Datorren urteko otsailaren 16tik 19ra Saskibaloiko Kopa lehiaketa jokatuko da Badalonan eta oraindik aurreneko itzulia amaitzeko zazpi jardunaldi falta badira ere, bai Saski Baskoniak bai Surne Bilbao Basketek zortzi onenen artean sartzeko merituak pilatzen ari dira. Are gehiago, uneotan gasteiztarrak zein bilbotarrak zortzi onenen artean daude; seigarren Saski Baskonia 7-3 balantzearekin –Unicaja, Bartzelona eta Kanaria Handiarekin berdinduta– eta zortzigarren Bilbao Basket, 6-4 balantzea aldean, atzetik datozkion Breogan eta Granadak baino garaipen bat gehiagorekin.
«Garrantzitsu», «ezinbesteko», «hutsegin ezinezko» eta halako epitetoak partida bakoitzari ezartzea oso erraza da, entrenatzaile eta jokalarien hitzetan «hurrengo partida» izaten delako eskuarki neurketarik garrantzitsuena. Esan gabe doa aurreneko itzulia amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan hanka sartzeko tartea eta eskubidea badutela euskal talde biek, orain arteko hamar jardunaldietan gauzak nahiko txukun egin dituztelako oro har, baina Baskoniak Kanaria Handiaren aurka galduko balu, etxetik kanpo behar baino ahultasun itxura handiagoa duela transmitituto luke; Bilbao Basketek, berriz, Miribillan Obradoiroren aurka galduko balu, behin behinean zortzigarren postua galtzeko arriskua handitzeaz gain, hiru garaipeneko bolada on hori hautsiko luke.
Etxetik kanpoko lanak
Kronologiari jarraituta, Saski Baskonia izango da euskal taldeetan jokatzen aurrenekoa, Euskal Herrian 18.30ak direnean jokatuko baitu Jaka Lakovicen Kanaria Handiaren kantxa. Esan bezala, kanariarrak ere ederki asko ari dira ACB Ligarren aurreneko zati honetan, 7-3 balantzearekin bosgarren postuan baitago, Baskoniaren aurretik, hain justu.
Kanaria Handiari bere etxean irabaztea beti da zaila eta kasualitatea izan ala ez, kanariarrak eta gasteiztarrak elkarren kontra aritu diren azken hiru aldietan Baskoniak galdu egin du. 2020ko azaroaren 1ean irabazi zuen Saski Baskoniak azkenekoz Kanaria Handiaren aurka; etxetik kanpo, 71-75, hain zuzen. Baina esaterako, iaz Dusko Ivanovicek bere azken partida Kanaria handiaren aurka zuzendu zuen Saski Baskoniarekin: 83-77 gailendu ziren Kanariar Irletakoak, eta bigarren itzulian, berriz, 70-86 irabazi zuten Gasteizen, nahiz eta oro har, Kanaria Handiak denboraldi eskasa burutu zuen iaz.
«Etxean erakusten dugun indar hori kanpoean erakusteko sasoia iritsi da», iritzi dio asteon Arturs Kurucsek. Jokalari letoniarrak badaki Baskoniak orain arte Gasteiztik urrun hiru parrida baino ez dituela irabazi: bat Euroligan eta bi ACB Ligan, eta neurri batek horren ondorio dela sailkapenetan pauso bat aurrerago ezin izatea.
Baskoniak bere azken lau partidak etxean jokatu ditu eta espero baino ere lan hobea egin du, lau neurketak irabazteaz gain egurra eman baitie Gironari, Armani Milanori, UCAM Murtziari eta Bayern Munitxi, hurrenez hurren.
Orain hiru partida jokatu behar ditu segidan etxeko berotasunetik urruti: Kanaria Handiaren aurkakoa igandean; Anadolu Efes Euroligako txapeldunaren etxeean asteazkenean eta Fenerbahçeren aurka ostiralean. Txango hirukoitz horren ostean argiago geratu beharko lukete gasteiztarrek sendoguneak eta ajeak.
Dragan Bender badator
ACB Ligako hamaigarren jardunaldiari agur egiteko, 20.00etatik aurrera jokatuko dute Bilbao Arenan Bilbao Basketek eta Obradoirok. Azken hiru partidak irabazi eta gero, batez ere pasa den asteburuan Kanaria handiari irabazteko kapaz izan ostean, teorian arerio aproposa beharko luke Santiagoko taldeak beltzezko gizonek beren zazpigarren garaipena pilatu dezaten.
Bolada kontua izango da, baina bilbotarrek Moncho Fernandezen taldearen aurka jokatu duten azken bost neurketetatik lautan gailendu dira, baina ezin da ahaztu talde hauek biek 22 alditan neurtu dutela elkar eta 11na garaipen diruztela. Bada, azken aldian Bilbao Basket nagusi bada ere, bere garaian tendentzia arras zen ezberdina. Egia da galiziarrek ez dutela Miribillan 2018ko urtarriletik hona behin ere irabazi, baina boladarik onenak ere gutxien uste direnean amaitzen dira.
Are gehiago Moncho Fernandezek Dragan Bender hegal-pibot kroaziarra bueltan duela jakinda. Joan zen asteburuan hegal-pibot kroaziarrak ez zuen jokatu eta bere falta nabaritu zuen Obradoiriok, nahiz eta azken segunduko jokaldi bati esker Bartzelonari irabazi. Alabaina, eliterako ia galduta zirudien jokalaria berreskuratzeko sekulako lana egiten ari da Moncho Fernandezen taldea.
1997an jaioa, oso gazterik joan zen NBAra 2,13 metro neurtzen dituen hegal-pibot honek –hegaleko bere gaztaro gehienean–, Maccabiren bigarren taldea bi urte eskas egin eta gero; izan ere, 19 urte baino ez zituela, 2016ko draftean laugarren postuan aukeratu baitzuen Phoenix Sunsek.
Arizonako taldea NBAko behealdean zebilen garai hartan eta kroaziarrak minutuak izan zituen Phoenixen egin zituen hiru denboraldietan. Baina itxura guztien arabera, NBAra goizegi joan zen mutila eta liga hartako exijenbtzia fisikoa larregi izan zen berarentzat: hegaleko gisa jokatzeko behar bezain azkarra ez, eta hegal-pibot postuan aritzeko ebhar adina indarrik ere ez, nonbait. Laugarren urtean Milwaukee eta Golden State Warriorsen. Hala, 2019/2020 denboraldia eten egin bazen ere, orotara 16 partida baino ez zituen jokatu, eta 2020/21 denboraldian Europa aldera jauzi egin zuen berriro, hasiera baten hiru hilabeteren biruan NBAra itzuli nahian.
Usteak erdia ustel, ordea. NBAn ez zuen bere jokoa uste bezala garatu eta Maccabin, Nikola Vujcic bere «aitabitxiaren» itzalean geratu bazen ere, talde israeldarraren errotazioan lekua egitea bera ere majo kosta zitzaion. Pasa den denboraldia, berriz, jokatu ezinik pasa zuen belauneko lesio larri baten erruz.
Hala, aurten, iazko urtsean Dzanan Musak Lugoko Breoganekin fitxatu zuen antzera, bere kirol ibilbideari beste astindu bat eman nahian, Obradoirorekin sinatu du kroaziarrak. Jakina da gainera Moncho Fernandez entrenatzailearen eskuetatik pasatzen diren pibotek asko hobetzen dutela: hor daude Mike Muscala, Artem Pustovyi edo Laurynas Birutisen kasuak, esaterako.
Dragan Benderren kasuan ere, nonbait, Santiagoko egonaldia oso ona ari da izaten. NBAn jokatu zituen 187 neurketetan batez beste 20 minutiu jokatu arren, 5,4 puntu, 3,9 errebote eta 1,3 asistentzia baino ez zituen lortu.
Obradoirorekin oraindik bederatzi partida baino ez ditu jokatu, baina uneoitan batez beste 17,7 puntu sartzen ditu 23 minutuan. Horrez gain, 6,7 errebote eta 1,2 txapel lortzen ditu ere, eta harigarria da nola hiruko jaurtiketetan %47tik gorako poertzentaia duen, bota dituen 34 ahaleginetatik 16 sartu eta gero.
Gazteagoa zela Toni Kukoc eta antzeko jokalariekin gonraketa egin izanakm ez dio mesederik egin jokalari kroaziarrari, baina Obradoirorekin orain arte bide honi jarraitzen badio, datorren urtean gutxienez Euroligako taldeak ate-joka izango ditu, eta akaso NBA bera ere bai.
Ikusi egin behar igande gau honetan Bilbao Basketen aurka Dragan Benderrek zernolako maila ematen duen, eta baita Bilbao Basketek Bender lako jokalari hain arriskutsua nola geratu dezakeen. Akaso neurketa osoko xehetasunik erakargarriena izango da.