Elkarlanean proiektuak plazaratzeko eta, aldi berean, hausnarketa eta laguntzarako espazio izateko sortu zen Zart! kolektiboa. «Hasteko, elkarrekin egoteko gune bat da, ze Durangon-eta elkartzen garenean askotan aipatzen dugu antzeko egoeran gaudela, prekarioa askotan, eta badagoela halako gabezia edo behar bat inposatzen zaiguna sortzaile izateaz gain komunikatzaile, saltzaile… ere izatekoa. Hori modu partekatuan egiteko bildu ginen», azaldu dio NAIZi Harkaitz Canok. Bera da, Maite Larburu, Alain Urrutia, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba, Rafa Rueda, Elizabeth Macklin, Lou Topet eta Naiara Egimendiarekin batera kolektiboa osatzen duten artistetako bat.
‘Loti (h)errena’ da kolektiboaren lehen lan komuna, disko-liburu izateko pentsatu eta «paperezko disko» izaten amaitu duen proiektua. «Entzun litekeen liburu bat da edo ikusi litekeen musika; paperezko disko bat», deskribatu du Maite Larburuk. Bere iritziz, diziplina ezberdinetako jendea batu izanak izaera berezia eman dio proiektuari, eta emaitza ere halakoxea da. Euskarri fisikoa liburu bat da, non kolektiboko kideen idatziak (poemak, kantuak, esaldi solteak, hausnarketak, zirriborroak…) eta ilustrazioak (marrazkiak, argazkiak, collageak…) biltzen diren. «Liburu baten itxura dauka eta esango nuke dela garai batean diskoetan agertzen ziren libreto horien mutazio bat. Joan gara hor biltzen loarekin, insomnioarekin, esna mantentzearekin, kafearekin… lotura duten kontuak. Jolas asko egin dugu, baita irudiekin ere», azaldu du Canok, eta zehaztu du liburua bera ez dela hasi eta buka, orden zehatz batean irakurtzekoa: «Bi aldeetatik irakurtzen den liburua da; bi azal ditu, ez du kontrazalik. Testuetako batzuk zentzu batean irakurtzen dira eta besteak bestean, alegia, liburuari buelta eman behar diozu».
Eta, orrialdez orrialde, denetik topa daiteke: poema itxurako aleak, «kafe ahula» prestatzeko errezeta, gauez lorik egin ezin denean har daitezken estrategiei buruzko oharrak… Eta baita Virginia Woolf, Bukowski eta beste hainbat autorek loaren inguruan egin dituzten hausnarketak ere. «Batzuk dira loaren aldekoak eta beste batzuei denbora galera iruditzen zaie loa. Beti dago galdera hori, ea artista on guztiak insomneak ote diren eta denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko lo ahalik eta gutxien egiteko obsesio hori ba ote duten, baina bestetik bada esaten duenik ezetz, loa ere lanaren parte dela eta loa bera ekintza dela nolabait», azaldu du Canok.
Hortik izenburua, ‘Loti (h)errena’, loa herren lukeen sortzailearen kontzeptua. «Ze askotan lo gaude, ametsetan ari garelako sormenarekin zerikusia duten gauza askorekin», nabarmendu du Larburuk, eta gaineratu du «esna lo» egotearen ideia hori unibertsala dela: «Zu lo zaude bakarrik gauean begiak itxita dituzunean, ala askotan esna zaudenean ere lo zaude ametsetan ari zarelako beste zerbaitekin? Ideia horrekin jolastu gara gu, eta bakoitzak bere tresnak jarri ditu mahaigainean».
Kantuak QR kode bidez
Audioetarako zubia QR kode baten bidez egitea proposatu dute. Hor bai baitago disko fisikoaren gaineko hausnarketa bat. «Zalantza edo kinka hori izan genuen, Durangon urtero entzuten dugun esaldietako bat baita ‘nik ez daukat CD erreproduktorerik’, niri min pixka bat egiten didana», onartu du Canok, baina «hemen esperimentatzeko gaudenez», hala egitea erabaki dute.
Hamazazpi pista dira guztira: dozena bat abesti formatuan emanak, gainerakoak esperimentalagoak. Tartean daude, esaterako, Rafa Ruedak Donostian aurkeztu zuen Rafael Berrioren kantu baten euskarazko bertsioa, Raymond Carver-en ‘Lotan’ poema edota ‘Mitxitxi marriau’ sehaska kanta (Larburuk ‘Hondamendia’ antzezlanerako sortua). Gainerakoak proiektu honetarako espreski sortutako lanak dira, ‘Ardiak kontatzen’ seriea edo Canoren testu batetik Larburuk sortu duen abestia kasu: «Insomnioaren gaineko testu luze-luzea da. Nik esan nion ‘Maite, hau ezin da kantatu’, eta berak kantatu egin du, halako rapeo baten bidez», jarri du azpimarra Canok.
Elkarlan honen ondotik gehiago etorriko diren galdetuta, hau abiapuntua besterik ez dela izan baieztatu du Larburuk. «‘Loti (h)errena’ zuzenekoa izatea zen hasierako ideia eta ederrena hori litzateke, paperezko disko hau zuzenean aurkeztu ahal izatea. Gutxitan egin ahalko dugu denok elkarrekin, baina formatu txikiagoan edo modu askotan egiteko aukera eman dezake», azaldu du, eta bestelako proiektuak ere etorriko direla aurreratu du: «Kolektiboak zure konfort gunetik ateratzeko pasaportea dira eta horrela espero ez dituzun gauza asko sortzen dira. Espero dezagun hau hasiera besterik ez izatea eta hemendik korapilatzen joatea gure arteko kolaborazioak».