Arnaitz Gorriti

Kutxabank Araskiko «zazpi samuraiek» gasteiztarren zazpigarren garaipena lortu dute

Uneoro aurretik joan arren, Madelen Urietarenek azken segundura arte sufritu behar izan dute Murtziako Jairis taldearen aurrean gailentzeko. Lointek Gernika Bizkaiak lanak eman dizkio Valentzia Basketi, baina azkenean 83-73 galdu du Fontetan.

Natalie Van den Adel, Kutxabank Araskiko izarretako bat.
Natalie Van den Adel, Kutxabank Araskiko izarretako bat. (Endika PORTILLO | FOKU)

KUTXABANK ARASKI 80 - HOZONO GLOBAL JAIRIS 79

Marina Ortiz de Zarate harrobiko jokalariak ere minutu gutxii batzuk izan ditu, baina Kutxabank Araskik denboraldiko zazpigarren garaipena, laugarrena segidan, zazpi jokalarirekin lortu du larunbat arratsalde gauean: Maria Asurmendi, Flor Chagas, Txell Alarcon, Tanaya Atkinson, Natalie Van den Adel, Agustina Burani eta Maimouna Diarra izan dira Madelen Urietaren «zazpi samuraiak».

Arabarren arerioa Emakumeen Endesa Ligako azkenaurrekoa izanagatik, gorriak eta beltzak ikusi ditu Kutxabank _Araskik garaipen hau lortzeko, uneoro aurretik joan bada ere. Azken minutuetan 77-68 aurreratu denean bazirudien garaipena patrikan zuela, baina bai zera! Gernikako jokalari ohi Melisa Brcaninovicen bitartez Hozono Global Jairis taldeak 0-8ko partziala erdietsi du, eta eskerrak pare bat jaurtiketa libre kale egin dituen.

Alabaina, Mendizorrotzako ikusleak hatzazalik gabe utzi arren, etxekoek partida ixten jakin dute. Heroi asko azaldu dira partidan zehar: esaterako Tanaya Atkinsonek 24 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia lortu ditu, baina zer esan Maria Asurmendik azken laurdenean sartu dituen zazpi puntuei buruz? Edo Chagasek saskiratu dituen 11 puntuez? Dena den, Natalie Van den Adel eta Diarra izan dira azken orduan garaipena bermatu dutenak. Herbehereetako hegal pibotak 14 puntu lortu ditu, baina partidari so eginez, markagailua 77-76 zela Diarrari uztaipean oparitu dion asistentzia azpimarratu behar da, garai baten Gasteizen bertan Tomasevic eta Obertok hainbeste alditan amaitu zuten antzeko jokaldi bikain baten ostean.

Fisikoa eta borondatea

Arazo fisikoek jota ekin dio partidari talde gasteiztarrak. Hasteko, Anika Holopainen berriz ere jokatu ezinik geratu da, giharretako arazo batzuek dituelako sabelaldean. Horrez gain, Laura Pardo ere ezin izan da partida hontan galtzamotxetan jantzi, kontu pertsonalak tarteko. Bada, harrobiko jokalariez gain, zazpi fitxa profesionaleskin ekin behar izan dio Kutxabank Araskik partidari eta neurketa hasi eta berehala Diarra pibotak min hartu du Tamara Seda Araskiko jokalari ohiarekin baloio baten bila borrokan aritu eta gero. Zorionez, atseden apur bat hartu eta jokatzen jarraitzeko gai izan da Senegalko pibota.

Alabaina, markagailuari begira hasiera bikaina izan du talde gasteiztarrak, batez ere Natalie Van den Adelen kasuan, gasteiztarren aurreneko 11 puntuetatik 9 sartu baititu. Errotazio oso laburra izan arren, gasteiztarrek defentsan asko sakatu dute eta Murtziako taldearen erasoari hutsegite dexente eragin dizkio.

Hala, 25-12 ere aurreratu da Madelen Urietaren taldea, nahiz eta Jairisek berehala erreakzionatu eta 25-16 iritsi aurreneko laurdenaren amaierara.

Markagailuaren ekimena gasteiztarrek eraman dute uneoro, baina denborak aurrera egin ahala, kosta egin zaie hasieran ezarritako erritmoari eusten, Tanaya Atkinson edo Flor Chagasen lana bikaina izanagatik. Murtziako taldeak Claudia Contell gaztearen eskutik –hilaren 20an 19 urte beteko ditu Valentzia Basketek utzitako antolatzaileak– aurrerapauso bat eman du eta horrez gain, bere barruko jokalari erraldoiek –Erika De Souza, Tamara Seda, Belen Arrojo eta Melisa Brcaninovic, alajaina!– gero eta errebote gehiago hartzea lortu dute.

Puntu bakarrera hurbildu dira kanpotarrak, 38-37, baina Kutxabank Araskik Tanaya Atkinsonen kalitatea baliatu du atsedenaldira aurretik iristeko, 41-39 baino izan ez bada ere.

Jairisek 41na berdindu du hirugarren laurdena hasteaz bat, baina gasteiztarren erantzuna berehala iritsi da, 9-0ko partziala erdietsita. Diarrak lan aparta egin du errebotea kontrolatzeko orduan eta, erasoan, Chagas eta Atkinsonek beste behin bere kalitatea erakutsi dute Kutxabank Araskik berriz ere aldea har dezan.

Baina Murtziako taldeak Claudia Contell aurkitu du berriro. Antolatzaile gazteak 16 puntu sartzeaz gain, bere taldea bikain mugitu du eta ondorioz, partida uneoro berdinduta mantendu dute kanpokoek, aurretik sekula jarri ez badira ere.

Berdindu bai, 64na eta 66na, esaterako, partida azken minutuetan sartu denean. Tentsioak jota ikusi duelako, Madelen Urietak Flor Chagas kendu egin behar izan du azken minutu horietan, Maria Asurmendiren buru hotza baliatu ahal izateko. Baita antolatzaile iruindarrak behar bezala erantzun ere!

Modu horretan, zonakako defentsa mixto bat ganoraz eginda gainera, 77-68 aurreratu dira gasteiztarrak, baina Murtziakoek ez dute etsi eta Brcaninovicek emozioa itzuli du markagailura eta harmailetara. Zorionez, Van den Adel eta Diarraren arteko konexioak Gasteizko «zazpi samuraien» garaipena ekarri dute.

VALENTZIA BASKET 83 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 73

Azken segunduan Alba Torrensek gauzaturiko hiruko batekin amaitu da Valentzia Basket eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko lehia Fonteta kiroldegian. Ez du hainbesteko aldeaz galtzerik merezi izan talde bizkaitarrak, azkenera arte lan egin arazi baitio Emakumeen Liga irabazteko faborito nagusienetakoa den talde horri. Alabaina, talde taronjak, nahiz eta Cristina Ouviñari atsedenen eman Ruben Burgos entrenatzaileak, bere errekurtso kopuru eskerga aterata gailentzea lortu du.

Beldurtzeko moduan ekin dio etxeko taldeak partidari: 9-0. Husartea eskatu behar izan du Anna Montañanak bere jokalariak itzartzeko asmoz, eta baita lortu ere. Bizkaitarrek 2-14ko partziala lortu dute, Laura Spreaficoren bitartez partidari buelta ematea lortuz.

Lider aldaketa etengabeak izan dira une hortatik atsedenaldira bitartean. Valentzia Basketek iaz IDK Euskotrenen aritutako Lauren Cox aurkitu dute puntuak lortzeko eta Queralt Casas defentsako lana egin eta asistentziak banatzeko. Gernikarren aldetik, berriz, Spreaficoz aparte Julie Wojta eta Brooque Williams ere maila bikain askoan aritu dira. Bestalde, Patricia Bura pibot kroaziarrak Lointek Gernika Bizkaiako elastikoarekin debuta egin ahal izan du eta jokoan izan den zortzi minutuetan ez du itxura txarrik eman, beti ere taldekideak ia ezagutu ere ez dietuela egiten aintzat hartuta.

Gernikarrek beti egin dute ahalegina Valentzia Basketen ahalari erantzuteko eta gutxienez alderik hartzen ez dio laga etxeko taldeari. Hala, atsedenaldian Ruben Burgosek zuzentzen dituen emakumeak ari ziren irabazten, baina 34-33 baino ez.

Leticia Romeroren maila

Asteazkenean Polonian jokatu zuen Valentzia Basketek. Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, ostegunean Italian, eta luzapena jokatu behar izan zuen gainera. Ondorioz, nekeak errazago erasan dio talde bizkaitarrari. Are gehiago hirugarren laurdenean, Valentziako taldeak Elena Buenavida edo Awa Fam lako jokalari gazte baina talentu handikoei minutu gutxi batzuek eman dizkienean. Aipatu jokalari hauek eskarmentua falta dute, baina gaitasuna sobera dute –Awa Famek oraindik 16 urte baino ez ditu– eta Gernikako zenbait jokalarik azkenerako faltan bota duten freskotasuna eman die etxekoei errotazioari.

Bestalde, Leticia romeroren eskutik hautsi da lehia. Kanariar Irletako antolatzailea ez da agian 18 urte zituetenean izango zela zirudien adinako izarra, baina oso jokalari ona da eta gaitasun bere bat du beregan: itzalean noiz egon behar duen badaki, baina ardura hartzen ere badaki taldeaqk hala eskatzen dionean. Cristina Ouviña gabe, antolatzaile titularraren falta nozi zezakeen Valentzia Basketek, baina Leticia romerok hartu du bere taldearen ardura, eta bere eskutik hasi da partida etxekoen alde iraultzen.

15 puntu sartu eta 4 asistentzia banatzeaz gain, bere defentsarekin sufrimendu handia sorrarazi die bai Itziar Ariztimuñori –eta ezin esan bilbotarrak gaizki jokatu duenik– eta baita Roso Buchi ere. Bere eskutik, hirugarren laurdena 24-18 amaitu da eta neurketa 58-51 laga du azken laurdena hasterako.

Nekatuta, Lointek Gernika Bizkaiak bere burua 77-63 galtzen aurkitu du azken minutu horietan eta une batez bazirudien egur handi xamarra har zezakeela Anna Montañanaren taldeak. Ez ordea. Wojta, Da Silva eta Williamsen eskutik 79-73 hurbiltzea lortu dute bizkaitarrek. Ezin izan dute gehiago egin eta hala, emakumeen Endesa Ligan zeramaten bost garaipeneko bolada aparta amaitu egin da. Baina azkenera arte ahalegindu dira eta hori ere aintzat hartzeko modukoa da.