NAIZ

Osakidetzaren eta Osasun Sailaren deiaren zain jarraitzen dute Donostialdeko ESIan

Bosgarren egunez, Donostia Ospitalaren aurrean elkarretaratzea egin dute Donostialdeko ESIaren zerbitzuburuek, beren karguetatik kendu zituzten arduradun medikuak berriro har ditzatela eta Osasun Sailak beren iritzia kontuan har dezala eskatzeko. Oraingoz ez dute deirik jaso.

Donostia Ospitalaren aurrean elkartu dira berriro zerbitzuburuak.
Donostia Ospitalaren aurrean elkartu dira berriro zerbitzuburuak. (@Hdoprofesional1)

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuak Donostia Ospitalaren aurrean elkartu dira berriro astelehen goiz honetan, bosgarren aldiz. Aurrekoetan bezala, ehun lagun inguru bildu dira, Lakuako Gobernuko Osasun Sailari beren karguetatik kendu zituen arduradunak eta horren ondoren dimisioa eman zutenak berriro onar ditzala exigitu eta elkarrizketaren bidea aldarrikatzeko, joan zen asteazkenean Medikuen Elkargoan egin zuten bezala.

Azaldu dutenez, hala ere, oraindik ez dute ez Osasun Sailaren ez Osakidetzaren deirik jaso.

 

Adolfo Lopez de Munain neurologo eta medikuen bozeramaileak hedabideei adierazi dienez, ez dute itxaropena galdu, igandean Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak entzunda. Elkarrizketarako deia egin zuen Ajuria Eneko buruak, eta horrek esperantzarako leihoa ireki die.

«Itxaropentsu gaude eta lehendakariaren hitzak, elkarrizetarako deia eginez, berak daukan agintearekin, hizketarako atea ireki dela uste dugu. Oso garrantzitsua da eta espero dugu elkarrizketa gauzatzea», adierazi du elkarretaratzea bukatu ostean.

Zuzendaritzarekin aztertu nahi dituzten gaiak «Osakidetzaren etorkizuna konprometitzen duten egiturazko egoerak desataskatzeko garrantzitsuak dira» Lopez de Munainek esan duenez, eta Donostialdeko ESIaren «berariazkoak» diren bizpahiru puntu kenduta, gainerakoak EAEko osasun sistema publikoarentzat «oso orokorrak» diren auziak direla nabarmendu du.

Zerbitzuburuen bozeramaileak jakinarazi du Bizkaia eta Gipuzkoako beste ospitale batzuetatik informazio eske deitu dietela, eta haiekin hitz egin dutela. «Hainbat lankiderekin ere hitz egin dugu. Harreman kontaktu asko dago guk planteatzen duguna Osakidetza osorako delako, baina behar bada aurreko astean arazoak izan dituzte biltzeko», erantsi du.

Bilera arratsaldean Lehen Arretako medikuekin

Hala, gaur arratsaldean Lehen Arretako beste lankide batzuekin bilera egingo dute, Donstialdeko ESIaren aldarrikapenak «xehetasunez» ezagutzeko. Mahai gainean izango dute 2017an egin zuten 63 puntuko dokumentua, gero 2019an berretsi zutena. Esan duenez, bertan jasotzen diren «puntuetako askok oraindik bete gabe jarraitzen dute».

Lopez de Munainek argi utzi nahi izan du protestak egiten ari diren zerbitzuburuak ez direla «plataforma negoziatzailea» eta ez dutela «inolako grebarik ezta ordainsaririk» planteatzen; egin dutena izan da elkarrizketa eskatzea eta espero dute eskaera horrek «Osakidetzaren zuzendaritzaren estamentu desberdinetan oihartzuna izatea».

Sagarduik, jarrera bera

Gotzone Sagardui sailburuak ez du, ordea, elkarrizetarako urratsik egin astelehen goiz honetan. Izan ere, Legebiltzarreko Osasun Batzordera sartu aurretik kazetariek gai honen inguruan galdetu diote baina ez du adierazpenik egin nahi izan. Osakidetzako zuzendaritzari babesa adierazi zion Sagarduik aurreko astean.

Osasun sailburuak Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aurkeztu du astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean eta bertan bai ziurtatu du agerraldia egingo duela gai horren inguruan «behar diren azalpen guztiak» emateko. Hala ere, adierazi du esaten duena esaten duela, emaitza «berdina edo antzekoa» izango dela, alderdi batzuek «gutxi» entzuten dutelako.

Gipuzkoako ESI honetan gertatutakoaren berri emateko Osasun Batzordean agertzea eskatu duela ere gogorarazi du.