Durangoko Azokak hausnarketari irekitzen dion leihoa da Talaia. ‘Euskal liburugintza, bilakaera eta oraina’ izenburupean mahaiaren bueltan bildu dira Landako Guneko areto nagusian Xabier Eizagirre, Jakin-eko kidea, Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta irakaslea eta Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko ordezkaria.
Jakin-en eskutik egin da ekitaldia. Urtero egin ohi du euskal liburugintzaren gaineko azterketa. Joan Mari Torreldaik heldu zion 70. hamarkadan proiektuari. Euskarazko liburuak banan-banan katalogatu eta horien azterketa egiteari. Pixkanaka liburuaren soziologiara pasa zen, alegia, idazlearekin batera editorialak, merkatuak, tiradak kontuan hartzera, Eizagirrek gogoratu duenez.
Zifra orokorrak eskainiz eman dio abiapuntua solasaldiari Eizagirrek. Euskal Herriko argitaratzaileen kopuruei erreparatu die. Azken bost urteotako bataz bestekoa 2.000-2.500 izenbururen tartean dago egonkortuta. Jakin-eko kideak eskainitako datuen arabera euskarazko liburu ekoizpenak 2008an jo zuen goia. Hau da, hamalau urte joan dira ordudanik.
Argitalpenek landutako gaiei dagokienean desoreka nabaria da. «Hezkuntza sistemako testuliburuak eta haur gazte literaturako liburuak gehituz gero ekoizpen osoaren %64a da –nabarmendu du Eizagirrek–. Eskola eremuaren barruan ala kanpoan ekoitzia, baina haur eta gazteei zuzendua dago gehiago zabala».
Datuok eragindako gogoetari lotu zaio ondoren. «80. hamarkadatik aurrera hezkuntzan euskara sartu da, 40 urte daramatzagu normalizazio prozesuarekin, baina oraindik liburugintza ekoizpenaren bi herenak haur eta gazte literatura dira, desproportzioa ikaragarria da. Espainia edo Frantzian proportzioak ez dira horiek. Gure hizkuntzaren egoera diglosikoa bete-betean islatzen du honek», adierazi du.
Iratxe Retolazak urteak daramatza euskal literatura aztertzen eta pentsamendu kritikoa jorratzen. Jakin-ek urteotan jorratutako bidea interesgarritza iritzita, ikerketa lerroak aberasteko kontuan hartu beharreko beste ertzak badaudelakoan dago. «Haur eta gazte literaturan zenbat da haur eta zenbat gazte?», bota du galdera, hasteko. Barakaldon egin den ikerketa batean galdetu zaie gazteei eta erantzuna garbia da, euskara haur hizkuntza da haientzat. Hala kontatu du. «Gaztaroa beste hizkuntza eta kulturak da gazteontzat», azpimarratu du.
«Askotan ‘haur’ eta ‘gazte’ batera erabilten digutu eta irudi desitxuratua ematen dugu. Testu liburuak egoera diglosikoaren emaitza dira baina argitaletxe batzuk bizirauteko izan duten bidea ere bada», adierazi du, beste hari-muturra mahaigaineratuz.
«Aldaketa dator orain bere esanetan. «Hezkuntza sisteman momentu honetan apustu izugarria egiten ari dira ordenagailuekin lan eginez, bana emango zaio ikasle bakoitzari. Aurrerantzean ze harreman izango dute liburuekin? Zer esana eta zer eskatua badugu kulturgintzatik».
Datu faltan
Orain arte euskal liburugintzaz egindako mapan datu gabezia ikusten du. «Batetik, egiletasuna, ‘liburua baduzu egilea zara’. Ez dut uste hori elikatu behar dugunik. Horrez gain zerrendan ez dugu genero posiziotik azterketarik egin, sailen arabera. Aldaketa historikoak eman dira, helduen literaturan azken hamar urteotan emakume posizioa duten egileak %25-30 artean dira, baina gizarte diskurtsoetan ez da neurri hau islatzen».
«Lurraldea? Nondik idazten dute? Neurriaren nolakotasuna ere aztertu behar estrategiak pentsatzeko. Eta adinarekin gauza bera. 40 urtetik gorakoa da gaur egun sortzailea», jarraitu du.
Zirkulazio modua ere ez da kontuan hartzen zerrendan. Hala gogoratu du Retolazak. Autoedizioa den, udalak emandako saria ala argitaletxea, halako aldagaietan ere pentsatu behar da. «Bazterreko ahotsak dira zirkuiturik gabeko bideak hautatzen dituztenak –autoedizioa edo sariak–, erdigunean ez dauden ahotsak».
Nolakoak dira sarbideak, nola bihurtzen da zirriborroa liburu?, hurrengo galdera. Zaila da zirkuitutik kanpo liburu proposamena egitea. Argitaletxe sarean lagunak izateak edo beka edo sariren bat eskuratzeak laguntzen dizu hor sartzen. Kazetaritzan aritzeak ere bai azken aldian edo beste kultur adierazpide batean aritzeak. Ez dugu asmatu zirkuituak sortzen. Horregatik dira gazte gutxi idazle», esan du.
Tiradaren gaiari ere heldu dio. «Zenbat liburu argitaratzen dira tirada bakoitzean? Oso aldakorra da. Batzutan milaka ale dira eta bestetan ehunka. Horren daturik ez dugu. Ez dakigu liburu jakin batetik zenbat ale bota diren. Eta oso zaila da ezezagutzatik nola funtzionatu beharko lukeen pentsatzea», adierazi du.
Krisia
«Nabarmena da, krisian gaude. Inertziak mantentzen dira eta 14 urte dira ekoizpenak goia jo zuenetik», esanez hasi du Hedoi Etxartek bere jarduna. «Hizkuntzarekin ere gauza bera gertatzen da, nahiz modu diferentean».
«Urte luzeetan pentsatu dugu aldaketa txikiekin iritsiko ginela norabait, errealitatea da ez garela iritsi ez hizkuntz erabilerari dagokionean, ez publiko berrietara iristeari dagokionean. Kapitalismoak arauak ditu eta hizkuntzak Europan homologarria izateko ezaugarriak bete eta merkatua behar du. Azoka honetan stand gehiena duten argitaletxeek testu liburuen bidez egin dute ekonomiaren parte handiena. Zenbat dira bakarrik euskaraz eta bakarrik liburuak saltzetik bizi direnak? Zero», bota du. «Argitaletxe-kafetegiak, argitaletxe-dendak, argitaratzaile-banatzaileak dira denak. Eta askoz urrutiago ez gara iritsiko arau hauekin» bere esanetan.
Itzulpengintzaren aldeko aldarria ere egin zuen. «Itzulpen lan baten aurkezpenaren berri ematekoia mesedea eskatu behar zaie kazetarie. Zer da euskal literatura?», galdetu du gero.
«Bigarren Hezkuntzako ikasleei ari zara esaten ‘euskara jakitea ondo dago, baina kultura, zientzia, eta pentsamendura hurbildu nahi baduzu zure hizkuntza gaztelera da’. Hilkortasun tasa oso nabarmena dauka euskarak. Eta Unibertsitatean areagotu egiten da hori», gaineratu du.