Maite Ubiria

Louise Michel Parisko Komunaren iraultzaileak badu kale oroigarria Baionan

«Louise-Michel (1830-1905), irakaslea eta Parisko Komunaren heroia». Hitz horiek idatzita daude Baionak iraultzaileari eskainitako kale oroigarrian. Thiers karrikatik gertu ezarri dute irakasle libertarioaren memoria betikotuko duen plaka.

Louise Michel iraultzailearen omenezko kale oroigarria, Baionan.
Louise Michel iraultzailearen omenezko kale oroigarria, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako auzapez den Jean-Rene Etchegaray, eta udal kontseilaren bertze hainbat ordezkari present zirela, atzo iluntzean erakutsi zuten Louise Michel iraultzailearen omenezko plaka.

Thiers karrikatik gertu ezarritako oroigarrian ondoko hitzak idatzita daude: «Louise-Michel (1830-1905), irakaslea eta Parisko Komunaren heroia».

Parisko Komuna 1871an eratu zen. Zehazki frantziar hiriburuan martxoa eta maiatza bitartean sorturiko Gobernu demokratikoari ematen zaio izendapen hori.

Testuinguru historikoari erreparaturik Hirugarren Errepublikaren garaia zen, eta Frantzia eta Prusia arteko guda gori-gori zegoen.

Hain zuzen gerra hori amaitu zenean Parisen eraturiko demokrazia eredu iraultzailea amaitzera jo zuen botereak, hiriburuan garaturiko esperientziak monarkia arriskuan jarri zezakeelakoan.

Parisko Komunak lortu zuen atxikimendu handia ulertzeko jakin behar da frantziar hiriburua langileen hiria zela. 

Industrializazio kapitalistak eskulan handia eskatzen zuenez, milioi bat langile bizi ziren Parisen. Haien artean, Louise Michel irakasle eta militante libertarioa.

Louise Michelek Irakasle izateko ikasketak egin bazituen ere Napoleon III.ari zin egiteari uko egin zionez ezin izan zuen eskola publikoko maistra bilakatu.

Horrendako, familiaren ondasunak baliatu zituen balore errepublikano eta pedagogia aitzindaria zutabe gisa zituen eskola librea sortzeko.

Eskola libreen sortzailea

1856an Parisera bizitzera joan zen eta ondoko hamarkada luzean irakasle bezala jardun zuen frantziar hiriburuan.

Parisen giro iraultzaileetan murgiltzen ziren lagunekin harremanak sortu zituen. Era berean, prentsa artikuluen bidez bere ideia libertarioak hauspotu zituen.

Paris prusiar Armadak setiatu zuenean, hiriburuan defentsa nazionaleko Gobernua eratu zen.

Hiriburuiko XVIII. barrutiko Zaintza Batzordeko presidente gisara borrokara lotu zen Louise Michel.

Parisko Komuna desegin zutenean, ihesaldi labur baten ostean atxilotu zuten irakaslea.

Gobernua boteretik kentzeko herritarrei armak emateagatik gerra kontseilua egin zioten. Hamar urteko erbesteratzea ezarri zioten zigor gisa. Kaledonia Berrian izan zen deportatua.

1880an bueltatu zen metropolira eta behin eta berriro jazarpena pairatu zuen bere engaiamendu politikoarengatik.

Langileentzako hitzaldiak ematera joan zen 1905ean Marseillara, eta hango hotel batean pulmoniak jota hil zen atzotik kale oroigarria Baionan duen Louise Michel iraultzailea.

Emazteen ibilbideak karrikan islatzeko erabakia

Joan zen ekainaren 3an eginiko batzarrean erabaki zuen Baionako Herriko Etxeak Louise Michel izena Baionako karrika batekin lotzea.

Bilera horretan Paulette Fritz-Iribarne tenislariaren ibilbidea ere ohorean jartzeko deliberoa hartu zuen Lapurdiko hiriburuko udalak.

Biarritzetik nazioarteko txapelketara jauzia egin zuen kirolariak artikulua idatzi zuen 1956an ikasleek euskal pilota gero eta gutxiago ezagutzen zutela agerian jartzeko.

«Baionako hiriak emazteek merezi duten tokia atzeman dezaten gure memorian lan egiteko engaiamendua hartu du eta aurrera begira ere horrelako ekimen gehiago plantan emanen ditu», adierazi zuen orduan udal Gobernuak.