NAIZ

Osakidetzako Mahai Sektoriala «benetako negoziazio foro» bihurtzea eskatu dute sindikatuek

Osakidetzaren «noraezagatik» kezkatuta agertu dira Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuak Lakuako Osasun sailburuarekin eginiko bileran. Horrez gain, plantillaren arazoak konpontzeko eta Mahai Sektoriala «benetako negoziazio foro bihurtzeko» konpromisoa eskatu dute.

Iragan otsailaren 26an osasungintza publikoaren defentsan Donostian egin zuten manifestazioa.
Iragan otsailaren 26an osasungintza publikoaren defentsan Donostian egin zuten manifestazioa. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ohar bateratu baten bidez, Osakidetzako sindikatuek nabarmendu dute 2022a «langileek eta herritarrek kaleak hartu dituzten urtea» izan dela, «osasun-politika publikoetan norabidea aldatzea eskatzeko eta gure osasun-sistemaren desegitea berehala gelditzeko».

Gogoratu dute lau izan direla gehiengo sindikalak asistentzia-maila guztietan deitu dituen greba-egunak eta milaka pertsona izan zirela urtarrilaren 23an, otsailaren 26an eta ekainaren 26an egin ziren manifestazioetan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon osasungintza publikoaren alde kaleak hartu zituztenak.

Bitartean, Gotzone Sagardui buru duen Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari leporatu diete «beren ibilbide-orriarekin jarraitzea, hau da, osasun-sistema publikoa desegitea eta plantillaren legezko ordezkaritzarekin dagoen edozein zubi eraistea».

Hala azaldu dute egoera: «Santiago Ospitaleko larrialdiak itxi egin dira, Etengabeko Arretako Guneetako ordutegiak eta zerbitzuak murriztu egin dira (Zumarragan edo Deustun, adibidez), Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgia itxi nahi izan da, eta langileak itotzen jarraitzen da, lan-eskubideetan atzera eginez eta nahiz eta legeak aldi baterakotasuna % 8ra jaistea eskatzen duen arren, %58ko tasetan mantentzen da».

Era berean, leporatu diete Mahai Sektorialaren foroa erabiltzea «existitzen ez den elkarrizketa eta negoziazio itxura egiteko». Horregatik diote, hain zuzen, «behin baino gehiagotan altxatu» direla eta mahai horretatik kanpo geratu direla.

Osakidetzako Zuzendaritza «negoziatzeko solaskide balioduna ez dela ikusita», sindikatuek Osasun Sailari hots egin zioten aurreko guztiaren berri emateko. Hala ere, eskaera horri erantzunez asteazken honetan egin den bileran, «horma batekin topo» egin dutela diote sindikatuek, «hartzen ari diren erabaki guztien erantzukizuna hartzen ez duena».

«Aitzitik –gaineratu dute–, Mahai Sektoriala negoziazio-gune ez izateko erabakiari eusten dion sailburu batekin egin dugu topo, eta Osakidetzaren murrizketa- eta desegite-politikarekin jarraitzea erabaki du».

Mahai Sektorialeko sindikatuek Osasun Sailari «negoziazio-dinamika aldatzeko benetako konpromisoa» hartzea proposatu dioten arren, «ez dugu aldaketa hori egiteko inolako borondaterik aurkitu».

Konponbiderik ezean, «aurtengo ekainean iragarritako kultura-aldaketak aurrera jarraituko» dela ohartarazi dute, «eta orain arte izan dugun arretaren kalitate-galera are okerragoa izango da datozen hilabeteetan».