Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

13.000 lagun bilduko dira Nafarroa Arenako Bertsolari Txapelketaren finalean

Nafarroa Arenan 13.000 lagun elkartuko dira igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaz gozatzeko. Zortzi finalistek ilusioz hartzen dute Iruñeko zita berezia astearte honetan egin duten aurkezpenean azaldu dutenez.

Zortzi finalistak, Nafarroa Arenan.
Zortzi finalistak, Nafarroa Arenan. (Iñigo Uriz | FOKU)

13.000 lagun elkartuko dira igandean Nafarroa Arenan Bertsolari Txapelketaren finalaz gozatzeko. Azken saio honetan arituko diren bertsolariak astearte honetan izan dira Iruñean finala aurkezteko. Zortziek nabarmendu dute finala gogoz hartzen dutela etenaldi luzearen ostean.

Aitor Mendiluzek hasiera luzea egin zaiola onartu du, txanda iritsi zitzaionean arduraz hartu zuelarik. Alaia Martinek ere prestaketarekin eta beste bertsolarien lanekin gozatu du, baita kantuan ere. Pozik heltzen da finalera, ilusioz. Amets Arzallusek azaldu duenez, txalpelketa lehiaketa badatorrela esaten dizutenean hasten da. Luze egin zaio itxaronaldia. Finalerdiak mendikate bat zeharkatzearekin konparatu ditu. Bere buruarekin nahiko kritikoa dela esan ondoren, orain arte sufritu eta gozatu egin duela esan du.

Beñat Gaztelumendik txapelketa bertsolaritzaren munduarentzako astindua dela nabarmendu du. Zalantzak zituen etenaldiaren ostean baina gustora aritu da. «Hurbildu naiz nahi nuenera», esan du, finalerako gogotsu dagoela gaineratuz. Joanes Illarregirentzat ibilibidea luzea izan da, bere gazi eta gozoekin. Izerdi tantak ere bota ditu baina finalera ilusioz eta gogoz heldu da.

Maialen Lujanbiok finala Iruñean ospatzea oso esanguratsua dela nabarmendu du. «Oso garrantzitsua da kulturgintzarako, euskagintzarako eta bertsogintzarako», azpimarratu du. Finalean lehen aldiz hiru emakume izateak duen garrantzia ere nabarmendu du. Nerea Ibarzabalentzat ibilibidea ere luzea izan da, Bizkaikoarekin elkartu baitzaio. Tarte honetan asko ikasi duela gaineratu du. Sustrai Colinak azaldu duenez, txapelketak ibilbide pertsonalaren bidetik eraman du. Aiton-amonen etxetik ikusten zuen, Irundik, Baionatik pasa eta egun bizi den Iruñean amaitzeko. Finala Nafarroako hiriburuan izateak esanahi politiko eta emozional asko dituela gaineratu du. «Eztanda emozionala izango da plaza hau igandean», nabarmendu du, pertsonalki eztanda horren parte izan nahi duela gaineratuz.

Egun osoko plana igandean

Goizeko 11.00etan hasiko da finala, baina Nafarroa Arenako ateak bi ordu lehenago irekiko dira. Goizean hamabost bertso puntuagarri kantatuko dituzte eta arratsaldean hamar binaka eta beste hamar buruz burukoan. 20.30erako amaitzea espero dute.

Txapela jartzeko ardura Iñaki Muruaren eskuetan egongo da, omenaldia ere bihurtuko delarik. Honekin batera, bigarrenetik zortzigarrenera arteko sariak Irantzu Idoatek, Sagrario Alemanek, Edurne Azkaratek eta Paulu Zeddak emango dituzte.

Txapeldunak Itziar Alduntzin donostiarrak brodaturiko txapela jasoko du Mikel Lertxundi berriatuarraren eskultura batekin.

Nafarroa Arenara heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Kotxez heltzen direnek NUPeko aparkalekuan zein Galaria merkataritza gunean aparkatu ahalko dute. Arenaren barnean eremu bakoitzak bere sarbidea izango du eta ezin izango da batetik bestera pasa. Informazio gunea A atean jarriko da. Eraso matxistei aurre egiteko prest dira eta haur txokoa ere antolatu dute.

Bazkariari dagokionez, hainbat aukera daude. Alde batetik, NUPeko kirol instalazioetan menua eskainiko da 24 euroren truke. Txartelak hilaren 15era arte erosi ahalko dira. Honekin batera, Sadar estadioan etxetik eramandakoak estalpean jan ahal izango dira. Estadioko taberna eta komunak erabilgarri izango dira eta musika izango da tarte horretan.