da Ezkurdia-Martijaren aurka eta asteartean, Santa Lutzi egunez, Urretxun, Jaka-Arangurenen aurka.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Aranguren: 10
Peña II.a-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 414. Iraupena: 51,45 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-5, 3-5, 3-8, 4-8, 4-9, 7-9, 7-15, 8-15, 8-19, 9-19, 9-21, 10-21, 10-22. 0 Jakak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 2 Jakak, 2 Arangurenek, 9 Peña II.ak eta 3 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Jakak, 6 Arangurenek, 3 Peña II.ak eta 4 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina, ia ia bete da Lizarrako Remontival pilotalekua. Hasieratik dirua nabarmen irten zen urdinen alde.