Parisen sortu zen Txomin Peillen, 1932. urtean, baina bihotza beti izan zuen Euskal Herrira begira. Euskara galdu eta gaztetan berreskuratu zuen, eta frankismo betean sortu zituen euskarazko lehen argitalpenak, garaiko idazle berritzaileen artean kokatzeraino.
Sorbonako Unibertsitatean zienzia ikasketak (Biologia eta Geologia) burutzen ari zela ezagutu zuen Jon Mirande, zuberotar jatorrikoa hura ere, eta 1962. urtean ‘Igela’ aldizkaria sortu zuten Federiko Krutwig Sagredo eta Juan San Martinekin batera. GARAri eskainitako elkarrizketa batean, Peillenek aitortu zuen «gauza txarrak» irakasten zituztela agerkari hartan: «Irakasten genituen gauza txarrak. Bagenuen kronika bat, ‘Nola laguna lapurtu’ eta hor ematen genituen timo guztiak barre egiteko, umoristikoa zen, baina gazteei bizioa erakusten geniela erraten zuten. Batzuetan esan behar duzu parodia bat dela, irri egiteko dela. Umorea behar da, Euskal Herria umoristikoa da kasu ematen bada», adierazi zuen.
Euskal letretan ibilbide luzea zuen Peillenek. ‘Gernika’, ‘Egan’, ‘Euzko-Gogoa’, ‘Euskal folklore’... hainbat agerkaritan idatzi izan zuen eta denetariko generoak jorratu zituen: saiakera, eleberria, dibulgazioa eta gazte literatura ere landu zituen, orotara 45 liburu argitaratzeraino. Besteren artean XVII eta XVIII. mendeetako amodiozko kantuak biltzen dituen ‘Amoiozko baratzetan’ (Baiona, 1964), ‘Etxaun Barkoixe’ (Paris, 1963), literatura kulturaren gaineko ‘Jusef Eguiateguy, Larramendiren zuberotar jarraitzailea’ (Donostia, 1963) edota ‘Jon Miranderen idazlan hautatuak’ (Bilbo, 1976) argitaratu zituen.
Aljeriako gerran ere izan zen Peillen, erizain lanetan, eta bertan bizitakoak kontatu zituen hainbat idatzitan. Hizkuntzalari gisa, anatomiaren gaineko euskara-latina hiztegia osatu zuen (Elhuyar, 1975).
Ibilbide horrek hainbat sari eta onarpen jasotzera eraman zuen Peillen eta, besteren artean, 1988. urtean euskaltzain oso izendatu zuten eta 2009an, aldiz, Euskal PEN Klub-eko ohorezko buru.
Politikari bezela ere jarduna zen. 1993ko hauteskundeetan EAren hautagai izan zen Pirinio Atlantikoetarako eta 1997an EA/CES (Eusko Alkatasuna/Convergence, Ecologie, Solidarité) siglapean aurkeztu zen. 2001ean ere EArekin aurkeztu zen Maulerako zerrendetan.
Zentsura eta pizkundea
2018an, ‘Zaldi beltzak zeruan’ eleberri beltza argitaratu zuen Pamiela, Maiatz eta Hibeltzarekin. XX. mendeko bigarren erdialdean euskal literaturaren inguruan izandako gertaerak eta bizipenak ekarri zituen gogora Peillenek lan hartan eta, orduan esan zuenez, genero beltza Euskal Herrian egin zitekeela frogatzea izan zuen xede: «Horrelako gauzak gertatzen dira Euskal Herrian ere, eta ez soilik Mexikon kartelekin, eta hori kontatzen dut ere. Horrelako gauza itsusiak beti idatzi ditut. Beltza sinbolikoki itsusia da, eta guk ‘zuri’ erraten dugu, zeren eta hipokresiari ‘zurikeria’ deitzen diogu. Ni ateoa naiz, baina sinisten dut gu erdi aingeru eta erdi deabru garela; batzuetan isilarazten dugu bata eta mintzarazten dugu bestea».
Joseba Sarrionandiarekin harreman handia izan zuen Peillenek, eta, hain justu, ‘Zaldi beltzak zeruan’ eleberriko hitzaurrea berak idatzi zion. Habanan elkar ikusi eta Sarrionandiak aspaldian ezer idatzi gabea zela esanez idazketara akuilatu zuela azaldu zuen Peillenek: «Inportantzia handia du nire bizitzan Josebaren ibilbideak, lagundu baitut behin; hamazazpi urterekin etxera etorri zen, Santa Grazira. Josebarekin harremanetan egon ginen Pott bandan, eta giltzapean zenean idazten nion; literaturazko gauzak idazten genituen, eta gauza asko aipatu genituen, baditut gutunak gordeak. Liburuxka bat egin nuen berari buruz, baina ez du nahi argitaratu dezadan. Kontatzen nuen bere ihesa eta dena. Geroztik aritu ginen emaztearekin bisitatzen».
Hitzaurrean Sarrionandiak idatzitakoetan bere burua ikusi zuela ere esan zuen: «Zuk ez dakizu sekula nor zaren, besteek esan behar dizute batzuetan nor zaren, ez baitzara konturatzen».
Zentsura ere ezagutu zuen zuberoarrak, eta hortaz ere mintzatu zen aipatu elkarrizketan: «Zerbait argitaratu behar zelarik baziren bi gauza, klero argia eta klero iluna. Klero ilunetan gazteria ustelduko zuten liburuak bazirela esaten zuten, eta ez ziren argitaratzen, zeren euskaldun batzuek salatzen zuten. Aldiz, idaztera bultzatzen gintuen klero argia ere bazen, Nemesio Etxaniz, Salbatore Garmendia, Salbatore Mitxelena eta Jokin Zaitegi. ‘Zuek idatz guk ezin ditugunak’, erraten ziguten».
2020. urtean ‘Minotauroa’ eleberria argitaratu zuen Alberdania argitaletxearekin. Bere hamargarren nobelan iteraturara gutxitan iristen diren bi gai jorratu zituen: pedofilia eta intzestua.
Nobela haren aurkezpenean azaldu zuenez, Jon Miranderen ‘Haur besoetakoa’ eta Vladimir Nabokoven ‘Lolita’ liburuei erantzun bat eman nahi izan zien, bortxatu duten emakume batek izan ditzakeen bizipenetan oinarrituta. «Emakume sortzea zoritxar bat da herri askotan, munduko herri gehienetan. Besteak beste, aipatu behar da minutuero dagoela munduan emakume bat bortxatua dena. Liburuaren abiapuntuan dagoena zera da: aita batek bortxatzen duela 11 urteko neska bat, sei urtez bere ohekide, bere puta bihurtuz. Baina nik batez ere orrialde hauetara ekarri nahi nuena, hots liburuaren gai nagusia, da zer gertatuko zaion neska horri, nola garatuko den pertsona bezala, nola kokatuko den munduan, nola, adibidez, onartuko dituen gizonak…», azaldu zuen aurkezpenean.
Bere autobiografia ere idatzia utzi zuen Txomin Peillenek, ‘Paristar euskaldun bat... (ni neu)’ izenpean (Elkar, 1987).