Idoia Eraso

Suteen hondamenen ondoren, birlandaketak eta neurri berriak

Suteek Euskal Herriko iparraldeko lurrak kolpatu dituzte azken bi urteetan: 2020an Angeluko Pygnada basoa izan zen, eta iaz Larhun ingurutik Bidasoan zehar hedatu zena. Birlandaketa abiatu dute erakunde publikoek. Bestalde, Prefeturak ordenantza berriak argitaratu ditu, prebentzioa zorrozteko.

Iazko otsaileko sutearen ondorioak Lesaka inguruan.
Iazko otsaileko sutearen ondorioak Lesaka inguruan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Suak 2.000 hektarea inguru kiskali zituen Bidasoa aldean ezagutu den suterik handienean. Iazko otsailean, Larhungo mendigunetik abiatuta, Xoldokogaina ingurura hedatu zen. Nahitara piztutako suteak kasik 1.000 hektarea erre zituen Nafarroan, bereziki Lesakan eta Beran; 750-800 Azkainen, Ziburun, Urruñan, Saran eta Biriatun; eta beste 400 Irun aldean.

Birlandaketak abiatu dira. Azkainen esaterako, Herriko Etxeak 2,8 hektarea zuhaitz espezie ezberdinekin emanen ditu Larhun mendigunean, Euskal Elkargoaren laguntza ekonomikoarekin. Jean-Louis Fournier auzapezak, mendi ezagunean gero eta jende gehiago ibiltzen denez, arriskua handitu dela eta horren kudeaketa oso zaila dela nabarmendu du.

Larhunen bestaldean dagoen Bera izan zen herri hunkituena: erretako lur gehienak Udalarenak dira. Eremua hain handia izanik, gune bakoitzean neurri ezberdinak hartu dira. Iruñeko Gobernuaren laguntzarekin, toki batzuetan sutea gertatu eta oso gutxira abiatu zuten birlandaketa.

Sualdia baino bi urte lehenago zuhaitz gazteak emanak ziren eremuan, berehala jarri zituzten berriak. Toki hori itxita dago eta abereentzat baliatu ahal izan dute. Haritza zegoen tokietan zuhaitzak ipurditik moztu dituzte, eta kimuak ezarri. Aldiz, landaketarako egokiak ez diren tokietan ez dituztela berriak sartuko azaldu du Urtzi Garaita Arza mendizainak: «Berezko eboluzioan egingo da: lehenengo otea, zakartuko dira, eta ondoren, ametsak etorriko dira, seguruenik». Pinu erdi erreak dauden tokietan, egurrerako baliatuko dituzte, berriz beste batzuk sartu aitzin. Saltzeko zain daude, handik kentzeko.

2020ko uztailaren 30ean Angelu hiriaren barnean dagoen Pygnada basoko 200 hektareetatik 70 erre ziren. Baionan, Biarritzen eta inguruko herri guztietan ageri zen keak beldurra sortu zuen Ipar Euskal Herriko zonalde populatuenean. Hamar etxe erre ziren, Izadia gune naturalaren ezagutza egiteko harrera eraikina ere bai.

Itsasoaren ondoan eta etxez inguratuta dagoen eremuari berriz bizia emateko, 60.000 zuhaitz baino gehiago landatuko dira 2023ko martxora bitarte. Oihanean itsas pinuak nagusi dira, Landetako basoak bertara heltzen ziren garaikoak, hain zuzen ere; orain, aldiz, espezie horrekin batera artelatzak ere landatuko dituzte.

Azaroaren bukaeran hasi ziren birlandaketarekin, eta lehen eguna parte hartzailea eta sinbolikoa izan zen. Oihanaren jabetza duten Herriko Etxeak eta Pirineo-Atlantikoetako departamentuak landatze lana kudeatzen ari den Basoen Erakunde Nazionalak ekimen berezia antolatu zuten, biziberritzea biztanleekin batera egiteko. Lan horretan 400 angeluar zuhaitzak lurrean sartzen aritu ziren.

Neurri berriak

Ezbeharrei erantzun zehatzak emateko, Prefeturak Ipar Euskal Herriari eragiten dioten bi ordenantza berri atera ditu: betebeharrak, arrisku guneak eta sasoiak zehazten dira. Julien Charles prefeta berriak neurriok hartzearen beharra azpimarratu du, eta, azken urteotako suteek erakutsi duten bezala, aldaketa klimatikoaren eragina gero eta nabarmenagoa dela gaineratu.

Lehen ordenantzak suaren erabileraren arauak indartu nahi ditu, biztanleriarentzat ulergarriagoak izan daitezen. Moztutako landaretzak erretzeko edo su artifizialak bota ahal izateko baldintzak aipatzen dira, besteak beste. Garaiaren arabera neurrien zorroztasuna aldatzen da. Uda partean kostaldea zonalde arriskutsutzat joa da, jende kopuru handiarengatik. Neguaren bukaeran mendi aldean kokatzen da arriskua, hiru lurraldeetako hegoaldean, landareak garai honetan lehorrak daudelako. Azken bi sute handi hauek arrisku garai horietan gertatu dira.

Bigarren ordenantzak mendiak sastrakaz garbitzearen betebeharrak zehazten ditu. Ia Ipar Euskal Herri osoan sasiak kentzea derrigorrezkoa da. Arauak ezberdinak dira tokiaren arabera: kosta partean, hektarea erdiko basoa baino gehiago daukaten herriak horretara behartuta daude; beste eskualdeetan, lau hektareetatik goiti daukaten udalerriak.

«Bi neurri hauek kontzientzia hartze orokorra ekarri behar dute, eta benetako aldaketa kulturala ezarri suarekiko» baieztatu du prefetak.