Urte biko edizio ez-ohikoen ostean, Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du aurten. Eta nola, gainera. Beldur guztiak uxatuz, 57. edizio honek betiko Azokaren argazkia elkarri du.
Hilaren 7an zabaldu zituen ateak igande gauean itxi aurretik, Gerediaga Elkarteak egun hauetan bizi izandakoaren balorazioa eman du jakitera. «Ospatzeko urtea izan da, berriz elkartzekoa, kulturaren plazari berriro ere bizia ematekoa, eta giro hori sumatu dugu Azokan. Oso eskertuta gaude», aipatu dute.
57. edizioko Durangoko Azokako bost egunak oso jendetsuak eta giro onekoak izan dira, Landako gunean eta baita Azokako guneetan ere. Ikasle Goizak eta Gazte EztanDA!-k izan duten erantzunarekin pozik agertu da Azoka: «Denok egin dugu posible egunotan bizi izan dugun eztanda: Euskal Herri osotik gerturatu diren kulturzaleak, hamaika ordu egin dituztenak erakusmahaietan txandak egiten, Gazte EztanDA!-ra etorri diren kuadrillak, euren lehenengo lana kaleratu duten sortzaileak, Durangora urtero datozenak huts egin barik, Azokari ikusgarritasuna ematen lagundu diguten hedabideak, auzolanean Azoka antolatzen bidelagun ditugun eragileak, Azokari babesa ematen dioten erakunde eta elkarteak...».
Gerediagaren esanetan ‘eztanda’ egin du Azokak edizio honetan, bisitari, salmenta eta giroari dagokionez. «Bost egun hauetan bizitako eztanda hori herriz herri Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da erronka, Azoka ez dadin oasi bat izan, Durangon sentitu dugun komunitate hau zabaltzen jarrai dezagun», aipatu du.
Ikasle Goizarekin hasi zen aurtengo edizioa, bi urteren ostean, eta berriro ere milaka ikaslek bete zituzten Landako Guneko erakusmahaiak. «Pozgarria izan da berriro ere ikasleak euskal kulturaren plazan ikustea, horrek euskal kulturaren transmisiorako duen garrantziarekin», antolatzaileen hitzetan. Gazte EztanDA! eguna ere ospatu du Azokak lehenengo aldiz, gazteentzat antolatutako egitarau bereziarekin. Horren balorazio positiboa egin du Azokak ere, gazteak erakartzen jarraitzeko bidea ireki delako.
Bisitariak eta salmentak
Azokako bost egunak oso jendetsuak izan dira, etengabea izan baita bisitarien joan-etorria egun guztietan. Landako gunea beteta egon da egunero, eta abenduaren 8a izan zen egunik jendetsuena. Azokako gune guztietan ere aforoa bete da ekitaldi askotan, eta Azokako autobus-zerbitzua ere handitu behar izan da eskariari aurre egiteko.
Badoken sortutako Azokako playlista ere atari horretako musika-zerrendarik entzunena bihurtu da. Musika-taldeen nobedadeekin sortutako QR kodeek ere balorazio ona jaso dute, sortzaileei ikusgarritasuna eman dielako.
Salmentei dagokionez, hainbat partehartzailek nabarmendu diote Gerediagari edizio honetan salmentak oso onak izan direla, osasun-krisia heldu aurreko kopuruetara helduz eta kasu askotan gaindituz. Sormen-lan ugari agortu dira, ibilbide luzeko sortzaileen kasuan, baina baita artista hasiberri batzuen kasuan ere.
Zalantzarik gabe, kulturzaleek aurrez aurreko Azokari lehentasuna eman diote online dendaren aldean. Izan ere, denda digitalean erosketak nabarmen jaitsi dira iazko kopuruarekin alderatuta: lau egunetan 434 eskaera egin dira, guztira 1685 produkturekin. Eskaera gehienak Euskal Herritik egin badira ere, badira Katalunia, Galizia eta beste lurralde batzuetatik ere erosketak egin dituztenak. Paketeak aste honetan bertan helduko dira kulturzaleen etxeetara.
‘Irati’ filmaren estreinaldi jendetsua
Azokako guneetako arduradunek ere aurtengo edizioak emandakoak oso modu positiboan baloratu dituzte. Kabi@n euskal eremu digitalak jakinmin handia sortu du eta bereziki arrakastatsua izan da bideojokoekin antolatutako Gamer Gela, gazteentzat batik bat erakargarria.
Szenatokian, arte eszenikoen plazan, giro oso ona egon da egunero eta erabat finkatu da antzerki arinaren formatua, Gerediagaren esanetan. 29 saio antolatu dira eta askotan aforoa bete da, azokazaleek Szenatokia euren ‘ibilbide imaginarioan’ sartu dutelako. Hurrengo urtean, bertan ezagutu ahal izango dugu Jon Ander Urresti aktore bermeotarraren ‘Eucaliptus’ lana, Azokako bosgarren sormen bekaren irabazlea.
Irudienean Paul Urkijoren ‘Irati’ filmaren estreinaldia izan da ekitaldirik jendetsuena, baina egunero kulturzale ugari gerturatu da Zugaza zinemara ikus-entzunezkoez gozatzera, hainbat saiotan aforoa bete baita. Bereziki arrakastatsuak izan dira film laburren emanaldiak: LaburmetraDA!, Kimuakeko film laburren erakustaldia... Talaia, beste urte batez, hainbat erakunde, herri-mugimendu eta eragileren plaza bihurtu da, eta hausnarketa mamitsu ugari egon dira: literaturaren nazioartekotzeaz, sortzaileen lan-baldintzei buruz, eta gazteen ikuspegitik kulturaren izaera eraldatzaileaz.
Saguganbara ume, gazte, familia eta sortzaileen topagunea izan da aurten ere, eta agerian geratu da badagoela oinordekotza bat, bai sortzaileen aldetik, baita ikusleen aldetik ere, esperientzadun sortzaileetatik hasi eta lehen aldiz Saguganbaran aurkezten dabiltzan sortzaileetaraino; gurasoetatik hasi eta umeengaino. Ene Kantak taldeko ikuskizuna izan da ekitaldirik jendetsuena, bigarren saio bat antolatu behar izan baita zaleen ilara luzeari erantzun ahal izateko.
Plateruenako aforoak
Ahotseneak giro ezin hobearekin ospatu du bere 15. urteurrena. Plateruenan, aforoa bete da hainbat disko aurkezpenetan; abenduaren 8an, esate baterako, aforoa bete zen eguneko aurkezpen guztietan. Solasaldien gunean ere, berotasuna topatu dute sortzaileek azokazaleen aldetik, eta aretoa leporaino izan dugu hainbat aurkezpenetan: Anari Alberdi, Nerea Ibarzabal, Kepa Iribar, Harkaitz Cano, Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’...
Azokak gaur itxiko ditu ateak, baina astelehenetik aurrera Azokak herriz herri jarraituko du ‘Zu non, han DA!’ ekimenari esker. Euskal Herriko 132 saltokitan Azokako literatur nobedadeak eskuratzeko aukera egongo da, eta aurten lehenengo aldiz sortzaileek ere euren liburuak aurkeztuko dituzte 45 liburudendatan. Saltokien eta aurkezpenen zerrenda osoa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.
Edizio honetako balorazioa Azokako partaideekin partekatuko du Gerediagak hurrengo asteetan, datorren urteko Azoka antolatzeari begira. Azokak hurrengo urteko datak ere iragarri ditu: 58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era antolatuko da.