NAIZ
Durango

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia: «Euskarak zerbait behar badu politika da»

Jaio zen leku berean, Durangon, ospatu du Euskalgintzaren Kontseiluak bere 25. urteurrena eta euskalgintzan gertatzen ari den ziklo aldaketa irudikatu da bertan, Paul Bilbaok, bi hamarkadako jardunaren ostean, aginte makila pasa baitio Idurre Eskisabel idazkari nagusi berriari.

Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, Kontseiluaren 25. urteurrenean.
Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, Kontseiluaren 25. urteurrenean. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluaren 25. urteurrenean ziklo aldaketa bat irudikatu da astearte honetan Durangon, idazkari nagusiaren aldaketarekin. Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) kazetariak Paul Bilbaoren (Algorta, 1971) lekukoa hartu baitu.

Bi hamarkada baino gehiago bete ditu Paul Bilbaok jardun honetan: 21 urte Kontseiluan eta bederatzi Hizkuntza Eskubideen Behatokian. Idurre Eskisabel idazkari nagusi berria Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea du, batez ere ‘Euskaldunon Egunkaria’ eta ‘Berria’ egunkariei lotuta.  Gaur egun, ‘Jakin’ aldizkarian pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, baita Ondas saria jasotako ‘Lokatza’ podcasteko egileetarikoa ere. Lakuako Gobernuko Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, zehazki Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu.

2018an ‘Goseak janak’ poema liburua plazaratu zuen, Susarekin. Eta 2019an, Lorea Agirre ‘Jakin’ aldizkariko zuzendariarekin batera, ‘Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara’ argitaratu zuen, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen duen liburua.

Durango, hastapeneko tokia

Euskararen aldeko eragile sozialen bilgunerik garrantzitsuena da Euskalgintzaren Kontseilua, 30 bazkidek osatzen dute. Astearte honetan 25 urte bete dituenez, jaio zen leku berean ospatu du urtebetetzea, Durangon. Gainera, euskalgintzan gertatzen ari den ziklo aldaketa irudikatu da bertan.

Castillo Suarez idazle eta euskaltzainaren olerkiek eman diote hasiera ekitaldiari. Ordezkaritza politiko, instituzional eta sozial zabala egon da, baita Kontseiluko lehenengo idazkari nagusia, Xabier Mendiguren Bereziartu (1998-2010), egungo idazkari nagusia, Paul Bilbao Sarria (2010-2022), eta aginte-makila hartu duen Idurre Eskisabel bera ere .

Xabier Mendiguren Bereziarturen hitzetan, sortu zenetik, Kontseiluak «trinkotze bat ekarri dio» euskal gizarteari. «Nabarmena da, alor batzuetan oso garbi ikusten da –gehitu du–. Talde txiki asko elkartu ziren, zeregin asko metatu egin zen eta eta horrek indarra eta segurtasuna ematen zuen aurrera jarraitzeko. Hori izan zen niretzat Kontseilua: gutxi izatetik eta sakabanata egotetik denok metatze horrek eta denek aurrera joateko kemen hori».

Itsaso berrien nabigatzen

Euskara itsaso zabal batekin parekatu du Idurre Eskisabelek, eta etorkizunean «itsaso berriak» nabigatu behar ditugula aipatu ere bai. Hizkuntza gutxituetan aritzeko bulkadak «eratu eta sustatu» behar dira, eta adostasun soziala ere funtsezkoa da, haren hitzetan.

Munduaren aldaketa inoiz ez bezala azeleratu da, eta «euskalgintza aspaldi dagoela ziklo berrian murgilduta» aipatu du Eskisabelek. «Bizi garen munduan hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, hegemonikoak eta mundua eta gu gero eta homogeneoagoak dira. Horrenbestez, hizkunza txikiagoetan, gutxiagoetan, aritzeko erabakia hartzeko gero eta erabakimen handiagoa ere behar da. Eta horra iristeko behar da bulkada bat: hizkuntza horiek behar dute funtzionalitate bat, baita balio sinboliko handi bat», gehitu du.

Hiru zutoinen gainean finkatu du Kontseiluaren lana: «Adostasun soziala, ezagutzaren unibertsizalizazioa eta erabilerarako eremu erosoa sortzea. Adostasun horretan sakontzea izango dut helburu. Adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, adostasuna instituzioekin, eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten arren, justizia eta kohesio soziala helburu dutenekin».

Euskara politikatik at gelditu behar dela defendatzen dutenen aurrean, Kontseiluko idazkari berriak hauxe aipatu du: «Nago euskarak zerbait behar badu, politika dela. Baina letra larriz idatzitako politika, diferentzien gainetik interes orokorrean euskararen biziberritzea begirada zabaleko eta goi arnasa duen politika. Nire maistra feministek irikatsi didate dena dela politika. Adostasun zabal eta sendoa behar dugu letra larrizko politika egiteko».