NAIZ

Defentsa indartu eta %100ean egon, Bera Beraren helburua Gascan festa pizteko

Talde donostiarrak hiru goleko errenta altxatu behar du Besançonen aurka, baina entrenatzaileak eta jokalariek badakite zein akats egin zituzten joanekoan eta horiek hobetzen ahaleginduko dira EHF European Leagueko multzo fasean aritzeko.

Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarez eta jokalariak, partida batean.
Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarez eta jokalariak, partida batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lehiakortasun punturik altuena bilatzen duen edozein taldek edo kirolarik bere akatsak ikustea berebizikoa izaten da hobetzen joateko. Super Amara Bera Berak hiru goleko errentagatik galdu zuen iragan larunbatean Besançonen etxean EHF European Leagueko multzo faserako txartela emango duen kanporaketako joaneko partidan. Baina entrenatzaileak eta jokalariek badakite zer egin zuten gaizki eta zer egin dezaketen hobeto igandean (12.10, ETB) hiru gol horiei buelta eman eta harmailak beteko dituen Gasca kiroldegia festa bat bihurtzeko.

Jai izateaz edo zubia hartzeaz urruti, talde donostiarrak entrenamendua izan du ostiral honetan eta bertan aritu dira hedabideen aurrean Imanol Alvarez entrenatzailea eta Alba Menendez kapitaina. Biek onartu dute kanporaketa gainditzeko arrazoiak badituztela.

Ermuako entrenatzaileak, adibidez, onartu du «sentsazio txarrak» izan zituztela joaneko neurketan, baina ondoren bideoak ikusita, ondo bezain ondo daki taldea ez zituela gauzak hain gaizki egin. «Erasoan ez ginen oso gaizki ibili eta badakigu zer egin behar dugun, eta pentsatzen dugu ez dela zaila, erasoan hobeto ibiltzen lortzeko. Bagenekien eta badakigu ere gure jarrera aldatu behar dugula defentsan, pixka bat agresibitate gehiagorekin eta etxean jokatzen dugu. Uste dut hori agertuko dela eta horrek aukera gehiago emango dizkigu», aitortu du.

Garaipena lortzeko prest da taldea, baina entrenatzaileak argi du baita ere porrota jaso dezakeela Bera Berak. Joanekoa besterik ez da aztertu behar. Partidan zehar sufritu ostean, 50. minutuan bederatzi golengatik ari zen galtzen Bera Bera, baina 3-9ko partzial bat lortu zuen azken hamar minutuetan, itzulerarako aukerak handituz.

Igandean, helburua lortzeko asmo horretan, Gasca bete egingo dela dirudi. «Oso seinale ona da. Hori da helburuetako bat, betetzea eta jendeari partida on bat eskaini. Niretzat hori oso inportantea da guretzat, emakumezko kirolerako, eta bukaeran helburua lortzen badugu, gero eta hobeto», azpimarratu du Alvarezek.

«Erakutsi genuena baino talde askoz ere hobeagoa gara»

Alba Menendez kapitainak ere aitortu du «aurreko larunbatean Frantzian ez ginela guztiz gu izan, akats asko izan genituen, momentu askotan ez ginen %100ean egin... Orokorrean, larunbatean erakutsi genuena baino talde askoz ere hobeagoa gara eta positibo gara».

Horregatik, «aste osoan lanean daramagu akats horiek zuzentzeko eta partida guregan geratzeko eta kanporaketa pasatzeko», gaineratu du.

Partida bere aldera eramatea garrantzitsua izango da, eta horretan «espero dut guk disfrutatzea pistan, beraiek (zaleak) harmailetan eta hau festa bat izatea», adierazi du Alba Menendezek.

Bera Berak kapitainaren eta erreferente diren Paula Arcos, Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria edo Laura Hernandez jokalarien beharra izango du. Atean, Fernandes eta Maddi Aallaren geldialdiek garrantzia izango dute hiru goleko abantailari buelta eman ahal izateko.