NAIZ

Ondoko hiru hilabetetan udal hauteskundeak errepikatu beharko dituzte Senperen

Oposizioko hautetsiek dimisioa aurkeztu ondoren hemendik eta 2023ko martxoa bitartean udal hauteskundeak berriro egin beharko dituzte Lapurdiko herrian.

Agir Pour Saint-Pee oposizioko taldeko hautetsiek gaur aurkeztuko dute dimisioa.
Agir Pour Saint-Pee oposizioko taldeko hautetsiek gaur aurkeztuko dute dimisioa. (@CJ)

Senpereko herri kontseiluan piztutako krisiak hauteskundeak berriz egitera behartuko du.

Finean, Agir pour Saint-Pee oposizio taldeko hautetsiek dimisioa ofiziala egin dute eta ondorioz ondoko hiru hilabetetan hauteskundeak egin beharko dituzte Lapurdiko herrian.

Larunbatean jakitera eman zuten erabakia oposizioko herri kontseilariek eta gaur astelehenean aurkeztuko dute dimisioa Udaletxean bertan.

Senpertarrei zuzenduriko eskutitz batean hautetsiek azaldu dutenez «hauteskunde berri horiek aukera emanen diete heritarrei hitza hartzeko eta, era berean, bozek balio beharko lukete konfidantza sortzeko herri kontseilu berrian».

Oposizioko taldeak azaldu duenez azkeneko hilabetetan «tokiko erronkei erantzuteko eta Senperek beharrezko dituen egitasmoak aurrera egiteko» proposamenak aurkeztu dituzte.

Haien asmoa ez dela izan Dominique Idiart auzapezaren aurka jotzea, baizik eta herriak dituen beharrei erantzutea gaineratu dute haien kargua bertan behera utzi duten hautetsiek.

Talde berria aurkeztuko dute

Bide beretik, ondoko asteotan talde berria aurkeztuko duela, «ahal den eta azkarren herriaren aldeko prest izateko» iragarri du Agir pour Saint-Pee taldeak.

Oposizioko taldeak dimisioa emateko hartu duen erabakia ez da sorpresa izan.

«Egoera jasangaitza da eta nahitaez behar da dinamika berria martxan eman, alkateak ezin duelako horrela aurrera egin», iragarri zuen iragan azaroaren 10ean Jean-Bernard Dolosor, Agir pour Saint-Pée oposio taldeko bozeramaleak.

Alkateak deituriko batzarretik alde egin zuen oposizioko taldea bilera hasi aitzin.

Iragan urriaren 8an udal gehiengoa hautsi zen Senperen eta geroztik egoera guztiz gorabeheratsua izan da udalean.

Egun horretan 2020ko bozetan Idiartekin aliantza egin ondoren gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzalearen bost hautetsik udal gobernua uztea deliberatu zuten.